Espainiako Gobernuak «ahal duen guztia» egingo du Montejurrako biktimei erreparazioa emateko

EH Bilduk auziaren inguruko dokumentuak desklasifikatzeko, biktimak aitortzeko eta Montejurra memoria demokratikorako leku izendatzeko eskatu dio Memoria Demokratiko eta Lurraldeko Politikako ministroari.

Montejurrako hilketak oroitzeko ekitaldi bat, Lizarran, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Montejurrako hilketak oroitzeko ekitaldi bat, Lizarran, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 29a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten dira 50 urte Montejurran (Nafarroa) bi karlista tiroz hil zituztela. Erasotzaileak erregimen frankistako zerbitzu sekretuek finantzatutako eskuin muturreko mertzenarioak izan ziren, eta hildakoak Ricardo Garcia Pellejero eta Amiano Jimenez Santos. 1976ko maiatzaren 9an gertatu zen, mugimendu karlistak urtero Montejurran antolatu ohi zuen ekitaldian. Estatuak bultzatutako operazio bat izan zen ordukoa, eta Nafarroako Gobernuak maiz eskatu dio Espainiako Estatuari egia, aitortza eta erreparaziorako urratsak egiteko. Bada, koska bat goitiago ailegatu da gaur eskaera, Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak galdera zehatza egin baitio Angel Victor Torres Memoria Demokratiko eta Lurraldeko Politikako ministroari: «Espainiako Gobernuak kasu egingo die Montejurrako biktimen egia, aitortza eta erreparazio eskaerei?».

Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran aritu dira solasean, eta erantzunean, baiezkoa eman dio Torresek, eta arrazoi duela aitortu, gainera: «Demokraziaren alde gauden guziok egon behar genuke Memoria Demokratikorako Legearen alde, ez dakit zergatik ez den horrela. Baina gure esku dagoen guztia egingo dugu biktimei merezi duten aitortza emateko eta sekretu guztiak argitara emateko». Izan ere, Pozuetak erran dio sekretu anitz daudela oraindik «giltzaz itxita», eta dokumentu guztiak desklasifikatu behar direla «zer gertatu zen ulertzeko».

Zehazki, hiru eskaera egin dizkio berriki Nafarroako Gobernuak Espainiakoari: dokumentuak desklasifikatzeko, Garcia eta Jimenez biktima gisa aitortzeko, eta Montejurra memoria demokratikorako leku izendatzeko. Horretan ahaleginduko direla hitzeman dio Torresek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA