Espainiako Gobernuak 2026ko udaberrira atzeratu du AHTaren lotuneari buruzko erabakia

Jose Antonio Santano Espainiako Garraio idazkariak esan du Aralarren laginketak «berehala» hasiko dituztela, lur sailen jabeekin zituzten arazoak konpondu baitituzte.

Ezkio-Itsasoko geltoki erdi amaitua, AHTaren burdinbideen ondoan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ezkio-Itsasoko geltoki erdi amaitua, AHTaren burdinbideen ondoan. GOTZON ARANBURU / FOKU
aitor biain
2025eko uztailaren 7a
14:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Enegarren atzerapena AHT abiadura handiko trenarentzat Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak urtea amaitu baino lehen argitaratu behar zuen euskal Y-a eta Nafarroako AHTa Ezkion (Gipuzkoa) edo Gasteizen lotuko diren argitzen lagunduko duen txostena. Baina ez da hala izango. Izan ere, Jose Antonio Santano Espainiako Garraio idazkariak iragarri du denbora gehiago behar dutela azterketa lanak egiteko, eta, beraz, txosten teknikoa datorren urte hasierarako izango dutela prest, «beharbada 2026ko udaberrirako».

Aralarren laginketak egiteko izan dituen zailtasunei egotzi izan die Madrilek atzerapena, eta orain ere arrazoi hori bera aipatu du Santanok. Izan ere, Espainiako Gobernuak adierazi zuen arazoak zituela laginketak egin beharreko lurretara iristeko, bai lur publikoetara, bai lur pribatuetara. Bada, Garraio idazkariak gaur jakinarazi du arazo horiek konpondu dituztela, eta, beraz, laginketak «berehala» hasiko dituztela, beranduenera, uda igaro ostean. «Laginketak non egingo ditugun zehaztuta daukagu. Udalekin hitz egin dugu, baita partikularrekin ere. Beste batzuetan, berriz, bide edo lur publikoak bilatu ditugu, arazorik ez izate aldera», adierazi du. 

«Uste dugu gauzak argi eta ongi zehaztuta daudela», esan du Santanok, laginketei erreferentzia eginda. «Lanak noiz hasi zain gaude orain, eta ez dugu xehetasun gehiago eman nahi, orain arte izan ditugun arazoak saihestu nahi ditugulako. Gauzak ongi joan daitezela nahi dugu, udalekin lankidetza ona daukagu eta». Laginketa horiek egiteko hilabeteak beharko dituztela esan du, «konplexuak» dira eta. Izan ere, laginketa batzuk sakonera handian egin behar dituzte, 300 metrora, tunel batek izango lukeen eragina aztertzeko.

Datu erabakigarriak

Santanok gogorarazi du txosten teknikoaz gain badirela beste azterketa batzuk ere, eta horiek eginda dituztela dagoeneko, hala ekonomikoa, nola informatiboa. Eta azpimarratu du datu guztiak eskuetan dituztenean hartuko dutela lotuneari buruzko azken erabakia, ez aurretik. Edonola ere, litekeena da laginketen emaitzak erabakigarriak izatea, Madrilek Gasteizen aldeko hautua egin baitzuen orain arteko txostenak aipatuta, «bideragarriena» delakoan. 

Bestalde, Gasteiz eta Burgos arteko lanak «uda amaitu baino lehen» adjudikatuko dituztela jakinarazi du garraio idazkariak. Espainiako zatiari dagozkion obrak dira, Ameyugo eta Pancorbo artekoak. Santanok nabarmendu du obra konplexua dela hori ere, luzeraz soilik zortzi kilometrokoa izanagatik ere. Lanek 400 milioi euroko aurrekontua dute.

Astigarragako geltokia

Astigarragara (Gipuzkoa) egindako bisitan eman ditu azalpenak Santanok, aldiriko trenen geltoki berriaren aurkezpenean. Izan ere, hamarkada batean ia bikoiztu egin da biztanle kopurua udalerri horretan. Herritarrei garraio zerbitzu hori emateko, Astigarragako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Adifek geltoki berria eraikitzea adostu dute. Agerraldia egin dute goizean, horren berri emateko eta hitzarmenak sinatzeko.

Geltokiak aukera emango dio Astigarragari Renferen Irun eta Brinkola arteko aldiriko tren zerbitzuari lotzeko, gaur egun ez baitu halakorik. Lanak urtea amaitu aurretik hasiko dituzte, eta hamabost milioi euroko aurrekontua izango dute. Adifek berak ordainduko ditu geltokia eraikitzeko obrak; Eusko Jaurlaritzak, berriz, 2,6 milioi euro jarriko ditu eraikin berrira sartzeko plataforma eraikitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.