Frantziako Senaturako bozak

Espagnac, Brisson eta St Pe izanen dira Frantziako Senatuan

Atzo iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin zuten hautetsiek.

Espagnac eta Brisson (ezkerrean), artxiboko argazki batean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko irailaren 25a
09:31
Entzun

Ez da aldaketarik izanen. Senatari eserlekua atxiki dute Frederique Espagnac sozialistak, Max Brisson errepublikanoak eta Denise St Pe Modemekoak. Atzo iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Pauen (Okzitania), eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduan bozka zezaketen hautetsiek jarraitutasunaren aldeko apustua egin zuten. Duela sei urte bezala, Espagnacek bildu zuen babes gehien, 608 botorekin; ondoren iritsi zen Brisson, 553 botorekin; eta St Pek hirugarren lekua hartu zuen, 363 botorekin.

348 senatari daude Frantziako Senatuan, eta hiru urtean behin ganberaren erdia aldatzen da; sei urteko agintaldia izaten du senatari bakoitzak. Hauteskunde bereziak dira, ez baitute herritarrek bozkatzen. Hautesbarrutiari lotuak diren erakundeetako hautetsiak dira hautesleak, hau da, diputatu eta senatariak, eskualdeko eta departamenduko kontseiluetako hautetsiak eta herriko etxeetan ordezkari gisa izendatutako hautetsiak —herriaren tamainaren arabera aldatzen da Senatuan bozkatzeko aukera duten ordezkarien kopurua—; horiek guziak hautesle handi izendatuak dira. Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautesbarrutian 1.879 hautesle handi dira.

2017ko boto kopuru berarekin gailendu zen senatari sozialista atzo arratsaldean, eta hirugarren mandatua abiatuko du. Hainbat gaitan izan duen oposizioarekin esplikatu zuen bere garaipena France Bleu Pays Basque irratian, hala nola Frantziako Gobernuaren erretreta erreforma edo «tokiko erakundeei» buruzko bozkak: «Ezin dugu erran herriko etxe indartsuak nahi ditugula, eta horientzako laguntzak murriztu. Aldi oro kontra agertu naiz», esplikatu zuen.

Lurralde antolaketari heltzea izanen da lehentasuna, baina baita Euskal Herriko eta Biarnoko aldiriko trenei ere —aspaldiko eskaera da Ipar Euskal Herrian Donostia eta Baiona lotuko lituzkeen tren zerbitzu bat ezartzea—. Ingurumen gaiak, laborantza, garapen ekonomikoa eta etxebizitza gaiak ere azpimarratu zituen. Euskararen aldeko hizkuntza politika ez zuen aipatu.

Errepublikanoetako hautagaiak duela sei urte baino berrehun boto gehiago eskuratu zituen. «Hautetsien aurrean mesfidatia den estatu baten jarrera hautetsontzietan nabaritu daiteke. Frantsesen botoa kontuan hartzeari uko eginez, [Frantziako] Errepublikako presidentea bere burua bakartzeko prozesuan dago; hautetsien erreakzioan ikus daiteke hori. Ez dut krisirik nahi, ez dut hauteskundeetara itzul gaitezen nahi; herrialdea gobernatu behar da». Frantziako Senatuan Errepublikanoek duten gehiengoa kontuan hartzeko eskatu zuen.

Hirugarren eserlekua kolokan

Hirugarren senatariaren eserlekua izan zen atzo suspensea eragin zuen elementu bakarrenetakoa. Duela sei urte baino 46 boto gutxiago eskuratu zituen St Pek, eta ez zituen bereganatu 2017an zentro eskuineko beste zerrendak eskuratu zituen 119 botoak. Espagnacen zerrenda bigarren eserleku bat eramatekotan egon zen, baina, azkenean, 30 botoren aldeagatik Modemekoarentzat izan zen.

Bederatzi zerrenda aurkeztu dira aurten Pirinio Atlantikoetako hautesbarrutian. Honela gelditu ziren gainerako hautagaitzak: Julien Brunel (EELV) 98 boto, Anne Saouter (PCF) 47 boto, Marc Gairin (Reconquete) 42 boto, François Verriere (RN) 38 boto, Michel Lamarque (etiketarik gabe, zentro eskuina) 28 boto, Sandra Pereira (LFI) 21 boto.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.