Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Jose Miguel Nuin. Ezkerra koalizioko zerrendaburua

«Eskuinari amore eman dio alderdi sozialistak»

Nuinek garrantzitsutzat jo du Bildu bozetan aurkeztu ahal izatea, eta UPN gobernutik kentzeko aukera egongo dela iritzi dio

LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Legealdi hau Parlamentutik kanpo eman du. Jose Miguel Nuinek (Iruñea, 1968) gogoan hartu du 2007an Nafarroako Ezker Batuak «porrot handia» izan zuela, eta 2007ko azarotik, IU-NEBeko koordinatzaile nagusi izendatu zutenetik, ezkerreko indarrak biltzeko ahaleginean aritu dela. Krisiak behar hori areagotu du, eta oraingo bozetan estrategia «gorpuztu egin da», IU-NEBeko, Batzarreko eta PSNko militante kritiko batzuk osatutako koalizioaren bidez. Nuinen ustez, «berritasuna» dakar Ezkerrak, 30 urtez Nafarroan ezkerreko mugimenduek «zailtasun handiak» izan dituztelako batzeko. «Guk hori gainditu dugu». Eskaintzak hiru ardatz nagusi ditu: zerga erreforma, sektore publikoa babestea eta elkarbizitzako eskaintza.

Inkesta batzuek emaitza onak ematen dizkizuete, legealdi honekin alderatuta. Non dago arrakastaren eta porrotaren arteko muga?

Maiz, inkestek nahasmendu handia eragiten dute, informazioa eman beharrean, politika egiteko erreminta bat direlako. Dena dela, inkestek aditzera ematen dute gure joera goranzkoa dela, eta ekitaldietan zein jendearekiko harremanetan hori sumatzen dugu.

Zer espero duzue hauteskundeetan?

Ardura sentsazio handia dugu. Ezohiko egoera ekonomiko eta sozial bat dugu; trantsizio garaitik izan den krisi sozial handiena da. Krisiaren babespean, botere ekonomikoek eta haien irizpideak barneratzen dituzten gobernuek ongizate estatua dute jopuntuan. Ezkerrak erreakzionatu beharra du. Hauteskunde lehiara bultzatu gaitu, eta uste dugu bidea irekiko dugula.

Maiatzaren 22ari begira, Bildu egotearen eta krisi ekonomikoaren ondorioz, ezusteak emateko baldintzak daudela uste duzu?

2007an, eskuina UPNren inguruan bildu zen; orain, berriz, PP ere aurkeztuko da. Abertzaletasunean ere, NaBai oso eroso zegoen, baina orain borroka egin beharko du konfiantza lortze aldera. Ezkerreko eremuan, gu sartu gara, eta ikusiko dugu zer emaitza ditugun. Mapa politikoa mugikorra da. Baina are garrantzitsuagoa da gertatzen ari dena: 45.000 langabe, bankuak jendea etxeetatik bidaltzen,kreditu falta… Hori lurrikara sozial bat da. Hasieran, sufrimendu horrek etsipena eta beldurra eragin du. Baina uste dugu baldintzak heltzen ari direla eta beldurra zerbait positibo eralda daitekeela. Goiz edo berandu, politikan isla izango du.

Posible ikusten duzu UPN Nafarroako Gobernutik ateraraztea?

Bai, noski. Guk diogu eskuinari ezkerretik irabazi behar zaiola. Eskuinari aurre egingo dioten politika alternatiboak eduki aurrerakoietara bideratu behar dira.

Norekin hitz egiteko prest zaudete?

Ezkerreko programak dituen ororekin. «Programa, programa, programa», zioen Julio Anguitak, baina hori da neurgailua. Ikusiko dugu zer baldintza dauden 22an.

Dena den, PSNk aurreratu du ez duela arazorik ikusten UPNrekin ituna egiteko. Fidatzen zarete sozialistez?

Ezin diogu geure buruari iruzur egin. Ez dut ikusten PSNren baitan jarrera hori. Alderdi sozialistak eskuinaren politikei amore eman die. Eskuinaren proposamena ezkutukoa da, baina igitai batekin eskubide sozialak murriztea du helburu. PSNk, berriz, ezkutatu nahi du ez duela programarik. Eta, eremu abertzalean, Bilduk fronte subiranista eraikitzea du lehentasun eta ez fronte sozial bat.

Bildu hauteskundeetan egoteak zer garrantzi du?

