Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak esan duenez, Fiskaltzak hurrengo astean egingo ditu EHAK eta EAE-ANV legez kanpo uzteko eskaerak. Polizia txostenetan oinarrituko da horretarako, eta Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko Sala Berezian egingo ditu eskakizunak.
Fiskaltzaren ustez, EHAK-k eta EAE-ANVk Batasuna legez kanpoko alderdiarekin "ohiko lankidetza" daukate, eta dirua ere ematen diote.
Espainiako Gobernuak bihar abiatuko du ANV eta EHAK legez kanporatzeko bidea
IMANOL MURUA URIA
Bi prozedurak abian izango dira bihartik. Eusko Abertzale Ekintza-ANV eta EHAK legez kanporatzeko bidea abia dezan aginduko dio bihar Espainiako Gobernuak Estatuaren Abokatuari. Horrenbestez, Baltasar Garzon epaileak bi alderdiei jardun politikoa debekatzeko lehen pausoak emanak dituenez, bina auziri erantzun beharko diete EAE-ANVk eta EHAK-k: Auzitegi Gorenak Alderdien Legea urratu ote duten erabakiko du, eta Auzitegi Nazionalak Zigor Kodea urratzen ari ote diren ebatzi beharko du.
Erabakia auzitegi bateko zein besteko epaileek hartu behar dute, prozedura bakoitzaren bukaeran, baina, Mariano Fernandez Bermejo Espainiako Gobernuko Justizia ministroaren arabera, erabakiak bat besterik ezin du izan, EHAK eta EAE-ANV Batasunaren «jarraipen hutsa» direla erakusten duten frogak «sobera» dituztelako, atzo egindako agerraldian adierazi zuenez. «Garaia heldu da», esan zuen.
Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta, Batasunak EHAK eta EAE-ANV «kontrolatu» egiten dituela erakusteko moduan direla baieztatu zuen ministroak. Fernandez Bermejoren arabera, polizi txostenek erakusten dute hiru alderdiek «diru kutxa bakarra» zutela, kutxa horri zegozkion erabakiak Batasunak hartzen zituela, Batasuneko 39 buruzagiri beste bi alderdiek ordaintzen zietela soldata eta, besteak beste, EHAK-k nahiz EAE-ANVk «etengabe» informazioa ematen ziotela Batasunari.
Gainera, Joseba Permach Batasuneko mahaikideari «manifestu» bat atzeman ziotela nabarmendu zuen, «sekula publiko egin ez zena», eta agiri horretan bi alderdiak «estrategia bateratzeko» konpromisoa hartu zutela, Segi eta Askatasunarekin batera.
«Oso lasai gelditu naiz, auzitegira zer froga dokumental eramango dugun ikusita», esan zuen Justizia ministroak. Biharko Ministro Kontseiluaren ondoren «baimenduko» du Gobernuak Estatuaren Abokatua, EHAK eta EAE-ANV legez kanporatzeko «dagozkion» neurriak» har ditzan, Fernandez Bermejok jakinarazi zuenez.
Ezker abertzaleak datozen hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko «ziurrenik» egingo dituen «plan alternatiboei» oso adi daudela ere esan zuen ministroak.
EPEAK. Bi alderdiak legetik kanpo uzteko Gobernuak zer bide zehatz lehenetsiko duen ez zuen zehaztu Justizia ministroak: «Ez dugu hipotesirik baztertzen, ez badaezpadakorik ez behin betikorik», esan zuen. Zerrenden inpugnazioaren aukera ere aipatu zuen.
Gobernuak bihartik aurrera bultzatuko duen prozedurak, legez kanporatzearenak, epeei dagokionez zaila izango du EAE-ANVri datorren martxoaren 9ko hauteskundeetara aurkeztea eragoztea, baita biderik laburrena hartuta ere. Batasunari bezala ahozko epaiketa eginez gero, hainbat hilabete joango lirateke Auzitegi Gorenak epaiak eman arte, eta ASBri bezala Batasunaren legez kanporatze epaia betearaziz gero ere, aste batzuk joango lirateke Gorenak epaia eman arte -hilabete eta erdi behar izan zuten iaz ASB legez kanporatzeko prozesuan-. Hauteskunde kanpaina hasteko hilabete eskas falta da, datorren otsailaren 22an hasiko baita eta, behin kanpaina hasita, ez dago hautagaitzak baliogabetzerik.
EAE-ANVri hauteskundeetara aurkeztea eragozteko, dena den, Gobernuak ez du legez kanporatze prozedura azkartzeko beharrik, Garzonek nahi duenean eten ahal izango baititu EAE-ANVren eta EHAKren jarduerak, behin aldeei entzuteko auzi-saioak eginez gero. EHAKri buruzkoa otsailaren 4an egingo du eta EAE-ANVri buruzkoa, otsailaren 5ean. Eta auzi-saioaren egunean bertan har dezake alderdi bati zein besteari jardun politikoa debekatzeko erabakia. Ordurako hautagaitza zerrendak aurkeztuta izango ditu EAE-ANVk, otsailaren 4an bukatzen baita aurkezteko epea, baina Hauteskunde Batzordeak ez ditu ofizial egingo hilaren 11 arte.
Garzonek aurreikusi bezala jokatzen ez badu, gainera, zerrenden inpugnazioaren bidea geldituko litzaioke Gobernuari, Bermejok berak gogorarazi duenez.
Legez kanporatzeak
Espainiako Fiskaltzak hurrengo astean egingo ditu EHAK eta EAE-ANV legez kanpo uzteko eskaerak
Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiaren ustez, bi alderdi haiek Batasunarekin "ohiko lankidetza" daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu