Getxoko Udalak (Bizkaia) proposamena onartu du Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege ohiaren irudi bat kentzeko aretotik.
«Osteguneko bilkuran EH Bilduk mozioa aurkeztuko du errege ohi eta ustelaren bustoa Getxoko udalbatza aretotik kentzeko. Juan Carlos Borboikoak ez du merezi gure udalerriko ohorezko leku horretan egotea», adierazi du taldeak sare sozialetan argitaraturiko mezu batean.
👤âÂÂÂÂŒ Juan Carlos Borboikoaren bustoa Getxoko udalbatza aretotik kanpo!
— EH Bildu Getxo (@GetxokoEHBildu) June 23, 2020
👉 Osteguneko bilkuran EH Bilduk mozioa aurkeztuko du errege ohi eta ustelaren bustoa Getxoko udalbatza aretotik kentzeko. Juan Carlos Borboikoak ez du merezi gure udalerriko ohorezko leku horretan egoteak. pic.twitter.com/pcBhrlQPui
EH Bilduren proposamenaren alde bozkatu dute EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek. Bakarrik PPk egin du horren kontra.
Itxaso Maseda EH Bilduko zinegotziak esan du «figura horrek» ez duela merezi erakundeen ohore publikorik, are gutxiago «azken ustelkeria kasuak ezagutu ondoren». Zinegotziaren arabera, bustoa udaletxeko batzar aretoan egoten jarraitzea «erabat anakronikoa» zen. «Bereziki larriak dira azken ustelkeria, zerga iruzurra eta diru zuriketa kasuak».
Masedak esan du pozik dagoela proposamenak jaso duen sostenguarekin. Haren arabera, erabakiak argi utzi du Getxoko biztanle gehienek ez dutela haren irudirik nahi aretoan.
Udal gobernua EAJk eta PSEk osatzen dute, eta EH Bilduk eskatu die bustoa lehenbailehen kentzeko.
Nafarroako Legebiltzarrean aurrekoan
Getxok lekukoa hartu dio, beraz, Nafarroako Parlamentuari, Borboikoaren irudiak kentzeko lasterketan.
Joan zen astelehen goziean, haren koadro bat kentzeko adostu zuten Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak. Arratsalderako kendu zuten.
Izquierda-Ezkerrak sustatu zuen orduan proposamena, eta PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemosen aldeko botoa jaso zuen. Navarra Sumak aurka bozkatu zuen.