Espainiak hizkuntza gutxituei ematen dien tratua hizpide hartuta, «inboluzioa» izan dela salatu dute gaur Genevan (Suitza). Euskararen, galizieraren eta katalanaren alde ari diren eragileek egin dute salaketa. NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak bihar ebaluazioa egingo du aztertzeko zer-nola dagoen Espainia giza eskubideen arloan; lau urtean behin egin ohi da azterketa hori, eta, izango duen garrantziaz jabetuta, hizkuntza gutxituen aldekoek beren-beregi ekarri nahi izan dute lehen lerrora hizkuntza eskubideen gaia. Txosten bat ondu dute horretarako. «Eskubide urraketak» salatu dituzte, eta horiek gainditzeko proposamenak egin ere bai. Agerraldia egin duten eragileen artean dago Euskalgintzaren Kontseilua.
Kontseiluaren izenean, erakunde horretako koordinatzaile Manex Mantxola joan da. Galiziera Normalizatzeko Mahaiko, Katalanaren Aldeko Plataformako eta ELEN Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sareko kideekin batera egon da. Bat etorri dira. Espainia atzera ari da hizkuntza eskubideen arloan. «Globalizazioak» eta gisa horretako aldagaiek ere hizkuntza gutxituen garapena trabatzen duten arren, argi dute hori ez dela arazo bakarra. Hizkuntza politiketan izan diren «atzerako urratsak» ere oztopo dira bidean.
«Hizkuntza bakoitzaren normalizazio bidean hainbat atzerapauso eta oztopo esanguratsu zerrendatu dituzte eragileek», azaldu du Kontseiluak agerraldiaren harira zabaldu duen oharrean. Galizierari erreparatuz, gogoratu dute, besteak beste, Galiziako hizkuntza nagusi izateari utzi diola; gainera, ohartarazi dute zer ondorio izan ditzakeen hango telebista publikoan gaztelaniazko saioak txertatzen hasteko asmoak —orain arte, galiziera hutsean jardun dira—. Valentziaren kasuan, PP eta Vox alderdiek hezkuntza sisteman katalanari leku txikiagoa emateko asmoz onartutako legea, Rovira legea deiturikoa, deitoratu dute. Euskal Herrira eta bereziki Nafarroara begira, gogoratu dute euskararen «zonifikazioa» gainditu egin behar dela.
Bi eskari nagusi ozendu nahi izan ditu Kontseiluak: ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea, eta, Galiziako eta Kataluniako ereduen ildotik, Euskal Herrian ere langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak jakin behar izatea. Eta Galiziera Normalizatzeko Mahaiarekin eta Katalanaren Aldeko Plataformarekin bat etorri da eskabide batean: ezinbestekotzat daukate Espainiako Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua lehenbailehen aldatzea. Horren bitartez, egungo gabezia handienetako bati erantzun nahi diote, gaur egun ezinezkoa baita epaiketak-eta gaztelaniaz besteko hizkuntzetan egitea. «Funtsean, legeak eragotzi egiten du epaiketak eta jardunbide juridikoak gaztelaniaz bestelako hizkuntzetan egitea», gogora ekarri dutenez.
Oldarraldiaz
Euskalgintzaren Kontseiluak iragarria zuen hizpide hartuko zituztela administrazio publikoan euskara sustatzeko erabakien kontrako urteotako epaiak ere, eta halaxe egin dute. «Oldarraldi judizialaren» gaineko kezka bizia du erakundeak, eta gaur Nazio Batuen Erakundera eraman nahi izan du. Bi tankeratako epaiak egon direla salatu du. Langile publikoek euskaraz ere jakin behar dutela ezartzen duten hizkuntza irizpideen kontrakoak izan dira hainbat sententzia, eta beste hainbat Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tokiko erakundeetan euskara lehenesteko modua ematen duen 2/2016 udal legea eta hura aplikatzen duen 179/2019 dekretuaren aurkakoak.