Espainiako Armada Mendabian, Espainiaren aldeko oihuak eginez

2020ko martxoaren 22a
14:00
Entzun

Nafarroan ibili da gaur Espainiako Armada. Mendabian, zaharren egoitza garbitzera joan dira soldaduak, baina halako misio bat egitera baino gehiago, gerrara joan balira bezala ibili dira. Hala ikus daiteke sare sozialetan zabaldu den bideo batean. Hogei bat soldadu ageri dira Mendabiako kale batean, formatuta, eta, buruak «Gora Espainia!» esaten duen aldi bakoitzeko, soldaduek «hil arte zerbitzatu!» erantzuten diote behin baino gehiagotan. «Gora Espainia!» oihukatuz bukatu dute.

Mendabian bakarrik ez, Tafallan ere ikusi dituzte militarrak gaur. Tuteran ere bai; tanke bat paseatu dute kaleetan. Aste honetan atera da Espainiako Armada kalera, koronabirusak eragindako krisia dela eta. Iruñeko gobernuko ordezkaritzaren egoitza garbitzen ere ibili dira egunotan, eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak esan du militarrek beren gain hartuko dutela Loiuko aireportua (Bizkaia) desinfektatzeko lana, aireportuak berak hala eskatuta. Hain justu, gaur Loiuko aireportura (Bizkaia) joan dira helikoptero militar batzuk.

Patricia Perales Hurtado EH Bilduko legebiltzarkideak sare sozialetan salatu du Espainiako armadaren hedatzea Nafarroan, eta eskatu du inbertsioa osasun arloan eta babes neurrietan egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.