Espainiako armadak erakusmahaia jarri du Lanbidek antolaturiko lan azokan

Merkalan feria antolatu dute BECen, eta Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren izenean aurkeztu dira soldaduak.

Espainiako armadaren erakusmahaia Lanbideren lan azokan, BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Espainiako armadaren erakusmahaia Lanbideren lan azokan, BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko azaroaren 18a
17:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost soldadu, eskuorriak banatzen eta galdezka gerturatzen ziren gazteei Espainiako armadari buruzko informazioa ematen. Hala gertatu da gaur Lanbidek antolaturiko Merkalan enplegu eta prestakuntza merkatuan, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). Euskal Herrian ohikoak ez diren arren, beste herrialde batzuetan ez da arraroa soldaduak kalean ikustea lanbidearen inguruko propaganda egiten. Frantziako Armadak, adibidez, soldaduak errekrutatzeko bulego bat dauka Baionan.

Aurten, Espainiako Armadak aurreneko aldiz hartu du parte Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak antolaturiko IX. azokan. Antolakuntzaren zerrenda ofizialean, dena den, Espainiako Gobernuaren Bizkaiko ordezkaritza gisa ageri zen, armadari edo Guardia Zibilari inolako erreferentzia zuzenik egin gabe. Ertzaintza, esaterako, ez zegoen bertan.

Eskuorriak
Soldaduek BECen banatu dituzten eskuorriak. BERRIA

Esku orri ugari jarri dituzte mahaian. Gaztelania hutsean zeuden idatzita, eta Guardia Zibilean eta armadako hainbat adarretan izena emateko xehetasun guztiak biltzen zituzten, hala «nazionalentzat» nola «atzerritarrentzat». Informazioaren parte handi bat soldadu sartu ahal izateko proba fisikoen ingurukoa zen. Gazte batzuk informazio eske hurbildu dira, gizonezkoak gehienak, baina emakume gutxi batzuk ere bai.

Merkalan Hego Euskal Herriko enplegu azoka handiena da. 7.000 gaztek eman zuten izena bertatik pasatzeko, eta hainbat enpresa eta erakunderen 165 erakusleku zeuden aurtengo ekitaldian. Informazio mahaien erdiak zerbitzuen sektoreko enpresenak dira, eta %37 teknologia eta industriaren arloko enpresenak.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA