Espainiako Auzitegi Gorenak bidea ireki dio Donostiako Udalari Loiolako kuartela eraisteko

2022an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen Voxek jarritako helegite bat, eta agindu zuen kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzeko. Gorenak bertan behera utzi du epai hori.

Loiola auzoko kuartela, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Loiola auzoko kuartela, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko uztailaren 21a
15:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Udalak Loiolako kuartela eraisten ahalko du, eta eremu horretan 1.500 etxebizitza baino gehiago eraiki; horretarako bidea eman dio Espainiako Auzitegi Gorenak. 2022ko uztailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen Voxek jarritako helegite bat, eta agindu zuen Espainiako Armadak Donostiako Loiola auzoan daukan kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzeko. Horrek galarazi eginen luke kuarteleko eraikinak eraitsi eta udalaren proiektua aurrera eramatea. Hortaz, udalak eta fiskaltzak kasazio errekurtsoak jarri zituzten, eta Gorenak onartu egin ditu.

Auzitegi Gorenaren erranetan, bertan behera utzi duten sententziak «esku hartzen» du tokiko erakundeek hirigintza arloan dituzten eskumenetan. Donostiako Udalak 2021eko martxoaren 25ean erabaki zuen plan berezia moldatzea, eta hor ez ziren kuarteleko eraikinak jaso. Voxek auzitara eraman zuen erabaki hori, eta EAEko auzitegiak ebatzi zuen kuartelak bete egiten dituela «babestua izateko planak jartzen dituen baldintzak, baina ez helegitean jaso bezala». Izan ere, Voxek eskatu zuen kuartelari babes gorena emateko. Magistratuek argudiatu zuten Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren txostenak hartu zituztela oinarri, eta horiek idatzi zituzten teknikariek kuartelak babestearen alde egin zutela. Gorenak, baina, kontrakoa adierazi du.

Udalak maiatzean erran zuenez, kuarteleko eremuan eraikiko diren etxebizitza guztiak «babes ofizialekoak edo tasatuak» izanen dira, eta ez da salmenta libreko etxebizitzarik izanen. 1.500-1.700 etxebizitza egiteko asmoa du. Oraindik ez du zehaztu zenbat izanen diren babes ofizialekoak eta zenbat tasatuak.

Mugatze lerroa

Ez da proiektu horri lotuta udalak izan duen gorabehera bakarra. Izan ere, erakunde horrek eta Espainiako Gobernuak 2023an sinatu zuten Loiolako kuartela erosteko akordioa: 17,5 hektarea inguruko eremua da, eta 73,3 milioi euroren truke eskuratuko du udalak. Akordioa egin eta gero, baina, behin-behinean eten zuten proiektua, udalaren egitasmoak Kosta Zuzendaritzaren baimen bat behar baitzuen.

Akordio hori egin eta gero, bertan behera gelditu ziren ordura arte indarrean zeuden baimen bereziak, eta, ondorioz, proiektuaren eta Urumea ibaiaren artean egon beharreko mugatze lerroa aldatu egin zen: hogei metrotik 100 metrora. Zehazki, Gipuzkoako Kostaldearen Lurralde Zerbitzuak prozesu automatiko bat abiatu zuen moldaketa hori egiteko. Horrek, baina, ez zion Donostiako Udalari mesederik egin, esku artean zuten proiektuan aldaketak egin behar zituztelako. Hortaz, udalak alegazioak aurkeztu zituen Kosta Zuzendaritzan; Uraren Euskal Agentziak eta Espainiako Defentsa Ministerioak ere alegazioak aurkeztu zituzten, eta udalak babesa eskertu zien. Argudio horiek onartu egin zituzten otsailean, eta, beraz, proiektuak aurrera jarraitzen ahalko du hogei metroko mugatze lerroarekin.

Behin Kosta Zuzendaritzaren oniritzia jasota, Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak ituna sinatzea da hurrengo pausoa. Etzi elkartzekoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.