Pisu turistiko izateko legezko baldintzak betetzen ez dituzten 702 etxebizitza identifikatu ditu Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak Hego Euskal Herrian. Horietatik, 19 Araban daude, 279 Bizkaian, 173 Gipuzkoan eta 230 Nafarroan. Horien berri eman die ministerioak plataforma digitalei, pisu horien iragarkiak erretira ditzaten.
Pisu turistikoen jabeek betebeharra dute horiek erregistratzeko, eta hori egiteko eskaera aurkeztua zuten 702 etxebizitza horien jabeek. Ministerioak ohar batean azaldu duenez, ordea, pisuok «ez dituzte betetzen legeak ezarritako baldintzak», eta Espainiako Gobernuak atzera bota ditu eskaerak.
Madrilen esanetan, «alokairu turistikoen iruzurrari aurre egitea» da neurri horren xedea. Izan ere, erregistroa behar bezala egina duten etxebizitzei identifikazio zenbaki bat ematen zaie, eta datu horiek alderatzen dira plataformetan argitaratutako iragarkiekin, erregistro zenbakirik ez duten pisuak atzemateko.
Orain, etxebizitza turistikoak iragartzen dituzten plataforma digitalek berehala kendu beharko dituzte pisu horien online iragarkiak.