Etxebizitza. EAEko legea

Eskubidea izango da guztientzat

Etxea lortzeko aukerarik ez daukatenek erakundeei eskatu ahalko diete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.Ados jarri dira legebiltzarrean EH Bildu, PSE eta UPD

Etxebizitza saila Gasteizen, Salburuan. Lege berriarekin, eskubide subjektibo izango da etxea edukitzea. JUANAN RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eskubide, herritar guztien eskubide izango da etxebizitza edukitzea, eta zigortu egingo dute horri trabak jartzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak etxebizitza legea izango dute, eta hori izango du ardatz: bizilekua izatea eskubide dela, eta lortzeko modurik ez dutenek erakundeei eskatu ahalko dietela. Eusko Legebiltzarrean eratutako lantaldeak babestu egin du PSE-EEren proposamena, EH Bilduren eta UPDren botoekin; aurka dira EAJ eta PP. Ekain bukaeran onartuko du legea osoko bilkurak.

Aurreko legealdietan ere egin dituzte ahaleginak, baina ez dute azken pausoa eman. Urrats irmoa da oraingoa. Aurreko Jaurlaritzak egindako proiektuan oinarrituta, legealdi hasieran aurkeztu zuen proposamena PSE-EEk, eta bi urteko bidean, alor nagusietan ados etorri da EH Bildu —haren proposamen batzuk ere txertatu dituzte: etxebizitza gaiei buruzko erakunde bat sortzea, adibiderako—.

Giltza, ordea, UPDk eduki du. Legearen aurkako jarrera azaldu zuten EAJk eta PPk, eta, hortaz, gehiengoa ezin zuten osatu PSEk eta EH Bilduk. Gorka Maneiroren esku zegoen berdinketa haustea. Ezkerrera eraman du balantza. Ez da akordio erraza izan, hala ere. Parlamentuko jardunean betoa jarria die Maneirok EH Bilduren proposamenei. Hortaz, PSErekin bakarrik adostu ditu zuzenketak, eta EH Bilduk bat egin du haiekin, aurrez agertutako iritziarekin bat.

Hauteskunde kanpaina hastear dela onartu dute proposamena, baina ez da berehalakoa izango tramitazioa. Hauteskundeen ondorenerako geratuko da. Hiru aste barru onartuko dute proiektua batzordean. Ekain bukaerako bilkuran bozkatuko dute azkenik.

ESKUBIDE SUBJEKTIBOA

Bermatzera behartuta

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatutako herritar guztiek eskubidea izango dute etxebizitza edukitzeko. Argi dio proiektuak: «Administrazio auzotartasuna EAEko edozein udalerritan duen pertsona orok eskubidea du etxebizitza duina, egokia eta iristeko modukoa edukitzeko». Beste lege batzuetan ere ageri da etxebizitza eskubidea —Espainiako Konstituzioan, adibidez—, baina ez dute eskubide subjektibotzat jotzen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskubide subjektibotzat joko dute. Hots, legez eskatu ahal izango da. Finean, etxebizitza bat lortzeko baliabiderik ez dutenak babestuko ditu: ezin badute etxerik lortu beren kabuz, administrazioari galdegin ahal izango diote. Etxetik egotzi dituztenek ere bai.

Testuan adierazi dute pertsona bati etxebizitza premia aitortuko diotela etxea lortzerik ez duenean, «horregatik gizarte bazterketa jasateko arriskua badu». Hortaz, baldintza ekonomiko batzuk zehaztu beharko dituzte premia badela ziurtatzeko. Jaurlaritzaren esku geratuko da legea garatzea.

Ikuspegi ekonomikotik erreparatuta, legearen neurri nagusia da eskubide subjektibotzat jotzea. Eusko Jaurlaritzak ohartarazia du ez dagoela nahiko etxe babestu eskari guztiei aurre egiteko; hortaz, uste du etxe berriak egiteaz gain alokairuak ordaintzeko laguntzak handitu beharko dituela.

ETXEBIZITZA HUTSAK

Metro koadroa, hamar euro

Etxebizitzaren arazoa aztertzerakoan, argi ageri da kontraesana: milaka lagun etxea lortu ezinik, eta milaka etxe hutsik. Azken urteetan hartutako neurri batzuk burura eramango dituzte: zigorra jasoko du etxea hutsik daukanak.

