Espainiako Gobernuak ere aitortu du klima larrialdi egoeran dagoela

Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak jakinarazi du «urgentziazko» neurriak hartuko dituztela. Klima aldaketaren legea bultzatu nahi dute

Maria Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa, atzo. J. C. HIDALGO / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Klima larrialdia dagoela onartu zuen Espainiako Gobernuak atzo, ministroen kontseiluaren ondoren egindako adierazpenetan. Hain justu, Pedro Sanchez buru duen gobernuak adierazpen instituzional bat kaleratu zuen klima larrialdiko egoera aitortzeko, eta neurriak iragarri zituen datozen ehun egunetarako. Klima aldaketaren legea eztabaidatu nahi dute Espainiako Kongresuan, bertzeak bertze.

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak jakinarazi zuen 30 bat neurri hartuko dituztela klima larrialdiari aurre egiteko, eta horietatik bortz lehendabiziko 100 egunetan hartu nahiko lituzketela nabarmendu zuen. Deskarbonizazio plan bat prestatu nahiko lukete, adibidez, eta Riberak adierazi zuen klima aldaketari buruzko herri asanblea bat ere sortu nahi dutela, emakumeen eta gazteen parte hartzea sustatuta. Eta hori guzia enplegua sortuta eta lurraldeen arteko arrakalak apalduz lortu nahiko lukete. Bertzelako gaiak ere bildu dituzte: esate baterako, ekonomia zirkularra eta zaborren bilketa, energia berriztagarriak, garraio publikoa eta neurri fiskalak. «Anbiziotsuagoak» izate aldera, Ribera ministroak «indarrak batzera» deitu du.

Europako Parlamentuakere egin du gisa horretako adierazpen bat; baita Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.