Euskara

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin du udalek euskara hutsean jardun ahal izatea

Ebatzi du EAEko udal legeak hizkuntzaren gainean emandako hainbat irizpidek «bidegabeki» urratzen dutela «oreka linguistikoa»; idatzizko agiriei buruzkoa da

EHEren protesta bat Iruñean, maiatzean. IDOIA ZABALETA / FOKU
arantxa iraola
2023ko uztailaren 06a
14:50
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien modua; uste du «era bidegabean» urratzen duela horrek «oreka linguistikoa». Kritikatu egin du euskararen «aldeko» hautua, hizkuntza eskubideen kontrakoa dela argudiatuta. Sententziaren arabera, zera da onartu ezin dena: gaztelania erabili ahal izateko argudiatu behar izatea norbaitek ez dakiela euskaraz. Hori da Konstituzioa urratzen duena eta, beraz, kontrako epaiaren arrazoibide nagusia.
Bi hizkuntzen arteko desorekaren abiaburua da, Auzitegi Konstituzionalaren arabera, gaztelania erabiltzeko «baldintzak» ezartzea; uste du horrek ez duela uzten hizkuntza «libre hautatzen». Epaian esan dute ez daudela «hizkuntza koofizialak» sustatzeko neurrien kontra, Konstituzioak berak tankera horretako neurriak hobesten dituela jarri dute, baina botere publikoek ezin dute «lehenetsi» hizkuntza «koofizial» bat. Eta udal legearen akatsa hori dela adierazi dute: leheneste hori. Izan ere, era ematen du udalaren barruko funtzionamendurako deialdiak, gai ordenak, mozioak eta antzeko beste hainbat testu soilik euskaraz egiteko, baldin eta denek euskara badakite. Eta, sententziaren arabera, «era bereizi gabean» izan behar da hizkuntza bat edo bestea hautatzeko modua, inolako argibiderik eman gabe. Zentzu horretan, udal legeak euskara ez den beste hizkuntza bat erabiltzeko ezartzen dituen «formalismoak» arbuiagarriak direla esan du. Ez dute aho batez onartu sententzia; kontrako bi boto izan ditu.
Iñigo Urrutia legelaria da, aditua hizkuntza eskubideekin lotutako gaietan, eta epaiaren irakurketa kritikoa egin du. Albistearen gaineko erreakzioetan «marra gorriaren» metafora erabili dute hainbat eragilek, eta irudi hori guztiz egokia dela argudiatu du. Areago Auzitegi Konstituzionalak «40 urte atzera» egin duela esan du. Epaia justu da legearen 6.2 artikuluaren kontrakoa; udalen barne funtzionamenduan agiri hainbat euskara hutsez egiteko bidea ematen du. Hori legezkoa dela adierazi du, eta kontra egite aldera, «interpretazio oker batean oinarrituta», artikulu horretan egiten den zehaztapen bati erreparatu diola Auzitegi Konstituzionalak: hain justu, legean esaten da euskara hutsezko erabilera egin daitekeela zinegotzi denek hizkuntza ulertzen badute; hori hartu du oinarri ebazpenak.
Argudio «ahulak»
Urrutiak esan du «ahula» dela berez sententzia argudio juridikoetan, baina ez ondorioetan, eta euskararen «ofizialtasuna» bera auzitan jartzeko bidea ireki duela: «Euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du». Eta nabarmendu du udal legea gaizki ulertuta egin duela hori, esaten duena desitxuratuta: izan ere, lege horrekin «hizkuntza hautua» ez dela «auzitan» jartzen zehaztu du. «Gaztelania erabiltzeko eskubidea ez du mugatu udal legeak; Auzitegi Konstituzionalak gaizki interpretatu du». Eta sententziak izan ditzakeen ondorioen larriaz ohartarazi nahi du: «Interpretazio horren arabera, udalek ez dute inolako lehentasunik ematerik euskarari». Lehengora dator, horrek dakarren larritasunera: hamarralditako atzerapena ikusten du.
Udal legeak adostasun zabala lortu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta udalerrietan hizkuntza eskubideak garatzeko ateak ireki zituen. Besteak beste, udalei aitortu zien hizkuntza politikarako eskumena, kontratuetan hizkuntza irizpideak sartzeko aukera, erabat euskaraz egindako dokumentuak balekotzat jotzeko eskubidea, eta hirigintza planek euskararentzat duten eragina aztertu beharra ere ezarri zuen.Goretsi egin du Urrutiak legearen atzean egon zen «adostasun politiko zabala» eta horren kontra orain epaien bidez ezin dela egin adierazi du. «Atera kontuak, Euskararen Legea bera baino adostasun zabalagoa izan zuen legeak».
EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, Voxek aurkezturiko helegite bati erantzunez, zalantzak agertu zituen udal legearen 6.2 artikuluaz; hori izan zen sententziaren ernamuina. Auzibidearen harira, Eusko Jaurlaritzak argudiatu izan du udal legea, eta zehazki euskararen erabilera arautzen duen artikulua, ez dela Espainiako Konstituzioaren kontrakoa, ez duelako euskara «gaztelaniaren gainetik» jartzen. Bat dator Urrutia.
Auzitegi Konstituzionala Espainiako ordenamendu juridikoaren pieza funtsezkoa da, gorena, eta sententziak honen bitartez epaileek berriz ere «hizkuntza politika» egin nahi izana oso larria dela gogoratu du: «Benetan larria da. Auzitegi Konstituzionala hasi da hizkuntza politika egiten; ezin du hori egin».
Soka luzea da
Baina ez da deus berria. Euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldeko neurrien kontra ebatzitako beste askoren segidan dator epai hau: soka luzea da, eta korapiloz beteta dago. Horiek horrela, «oldarraldi judizialaz» ari dira euskalgintzaren inguruko eragile ugari, eta halakoei aurre egiteko neurriak eskatzen ari dira: egiturazko aldaketak. Arlo publikoan ari diren langileen hizkuntza irizpideen kontrakoak izan dira epai horietako batzuk, eta egon dira administrazio publikoarekin diharduten enpresei ezarritako hizkuntza irizpideen aurkakoak ere. Aurrez ere Auzitegi Konstituzionalak autonomia erkidegoen «eskumenak» mugatzeko ebazpenak ebatzi izan dituela gogoratu du Urrutiak, Kataluniara begira erabaki direla, adibidez, sententzia horietako hainbat, eta joera horri lotuta etorri dela ebazpen hau ere.
Gogora ekartzekoa da lehendik ere da eztabaida luzeak eragin izan dituztela udal agiriak euskaraz egiteko jarritako oztopoek. Mariano Rajoy (PP) Espainiako gobernuburu zenean, Carlos Urkijo EAEko gobernu ordezkariak bide propioa egin zuen zuen aktak euskaraz idazten zituzten udalen aurka. Haien erabakien berri gaztelaniazko itzulpenik gabe ematen zioten udalen dokumentuak ez-hartutzat jotzen hasi zen, eta, agiri horiek bidaltzea derrigorrezkoa zenez, legea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.