Herri batzuetan hasiak dira hutsik dauden etxeei zerga handiagoak jartzen. Udalek bultzatutako neurria izan da, batez ere; Gipuzkoan, adibidez, ondasun higiezinen zerga igo dute —herri batzuetan, baita %150 ere—. Bide hori areagotuko du etxebizitza legeak. Hutsik egoteagatik ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa zehaztu dute: metro koadroko, hamar euro. Urterik urte areagotuko da, gainera: urtero %10 garestituko da ordaintzekoa. Adibide bat: 50 metro koadroko etxe bat hutsik badago, 500 euro ordaindu beharko ditu jabeak hasieran; bigarren urtean, 550 euro; hirugarrenean, 605 euro... Gehienezko bat jarri dute, hala ere: hasierako kopuruaren hirukoitza. Adibide horretan, gehienez ere 1.500 eurokoa litzateke hutsik egoteagatik ordaindu beharrekoa.

Bi urtez jarraian inor bizi ez den etxeak hartuko dituzte etxe huts gisara. Puntu horretan desadostasun batzuk izan dituzte proiektua onartu duten alderdiek; EH Bilduk, adibidez, bi urtean ez, sei hilabetean jarri nahi zuen muga. Ondasun higiezinen zerga garestitu duten Gipuzkoako herriek, adibidez, bigarren etxeak ere zergapetu zituzten —beti hutsik dauden etxeak bezainbeste dira ia—.

KALERATZEAK

Bankuei kentzeko aukera

Ordaindu ezin dutelako etxetik kanporatzear dauden pertsonak babesteko neurriak ere badakartza etxebizitza legeak. Kanporatu nahi dituzten pertsonak «gizarte larrialdian» eta beste bizitoki bat lortu ezinik badaude, administrazioak esku hartu ahal izango du. Maizterrak baieztatu beharko du etxe hori duela ohiko bizilekua, ez daukala besterik —ez mailegua edo alokairua sinatu duenak, ez etxeko beste inork—, eta botako balute ez lukeela izango nora joan.

Desjabetzeak aipatu dituzte. Hustu nahi duten etxebizitzaren jabetza hartu ahal izango du administrazioak, maizterrek han bizitzen segitu ahal izateko. Hiru urterako desjabetzea izango da gehienez. Bankuei eta haien mendeko erakundeei kenduko lizkiekete etxebizitzak aldi baterako; alokairuetan, etxearen jabea pertsona pribatu bat bada, desjabetu ahalko diote etxea hiru urterako —salbuespen bat izango da: etxejabea bera edo haren zuzeneko senideren bat etxe horretara bizitzera joatekoa bada, orduan ez diote kenduko etxearen jabetza—.

Jabeari kendu ostean, administrazioak hartuko luke etxearen ardura. Alokairu gisako bat ordaindu beharko luke maizterrak. Kopuruak zehaztu dituzte: etxean bizi diren guztien diru sarrerak batu, eta gehienez horien %30 adinakoa litzateke pagatu beharrekoa —diru sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak balira, gehienez %15-.

Ikuspegi juridikotik, ikusteko dago atal horren bideragarritasuna. Etxe kaleratzeak eteteko, gisa horretako lege bat egin zuen Nafarroako Gobernuak, eta auzitara jo zuen Madrilek. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du salaketa, eta, beraz, legea etenda dago gaur egun. Etxebizitza legea sustatu duten alderdiek diote legezkoa dela; uste dute behartutako alokairu bat jartzearen gisako neurria dela.

ALOKAIRUA

Politikaren ardatza

Etxebizitza politikaren norabidea aldatzeko asmoa agertu dute legean. Jabetza ez, alokairua izango da ardatz. Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek alokairua lehenetsi beharko dute: etxebizitza politikarako aurrekontuaren %80 bideratu beharko dute alokairura. Hori, legea onartu orduko. Bost urteren buruan, erabat bultzatu beharko dute: aurrekontuaren %100 izango da alokairurako. Bestela esanda, etxebizitza politikarako dirurik ezingo dute erabili jabetzarako etxeak egiteko.

Etxe babestuen egoera aztertuta, bistakoa da azken urteetan goraldia alokairuak izan duela. Krisiak eraginda, gero eta txikiagoa da etxe babestuak jabetzan hartzeko eskaria; alokatzekoa, berriz, handiagoa. Norabide aldaketa horrek arazo batzuk eragin ditu etxe babestuetan. Datu esanguratsua: Hego Euskal Herrian, 1.400 etxe babestu inguru hutsik daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.