Espainiako Gobernuak aste honetan jakinarazi du ez duela berriro euskara, katalana eta galegoa Europako Batasunean ofizial izateko eskakizuna egingo adostasuna bermatu arte. Bada, gaur, Espainiak eta Alemaniak iragarri dute elkarrizketak abiatuko dituztela eskabide horri erantzun bat emateko. «Estatu kide guztientzat onargarria» izango den erantzun bat bilatu nahi dute bi herrialdeek.
Espainiako Gobernuak hainbatetan eraman du eskabidea Europako Batasuneko Kontseiluko auzi orokorrei buruzko bilkurara, baina ezezkoa jaso du guztietan. Kontseiluaren parte diren 27 kideek onartu behar dute eskabidea. Zenbait estatuk aitortzaren aurkako argudioak eman izan dituzte, euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna emateak mugarri bat ezarriko lukeela esanez, eta adieraziz eredu izango litzatekeela beste hizkuntza minorizatu batzuentzat.
Europako Batasuneko idazkari Fernando Sampedrok asteartean jakinarazi zuenez, estatu guztien oniritzia lortu arte gaia berriro bilkuretara eramango ez duten arren, ofizialtasuna lortzeko ahaleginetan jarraituko dute. Gaur, Alemaniak eta Espainiak ateratako oharrean, azaldu dute elkarrizketak abiaraziko dituztela, Espainiak «eztabaidarako eta erabaki bat hartzeko testu bat» aurkez dezan auzi orokorrei buruzko bilkura batean. Jakinarazi dutenez, asmoa da bi herrialdeetako Atzerri ministroen arteko elkarrizketak «ahal bezain laster» hastea.
2023ko abuztuan erregistratu zuen Espainiako Gobernuak euskara, galegoa eta katalana EBren hizkuntza erregimenean sartzeko eskabidea. Baldintza hori ipini zion Junts Per Catalunya taldeak Espainiako Gobernuari negoziazioetan. Espainiako Gobernuaren arabera, «etengabe» erakutsi dute «euskara, katalana eta galegoa ofizial izan daitezen aurrera egiteko ahalegina». Hortaz, «garrantzitsutzat» jo du gaur egindako urratsa.