Espainiako bozei begira, abertzaleen batasunerako deia egin du Amezketak

Hauteskundeei buruzko txostenean, Bildurekin bat egitea proposatuko du Aralarren zuzendaritzak

EAko Koldo Amezketa eta Aralarreko Patxi Zabaleta, Nafarroako Parlamentuan, apirilean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunak indar abertzaleen batasuna nahi du. Hala azaldu du Koldo Amezketa Nafarroako EAren zuzendaritzako kideak. Areago, datorren urtean Espainiako Legebiltzarrerako egitekoak diren hauteskundeei begira, «indar abertzaleen arteko batasunaren bila» jartzeko deia egin du. Aralarri eta EAJri mintzatu zaio, espresuki, Amezketa. Indar bilketan parte har dezatela eskatu die; udal eta foru hauteskundeetan hartu zuten bidea aldatzeko. Hain zuzen, EAkoaren ustez, azken bozetan «erabaki okerra» hartu zuten bi alderdi horiek. «Maiatzeko hauteskundeetan batasun horren alde ez egitea erabaki okerra izan zela onartu behar lukete».

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren hitzei erantzunez esan ditu horiek Amezketak. Aralarreko buruak ezker abertzalea batzearen alde egin du, Deia egunkariari emandako elkarrizketan. «Ezker abertzalearen batasuna egin beharrekoa» dela adierazi du, eta egin egingo dela, Euskal Herri osoan, gainera.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan abertzaleen batasuna posible zela adierazi du Zabaletak. Aralarrek, Nafarroa Bai koalizioan aurkeztuta, horixe egin zuela. NaBairen aipamen hori ez zaio gustatu Amezketari. Batasunerako guztien laguntza behar dela esan dio Zabaletari, eta Aralar bidea oztopatzen aritu dela.

Hain zuzen, Aralarrek ezker abertzalearen batasuna aldarrikatzen duela eta batasun hori bultzatu duena NaBai izan dela adierazi du Zabaletak. «Gure ekimena eta desioa izango da». Bere ezaugarriak zeintzuk izan behar duten ere zehaztu du: «Etorkizuneko batasun horrek ezkerreko indar eraldatzaile eta eraginkorraren ezaugarriak izan behar ditu, indar demokratikoa izan behar du, eta eskuin abertzalearekin akordioak egiteko gaitasuna izan behar du. Hori da Aralarren defendatzen duguna eta aurrerantzean defendatuko duguna».

Maiatzeko hauteskundeetan Aralarrek batasun bide hori NaBai koaliziotik sustatu zuela esan du Zabaletak. Areago, NaBaik Bilduri Nafarroako koalizioan sartzeko gonbita egin ziola, baina Bilduk ez zuela bertan parte hartu nahi izan.

Aralarren «gezur borobila»

Amezketaren hitzetan, ordea, «gezur borobila» da hori. Bai Aralarri eta bai NaBai osatzen duten gainontzekoei oso bestela aritu izana leporatu die. «Ezker abertzalea NaBain sar zedin saiatu zen EA; elkarlana bilatzen. Baina horren ondorioa EA NaBaitik botatzea izan zen», salatu du. Ezker abertzalearekin dituen akordioak ez hausteagatik, EA NaBaitik kanporatu zutela ohartarazi du. «Hori izan zen Aralarren, EAJren eta NaBaiko independenteen jarrera bateratua».

EAk abertzaleen batasunaren aldeko apustuari eusten diola esan du Amezketak, eta hori sustatzen jarraituko duela. Aralarri, berak ere bide hori egin nahi badu, gaizki hasi dela ohartarazi dio: «Gezurrak erabilita, gertaerak faltsutzen hasi du bidea; badirudi bidea oztopatu nahi duela».

EAk orain arte bezala segituko duela esan, eta hausnartzeko esan dio Aralarri, egoera bat gogorarazita: «Maiatzeko hauteskunde emaitzek argi utzi dute Bildu dela Euskal Herri osorako etorkizuna; ez Aralar ez NaBai, Bildu baizik».

Hurrengo hauteskundeei dagokienez, Aralarren zuzendaritzak laster aurkeztuko du 2012rako aurreikusita dauden Espainiako Legebiltzarrerako bozetarako hartu beharreko jarrerari buruzko txostena. Zabaletak aurreratu du Bildurekin bat egitea proposatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.