Espainiak lurreko mugak itxiko ditu gauerdian

Itxi egingo dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga. Soilik Espainiako herritartasuna dutenek eta lanerako igaro behar dutenek izango dute pasatzeko baimena.

Grande-Marlaskak bideokonferentzia batean parte hartu du gaur goizean. ESPAINIAKO BARNE MINISTERIOA / EFE
2020ko martxoaren 16a
17:17
Entzun

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak presazko agerraldia egin du arratsaldean. Gobernuak iragarria zuen koronabirusaren hedatzeari aurre egiteko neurriak zorroztuko zituela, eta hala izan da: Espainiako lurreko mugetan kontrolak ezarriko dituzte gauerditik aurrera, Espainiako Gobernuak dekretatutako alerta egoerak iraun artean. Jose Luis Abalos Espainiako Garraio eta Mugikortasun ministroak segurutzat jo du alarma egoerak hamabost egun baino gehiago iraungo duela. RNE irrati katean egindako elkarrizketa batean esan du «agerikoa» dela herrialdeak ez duela «bataila irabazteko ahalmenik» denbora tarte horretan.

Espainiako Estatuaren menpeko lurretara igarotzen utziko diete soilik Espainiako herritartasuna dutenei, Espainiako Estatuaren menpeko lurraldean bizi direnei, lanerako muga igaro behar dutenei eta ezinbesteko arrazoiak ziurtatzen dituztenei.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Antonio Costa Portugalgo lehen ministroarekin hitz egin du neurria iragarri aurretik. Macronek prentsaurreko bat emango du 20:00etan, eta litekeena da antzeko neurrien berri ematea.

Grande-Marlaskaren prentsaurrekoaren aurretik, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak proposatu du Europako Batasuneko herrialdeetarako sarbidea ixtea hogeita hamar egunez. Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek bihar egingo dute bilera, eta orduan erabakiko dute Von der Leyenen proposamenarekin aurrera jarraitu ala ez.

Barne ministroak nabarmendu du neurriek ez dutela eraginik izango merkantzia garraioan, ekonomia jarduerari eusteko eta horniketa mantentzeko, eta azaldu du Espainiako Estatuaren menpeko instituzioetan akreditatutako diplomatikoek ere ez dutela arazorik izango.

Grande-Marlaskaren esanetan, Espainiako Gobernuak hartu duen erabakiak Schengengo Ituneko mugen kodeko 28. artikulua aktibatuko du. Hala, gobernuak kontrolak ezartzeko eta mugikortasuna murrizteko baimena izango du alarma egoerak iraun artean. Ikertzen ari dira militarrak mugara bidali behar ote dituzten.

Europako Batasuneko herrialde guztiak «elkarrekin» ari dira lanean osasun publikoko krisiaren aurka, eta «kutsatuen kurba makurraraztea» da haien helburua, Grande-Marlaskaren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.