Espainiako erregea ez da ongi etorria izan

EH Bilduk eta GKSk elkarretaratzeak egin dituzte. EAJko lehendakari Aitor Estebanek galdetu du ea zertara etorri den Felipe Borboikoa, keinurik ez badu egingo.

Protesta
EH Bilduren elkarretaratzea, Gernikan. MARISOL RAMIREZ / fOKU
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 28a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Deserosotasunaren eta suminaren arteko sentimendu sorta eragin du Espainiako erregea Gernikara etortzeak. Tonua gogortu du EAJk ere, eta galdetu ea zertara etorri den Felipe Borboikoa, ez bazuen asmorik inolako keinurik egiteko. Frankismoaren oinordekoekin ekidistantziarik ezin dela izan azpimarratu du EH Bilduk. Mugimendu Sozialistak, berriz, «zuriketatzat» jo du bi estatutuburuen bisita. Elkarretaratze bana egin dute.

EH Bilduk uko egin dio Gernikako hilerriko ekitaldian parte hartzeari, Espainiako erregearen parte hartzea dela medio. Hargatik, protesta egin dute gaur eguerdian, Memoria eta Antifaxismoa. Euskal errepublika lelopean. Mobilizazioan, hitza hartu du Oskar Matutek, koalizio subiranistak Espainiako Kongresuan duen diputatuak, eta berretsi du Borboikoa ez dela ongi etorria Euskal Herrian: «Franco eta frankismoa dira Gernikan gertatutakoaren erantzuleak, eta horien oinordekoak dira Felipe VI.a, PP eta Vox. Proiektu bera ordezkatzen dute». Matutek «bloke erreakzionario» gisa definitu ditu, eta esan horien xedea «garai ilunetara» itzultzea dela. Hala, eskatu du horien arteko bereizketarik ez egiteko, eta «ekidistantzia eta zuriketa» oro baztertzeko.

Bloke horri aurre egiteko antifaxismoa eta «memoria oso bat» behar direla adierazi du EH Bilduko ordezkariak, eta gogoratu du euskal herritarrek luzaroan eskatu izan dutela bonbardaketen biktimak aitortzeko. Aurrera begira, berriz, adierazi du euskal errepublikaren alde egitea dela auzi horri erantzuteko modua: «EH Bilduk bere konpromisoa berresten du: gizon-emakume libre eta berdinen euskal errepublika da biderik eraginkorrena».

Koalizio subiranista ez da erregearen jarreraz kexu azaldu den bakarra. EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek eskertu egin du Steinmeierren jarrera, baina ez du ulertzen Felipe Borboikoa Gernikara haren «laguntzaile soil» gisa bertaratu izana, eta Alemaniako presidenteak egindakoa egiteko exijitu dio hari ere. Jeltzalearen esanetan, ez da argudio baliagarria egungo erregimena eta 36ko estatu kolpearen osteko diktadura ez direla gauza bera.

Oskar Matuteren adierazpenak
Oskar Matuteren adierazpenak, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Batetik, Estebanek esan du Steinmeierrek ere ez duela loturarik naziekin, baina barkamena eskatzeko etorri dela Gernikara. Bestetik, gogoratu du Alemanian ez bezala Espainian ez zela hausturarik izan diktaduraren ostean, trantsizio bat baizik: «Francok ezarritako monarkia batekin egin zen trantsizioa».

Era berean, EAJko buruak gogoratu du Espainiako errege batek —Juan Carlos Borboikoak— 1981ean bisitatu zuela azken aldiz Gernika, eta gehitu du ezin dela hainbeste urteren ostean hara berriz joan eta keinurik ez egin. Are gutxiago kontuan izanda Gernika bereziki garrantzitsua dela euskal herritarrentzat, eta «munduko leku askotan izan diren basakerien eta injustizien» sinbolo ere badela. «Ganorazko zerbait egin behar da. Euskadiren autogobernua handitu, haren naziotasuna aitortu edo barkamena eskatu», azaldu du.

Anduezak, berriz, ez du uste Madrilek halakorik egin behar duenik. Argi du egungo Espainiako Gobernuak ez duela «barkamenik eskatu behar» Gernikako bonbardaketen harira, eta txarretsi egin du diktaduraren eta egungo erregimenaren arteko lotura egin izana: «Egungo gobernu aurrerakoia diktadurarekin lotu nahi izatea historiari begi miopez begiratzearen ondorio baino ez da». Haren esanetan, «oportunismo politikoa» dago halako jarreren atzean, eta zera eskatu du, eskuin muturra gora egiten ari den honetan, ez jartzeko zalantzan «1978ko itunaren fruitu» diren erakunde publikoen «sinesgarritasuna».

«Zuriketa»

GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta, dozenaka gaztek protesta egin dute Espainiako erregea eta Alemaniako presidentea etortzekoak zirela eta. «Diplomazia eta aurpegia zuritzeko» saiakeratzat jo dute ekitaldia, eta biei aurpegiratu diete «Europaren agenda gerrazalea babestu eta estatuen autoritarismoranzko joera indartzea». Felipe Borboikoari dagokionez, koordinakundeak gogoratu du 78ko erregimena frankismoaren «jarraipena» dela, eta Francok ezarri zuela monarkia bera, «estatuko sektore erreakzionarioen erreferentzia eta sinboloa». Steinmeierri, berriz, aurpegiratu diote NATOren eta Israelen babesle lanetan aritzea. GKSren esanetan, Gernikan hildakoak gogoratzea eta Palestinako hilketak babestea «hipokrisia» hutsa da.

GKSren bilkura
GKSren elkarretaratzea. LUIS TEJIDO / EFE

 

Harrera, Ajuriaenean

Bien bitartean, goizean iritsi denetik agenda estua izan du Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeierrek Euskal Herrian. Araban ekin dio bidaiari. Forondako aireportuan jaso du Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, eta handik Ajuriaenera joan da, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin elkartzera. Biek hartu dute segidan Gernikarako bidea.

2025 11 28 LHK PRESIDENTE ALEMANIA 4
Alemaniako presidenteari harrera, Ajuriaenean. IREKIA

Beste ordezkari instituzional eta politiko ugari ere izan dituzte inguruan. Pradales eta Tejeria soilik ez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako buruak ere han izan dira, baita alderdi politiko gehienen ordezkariak ere; besteak beste, EAJren EBBko presidente Aitor Esteban, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza, EAEko PPko buru Javier de Andres eta Sumarreko koordinatzaile Alba Garcia. EH Bilduk, berriz, uko egin dio ekitaldian parte hartzeari, Espainiako erregearen parte hartzea dela medio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.