Ospa Eguna Altsasun

Espainiako Fiskaltzak Ospa Eguna debekatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari

AEGC Guardia Zibilen Espainiako Elkarteak Ospa Egunerako deialdia ikertzeko eskatu zion Fiskaltzari, "gorroto deliturik" ba ote zegoen aztertzeko. Txibite: "Demokraziak ezin du ekitaldi bat debekatu kolektibo bati iruditzen zaiolako parte hartzaileek delitu bat egingo dutela".

Iazko Ospa Eguna, Altsasun (Nafarroa). JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2019ko abuztuaren 29a
07:40
Entzun

"Gorroto delituaren eredu garbia" da polizia indarren presentziaren aurka Altsasun (Nafarroa) antolaturiko Ospa Eguna, AEGC Guardia Zibilen Espainiako Elkartearen ustez, eta Fiskaltzari eskatu zion ekitaldi hori ikertu eta neurriak hartzeko. Gaur, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak epaileei eskatu die debekatzeko egun hori. Auzitegi Nazionaleko 2. zigor salara bideratu du eskaria.

AEGCk bezala, PPk ere egin zuen hura debekatzeko eskaria. Gaur, Maria Txibite Nafarroako lehendakaria Ospa Eguna debekatzearen aurka agertu da, Espainiako RNE irratian egindako elkarrizketa batean. Ospa Egunaren "izpiritua eta helburuak" partekatzen ez baditu ere, Txibiteren hitzetan, "demokraziak ezin du ekitaldi bat debekatu kolektibo bati edo elkarte bati iruditzen zaiolako parte hartzaileek delitu bat egingo dutela". Hori bai, argi utzi du fiskaltzak adi jarraituko diela gertaerei, eta "deliturik balego" epaileek ebatzi beharko dutela zer neurri hartu.

Lehendakariak nabarmendu du, izan ere, ez dagokiola bere gobernuari halako erabakirik hartzea edo eskatzea, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari baizik. "Deliturik egongo balitz, fiskaltzak esku hartuko luke, baina ezin du ekitaldia baino lehenago esku hartu". Txibitek gogora ekarri du 2010. urtetik antolatzen dutela Ospa Eguna Altsasun: "Eta PPren eta UPNren gobernuek ez dute inoiz debekatu". PSNkoak salatu du zenbait elkarte eta alderdi interes politikoekin ari direla gaia erabiltzen. "Gobernuak argi du bere posizioa: Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak gure erkidegoan egindako lana aitortzen dugu".

Larunbatean izango da Ospa Eguna, "indar errepresibo guztiei arbuioa" adierazi eta "sorgin ehiza eteteko" asmoz. Mainamikirriren ilobak gara gu, eta erratzak prest ditugu leloa hautatu dute aurten antolatzaileek, eta "jazarpenik gabeko etorkizuna" sortu nahi dutela adierazi dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.