Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak baztertu egin du euren armadak Loiolako auzoan daukan kuartela uztea edo beste norabaitera eramatea, "defentsa nazionalarentzat lehentasunezko interesa duelako" guneak. Hala jakinarazi du gaur Pedro Arguelles Defentsako estatu idazkariak Madrilen, Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta PSOEren diputatuak Kongresuan galdera egindakoan.
Kuartela lekuz aldatzearen alde mintzatu da Elorza, hango orubean etxeak eraikitzeko. Donostiako Udalak proposamen hori egina du, babes ofizialeko eta tasatutako mila etxe pasa eraikitzeko, eta EAJk ere gauza bera eskatu zuen joan den martxoan Kongresuan.
Defentsa Ministerioak dio beste eremuek ez dituztela Espainiako armada edo NATOko militarrak hartzeko segurtasun baldintza onak.
Espainiak 1926an ireki zuen Loiolako kuartela, 170.000 metro kuadroko eremua.