Unibertsitateen Kontseiluak bilera egin du gaur arratsaldean, Madrilen. Espainiako Gobernuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministro Diana Morantek unibertsitateetako ordezkariei aurkeztu die unibertsitateak sortzeko irizpideak zorrozte aldera ondu nahi duten dekretuaren harira landu duten txostena. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean bileran parte hartu du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gogora ekarri du helburuaren alde daudela: unibertsitate berriak sortzeko irizpideak zorrozteko «premia» dagoela iruditzen zaie haiei ere. Azaldu du, esaterako, «ikerketak» unibertsitate proiektuen ezinbesteko ezaugarria izan behar duela beti. Hori da, beste hainbaten artean, dekretuaren bidez Madrilek ezarri nahi dituen irizpideetako bat. Bengoetxeak aurrez egin izan duen moduan gogoratu du, hala ere, «egokiak» direla «eskumen talka» argudiatuta Eusko Jaurlaritzak dekretuaren aurka aurkeztu dituen helegiteak.
Lehengo astean ere ohartarazpena egin zuen EHUko errektoreak: dekretuak «eskumen inbasio nabarmena» ekar dezake. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek esana du araudi berriak «urratu» egin dezakeela unibertsitateko erregimen juridikoa, eta autonomia erkidegoek «berezko dituzten» eskuduntzetan ere sartzen dela. EH Bildu ere erreformaren kontra dago: «euskal autogobernuarekiko errespetua» eskatu du unibertsitate eremuan ere. Koalizioa ere ados dago «unibertsitate pribatu berrien kalitatea bermatzeko eta kontrolik gabeko sorrera mugatzeko beharrarekin», baina uste du badirela beharrezko tresna arau emaile eta politikoak hor urratsak egiteko.
PSE-EEk, berriz, propio egin zuen lehengo astean aldaketaren alde, eta alderdiko idazkari nagusi Eneko Anduezak kontu hartu zien jeltzaleei «beren kasa» jokatzeagatik gai honetan. «Kontseilariaren iritzia da, bere giroari eta ordezkatzen duen alderdiari mugatua. Ez da gobernu osoarena, guk ez dugu-eta bat egiten».
Ikerkuntza ezinbestean egin behar dela zehazteaz aparte, dekretuak beste hainbat irizpide ere jarri nahi ditu indarrean: unibertsitateek gutxienean 4.500 ikasle izatea eta irakasleen %60 doktoreak izatea. Aditzera eman dutenez, tituluak «errazegi» ematen dituzten unibertsitate pribatuak dituzte jomugan Espainiako Gobernuko agintariek. Madrilgo komunitatean, bereziki, nabarmen ugaritu dira azken urteetan entitate pribatuak, unibertsitate ikasketen osteko master ikasketak eskaintzeko.
Pribatuen alde
Euskal Herriko unibertsitateen sarea «aberatsa eta askotarikoa» dela nabarmendu izan du Perez Iglesiasek. Adierazi duenez, hori horrela da unibertsitate bakoitzak «soslai» berezkoa duelako eta horrek modua ematen duelako askotariko eskaintza akademikoa emateko. Bide batez, konfiantza erabatekoa erakutsi nahi izan du Euskal Herriko unibertsitate pribatuek duten jardun onean: «Ez daukat ez errezelorik ez mesfidantzarik gure unibertsitate pribatuen kalitateari buruz».
Pribatuetan berriena Euneiz da, eta horrek oraindik ezarritako irizpide guztiak ez dituela betetzen onartu du sailburuak. Azaldu du, ordea, astia eman behar zaiola bere bidea egiteko.