Espainiako Gobernuak iragarri du migratzaileen erregularizaziorako eskaerak apiriletik aitzin egiten ahalko direla

Podemosekin hitzartu du bost hilabetez bertan bizi izan eta aurrekari penalik ez duten migratzaileen ezohiko erregularizazioa. 500.000 pertsona ingururi eraginen die.

Elma Saiz gaur, Espainiako Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. ZIPI / EFE
Elma Saiz gaur, Espainiako Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. ZIPI / EFE
Isabel Jaurena.
2026ko urtarrilaren 27a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

500.000 laguni eragin diezaioke gaur Espainiako Ministroen Kontseiluan onartutako neurriak: Hego Euskal Herrian, Katalunian, Galizian eta Espainian bizi diren migratzaileendako ezohiko erregularizazio prozesu bat onartu dute, hain zuzen ere. Errege dekretu bidez onartu dutenez, ez dute neurri hori Espainiako Kongresuan onartu beharko. Elma Saiz Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Gizarte Segurantzako eta Migrazioko ministroak eman du erabakiaren berri, eta azaldu apiriletik aitzin eta ekaina hondarrera arte egiten ahalko direla eskaerak. Gehitu du, gainera, espediente horiek hiru hilabeteko epean ebaztea dela helburua: «Jakitun gara administrazioak erantzun azkar, eraginkor eta segurua eman behar duela».

Migratzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak egiteko: 2025eko abenduaren 31n Hego Euskal Herrian, Katalunian, Galizian edo Espainian egotea, gutxienez bortz hilabetez bertan bizi izatea, eta aurrekari penalik ez izatea. Bortz hilabetez bertan bizi izan direla frogatzeko edozein dokumentu publiko, pribatu edo bi eredu horien arteko nahasketa bat aurkeztu ahalko dute, hala nola medikuen txostenak, sorterrira bidalitako diruaren ziurtagiriak, alokairuen kontratuak, etxeko hornigaien kontratuak... 

Sanzek erran duenez, erregularizazio eskaera tramiterako onartzen badiete, migratzailek behin-behineko baimen bat jasoko dute, oinarrizko eskubideak eta zerbitzuak baliatu ahal izateko. Erregularizazio eskaera onartzen badiete, berriz, urtebeteko bizileku baimena jasoko dute, eta epe hori amaitzen denean, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatzeko aukera izanen dute. 

Sanzek adierazi du, halaber, gizarteratzea ez dela banakakoa, familia osoarena baizik. Hortaz, esplikatu du eskaera egiten dutenen seme-alaba adingabeen egoera gurasoenarekin batera arautuko dela. Kasu horietan baimenak bortz urteko iraupena izanen du. 

Behin betiko erabakiaren berri gaur eman badute ere, atzo egin zuten aurrerapena. Hain zuzen, Irene Montero Podemoseko eurodiputatuak eman zuen albistea, migratzaileen erregularizazioari buruzko ekitaldi batean, Madrilen. Izan ere, Espainiako Gobernuak Podemosekin hitzartu du erabakia.

Saizek adierazi du erregularizazioa «ardura neurri» bat dela «bertze alde batera» begiratzen duten horien aurka. «Gizartearen egoera burokraziaren aitzinetik doanean, estatu arduratsua da hori ordenatzeko lan egiten duena, eta ez bertze aldera begiratzen duena», erran du. Hala, nabarmendu du laster zabalduko dutela Kulturarteko Integrazio eta Elkarbizitza plana, eta gaur onartutako neurria dela lehenbiziko pausoa, «funtsezkoenetako bat».

Herri ekimen legegilea

Herri ekimen legegile bat da abiapuntua. 700.000 sinadurak babestu zuten, eta 2024an Espainiako Kongresuko talde guztiek —Voxek salbu— onartu zuten ekimen hori aintzat hartzea, baina orduz geroztik geldirik egon da.

PSOEk ahalegina egin zuen iazko udan proposamena onartzeko, baina ez zuen aurrera egin. Talde parlamentarioek hainbat zuzenketa aurkeztu zituzten. EAJk, adibidez, zera nahi zuen, eskatzaileek lan kontraturen bat edo jarduera ekonomikoren bat izatea toki batean bizitzeko baimena jaso ahal izateko. Herri ekimen legegilearen bultzatzaileek salatu zuten horrek erregularizaziotik kanpo utziko zuela jende asko, eta ekimenaren helburua humanitarioa zela batez ere, ez ekonomikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.