Granadako Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea

Alina Danet: «Eskuin muturrak iraultzailearen rolean kokatzen du bere burua»

Eskuin erradikalaren gorakada du aztergai Danetek. EHUren Bizkaiko Campusean egon da egunotan, datu kualitatiboen analisiaren inguruko mintegia ematen.

ARITZ LOIOLA / FOKU
ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko otsailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere bi herriei begira. Horrela piztu zitzaion gazteen parte hartze sozial eta politikoaren inguruko interesa. Gai horri dagokionez, Alina Danet Granadako Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearen arabera (Bukarest, 1981), Errumaniak eta Espainiako hegoaldeak «ez dute zerikusirik». Hemezortzi urte zituela joan zen Bukarestetik Granadara bizitzera, eta Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasi zituen han. Urte luzez osasuna eta osasun administrazioa ikertu ditu, baina gaur egun gazteen polarizazio politikoa eta eskuin muturraren gorakada ditu ikerlerroak. Bizkaiko Campusean egon zen iragan astean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Zientzietako Ikerketa Ereduak eta Arloak masterraren gonbidapena bigarren urtez jaso ondoren. Danetek datu kualitatiboen analisiaren nondik norakoak eskaini dizkie mintegira joan direnei.

Osasunaren inguruko gaiak aztertzen ibili ondoren, eskuin muturraren gorakada ikertzen hasi zinen. Saltoak handia dirudi.  

Beti iruditu zait interesgarria mugimendu sozialen eta parte hartze politikoaren gaia, eta gazteek hor duten rolak kezkatzen ninduen. Alderaketa ere egin dut askotan, Europako herrialdeen eta, bereziki, Errumaniaren eta Espainiako hegoaldearen artean: bi lekuetako gazteen adierazpen sozialak eta politikoak ez du zerikusirik. Gazte baten ama izatearekin ere lotura du, bizitza politikoaren sozializazioa abiatzen ari baita. 

Polarizazio politikoaz hitz egiten duzu zure ikerketetan. Hitz horrek, ordea, bi muturrak maila berean jartzea eragin dezake. Nola definitzen duzu zuk kontzeptua?

Polarizazio hitzak esan nahi du bi posizioen banaketa eta etengabeko urruntzea. Oso binarioak gara orokorrean, eta eskuina eta ezkerra kokatzen ditugu ertzetan. Nire ikerketetan, kritikoa naiz polarizazioaren kontzeptuarekin, alderatu ezin daitezkeen adierazpen politiko eta sozialak maila kontzeptual berean kokatzea eta aniztasuna galtzea eragiten duelako. Baina, aldi berean, ardatz handi horiek laguntzen digute arazoa ulertzen, baita kontrako erantzunak formulatzen ere.

Nola eraikitzen da gaur egun eskuin muturraren diskurtsoa?

Egin dudan azken ikerketa Alvise Perezen Se Acabo la Fiesta alderdiaren hauteskunde kanpainaren analisia izan da. Europako Parlamentuan hiru aulki lortu zituen kanpaina horren bitartez. Nola lortu zuen zehazteko, haren sare sozialetara jo beharrean, prentsa idatziaren irudikapena aztertu dut, kanpainak iraun zuen bitartean eta hauteskundeen ondorengo astean. Aitortu behar dut Alvisek kanpaina ona egin zuela. Eskuin muturreko politikariek argi dute zein den beren mezuaren itua, ez dira ahalegintzen abstraktuak izaten. Gainera, Se Acabo la Fiesta alderdiak elkarretaratzeak antolatu zituen horizontaltasun eta hurbiltasun handiz. Jendearekin aurrez aurre egon zen, eta horrek laguntasun sentsazio faltsu bat sorrarazi zuen. Erreminta antielitista eta populistak ere oso ondo baliatu zituen. Adibidez, politikari nagusien diskurtsotik aldentzea: eskuin erradikalaren eskuinera kokatu zuen bere burua. Jarrera politikoaren arauei kontra egin zien, hedabide tradizionalekin mesfidati agertu zen, eta garaile atera zen diskurtso probokatzaile, negatibo eta gatazkatsu horrekin. 

«Eskuin muturreko alderdiak talde txikien interesen alde mugitzen dira, ez dute estruktura sozial ideal bat planteatzen, ez dute diskurtso ordenaturik, ez logikorik, ezta politikoki sendorik ere: guztiz emozionala da»

Europako eta Amerikako eskuin muturren artean ezberdintasunik sumatzen duzu?