Garrantzitsua da. Gorenaren epaia ikusita, esan genuen espero genuela Konstituzionalak atzera botatzea. Zergatik? Parte hartze politikoa bermatzeko eta Bilduk ere —nabarmendu beharrekoa da— indarkeria baztertu duelako. Gorenaren argudioa kontraesankorra da. Ezin da ETAren estrategia izan Bildu, baldin eta indarkeria baztertzen baduzu. Hori esanda, Bilduk fronte subiranista eraiki nahi du. Zilegi, baina guk ez dugu bat egiten proiektu horrekin. Ez dugu arazorik esertzeko eta politikaz hitz egiteko, era normalizatu batean. Indar bat gehiago dira, eta, estrategian diferentzia handiak izan arren, ez dago arazorik udaletan eta parlamentuan elkarrizketatzeko.

Sanzek 15 urteren ondoren politika utziko du. Zer balantze egiten duzu?

Askorako eman dute. Nafarroako eskuinaren zerbitzari fidela izan da. Politika sozialak, ekonomikoak eta kulturalak norabide bakar batean jarri ditu, bere proiektuaren hegemonia ziurtatzeko.

Zerga politikari dagokionez, zer erreforma ezarriko zenukete?

Ondasunaren gaineko zerga berriz ezartzea proposatzen dugu. Sinestezina da krisiak eztanda egin zuen urtean, 2008an, zerga hori kentzea. UPNk bat egin zuen Zapateroren ekimen horrekin. Urtero 70 milioi euro biltzen ziren. Nafarren %3k baino ez zuen ordaintzen, eta zer ondo etorriko liratekeen orain langabeziari aurre egiteko! Gainera, gehien irabazten dutenei zergak igotzea proposatzen dugu. Garai batean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan %56ko tasa ezartzen zitzaien errenta handiei eta egun %42-%43an dago. Enpresen etekin handiei ere zergak ezarri behar zaizkie, iruzurraren aurka borroka egin behar da. Neurriokin gutxienez urtean 300 milioi euro gehiago bil daitezke.

Zerga iruzurra aipatu duzu. Zer neurri ezarri nahi dituzue?

Zerga ikuskatzaileen kopurua bikoiztea proposatzen dugu, enpresetara eta profesionalengana joan daitezen, ez ura leporaino duten autonomoengana. Borondate kontua da. Inork ez du sinesten, errentaren gaineko zergan, profesionalek urtero langileek baino diru gutxiago irabazten dutela.

Hemen ere etxe stock handia dago, eta, hala ere, etxe berri gehiago egiteko proiektuak abian daude. Zer proposatzen duzue?

Espainiako Estatuan eta hemen gertatu denak erakusten du argi non dagoen krisiaren jatorria eta zeintzuk diren errudunak. Burbuilaz ez da hitz egin nahi; lau orokorkeria esan eta kito. Euroan sartzean, kredituaren zabaltze izugarrizkoa izan zen, eta kreditu hori burbuila puzteko baliatu zen. Gobernuek ez zuten geldiarazi, nahiz eta erremintak izan kreditua ekonomia errealera zuzentzeko. Eztabaida ideologikoa dago, eta kapitalismo liberala dago krisiaren sorburuan. Ez dute langileek edo sektore publikoak sortu krisia, politika neoliberalak baizik.

Sektore publikoaren gainbehera salatu duzue. UPNk legealdi honetan, gainera, medikuarenera joateagatik ordaindu behar izatea eztabaidan jarri nahi du. Zer deritzozu?

Atzo Sarrigurenen egon ginen. Osasun etxea inauguratuta egon arren, ez dago medikurik. Sarrigurenen 10.000 herritarretik gora bizi dira, eta ez dute osasun etxerik. Mendillorriko osasun etxea gainezka dago, ondorioz. Adibide bat da. Gauza bera gertatzen da hezkuntzan.Eskuinak arlo pribatuaren nagusitasunaren alde egiten du, eta medikuarenera joateagatik ordaindu behar izatea berehala etorriko da. Eskubideak murrizten ari dira, atzeraka doaz. Defizit publikoari ematen diote garrantzia, baina hori euren politiken ondorioz sortutako krisiaren ondorio da, eta ezin ahaztu ezarri dituzten zerga jaitsierak ere. Defizit publikoari bestelako zerga erreforma batekin eta austeritatearekin aurre egin behar zaio. Hori da benetako aldaketa.

Euskarari dagokionez, zer proposatzen duzue?

Proposatzen dugu Nafarroako sendi guztiek aukeratu ahal izatea seme-alabek zer eredutanikasiko duten. Legealdi honetan pauso txiki bat eman dugu eremu mistoa Iruñerri hegoaldeko herri batzuetara hedatuta, arazo askoren ondoren. Ezin dugu ahaztu gobernu haustura eragin zuela auzi horrek. Euskara nafar guztion hizkuntza da, eta aurrerapausoak babestu egin behar dira, askatasunean oinarrituta, alde positibo batetik etaeuskal hiztunen eskubideei erreparatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.