Oso arriskutsu deritzot horrelako alderaketa makrokontinentalak egiteari. Europan bertan, gehien ezagutzen dudan kontinentea izanik, ezin dugu esan eskuin uniforme bat existitzen denik. Eskuinaren barnean ere zatiketa prozesu bat antzematen da. Europako Parlamentuan, aurreko legealdian, eskuineko bi talde parlamentario zeuden, eta orain hiru dira. Bat mantendu da, bat desegin da, eta bi berri daude. Ez dago prozesu uniformerik, ezta autonomia erkidego baten barnean ere.

Hortaz, eskuin muturrak ez du estrategia amankomun argirik?

Eskuin muturreko alderdiak talde txikien interesen alde mugitzen dira, ez dute estruktura sozial ideal bat planteatzen, ez dute diskurtso ordenaturik, ez logikorik, ezta politikoki sendorik ere: guztiz emozionala da. Beldurra, errefusa, ardura eta ezinegona baliatzen dituzte, eta erruduntzat jotzen dituzte beraiek bezalakoak ez diren guztiak. Hala ere, orokorrean iraganarekiko begirada nostalgikoa nabaritzen da. Espainian, Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) iragan urteko maiatzean argitaratu zuen inkestaren arabera, 25 eta 34 urteko gazteen %68k soilik pentsatzen dute demokrazia beste gobernu mota batzuk baino hobea dela, eta %17k onartzen dute gobernu autoritario bat egoera jakin batzuetan. Gazteen artean, beraz, frankismoaren nostalgia hori dago, baina hori diktaduraren inguruko formakuntzaren eta informazioaren gabeziak eragiten du. Gazteen eta frankismoa bizi izan dutenen arteko komunikazio faltaren isla ere bada. Ez bada gaiaren inguruan hitz egiten, hutsune hori eskuineko diskurtsoek betetzen dute.

Eskuin muturraren mezua gizon gazteen artean hedatu da bereziki.

Krisi ekonomikoak eta ezegonkortasunak guztioi eragin digu, baina azken urteotan neskek hazteko eta ikasteko aukera izan dute. Gainera, politizatzen lagundu dieten eredu feministak izan dituzte, burujabetze, askatasun eta independentzia mezuak helarazi dizkietenak. Mutilen kasuan, gaur egungo belaunaldia eredu positiborik gabe hazi da, eta Alvise Perez bezalakoak ari dira leku hori betetzen.

Sexuen arteko arrakala orduan, gero eta zabalagoa da. 

Emakumeak gero eta kontzienteagoak eta aldarrikatzaileagoak dira, eta gizonak, berriz, eskuin muturraren diskurtsoetan eta euren buruaren biktimizazioan ainguratu dira. Mehatxupean daudela sentitzen dute, eta irekiera hori baliatzen du eskuin muturrak. Gero eta gehiago urruntzen ari diren bi aldeen arteko zubia nola eraiki aurkitzea, hori da gakoa.

«Etsaiak zure hizkera hartu eta bere erara erabiltzen duenean, birrindu egiten zaitu, borrokarako erremintak baliogabetzen baitizkizu hala. Eskuinak ondo daki ezkerrarekin nola hitz egin, baina ezkerrak ez daki gauza bera egiten»

Zelan erantzun dio ezkerrak eskuin muturrak indar hartzeari?

Ezkerrak eta mugimendu feministak erantzun egiten dute, erresistentzia argia dago. Baina eskuinak ezkerraren hizkera kolonizatu du. Diskurtso ezkertiarrak etengabe berrinterpretatzen dituzte, eta badakite kontzeptuak antzeman eta nahi duten lekura eramaten. Askatasuna hitzarekin egin dute hori. Etsaiak zure hizkera hartu eta bere erara erabiltzen duenean, birrindu egiten zaitu, borrokarako erremintak baliogabetzen baitizkizu hala. Eskuinak ondo daki ezkerrarekin nola hitz egin, baina ezkerrak ez daki gauza bera egiten. Ezkertiarrak nekatuta sumatzen ditut; elkarrizketan aritzeko indarra galtzen ari dira. Eskuin muturrak iraultzailearen rolean kokatzen du bere burua, baina elkarrizketa demokratikoaren oinarriak suntsitzen ari dira.

Neke horrek zubiak eraikitzea zaildu dezake. Zer egin beharko lukete ezkerreko mugimenduek, hala nola feminismoak, eskuin muturraren jarraitzaileak erakartzeko?

Gustatuko litzaidake galdera honi erantzuteko gakoak izatea. Nire ustez, printzipio demokratikoak defendatu, umeak txikiak direnetik hezkuntzan esku hartu eta diskurtso polarizatzaileekin apurtu behar da. Helburua ez da feminismoak gizonak erakartzea, haien problematikak entzun, aztertu eta borroka guztiona dela ulertaraztea baizik. 2011ko maiatzaren 15eko izpiritua berreskuratu beharko genuke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA