Espainiako Gobernuak Mañuetako Udalari exijitu dio inskripzio frankista bat ezabatzeko

Espainiako Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzak errekerimendu bat bidaliko dio PPko alkateari, hark ez baitie men egin orain arteko eskaerei.

Leihoaren gainean irakurri daiteke inskripzioa. PSE-EE
Leihoaren gainean irakur daiteke inskripzioa. PSE-EE
2025eko irailaren 10a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzak errekerimendu bat bidaliko dio Mañuetako (Araba) alkateari, udal eraikin batetik «Caídos por Dios y por España» (Jainkoagatik eta Espainiagatik eroriak) idatzia ezabatzeko. Orain arte, Francisco Javier Garcia alkateak (PP) uko egin dio halako beste eskaera batzuk betetzeari, ez duelakoan «enbarazurik» egiten.

Auzia ez da berria. Martxoan, Arabako Errioxako PSE-EEk «frankismoaren aztarna» hura ezabatzeko eskaera egin zion udal gobernuari, Espainiako Memoria Demokratikorako Legeak ezartzen duenaren kontrakoa delako. «Kolpismo frankista eta bizilagunak biktima bilakatzea goresten duten iraganeko oroitzapen bat da», esan zuten. 

Alkateak, baina, azaldu zuen ez duela horretarako borondaterik, ez duelakoan kalterik egiten. Are gehiago, Garciak esan zuen ez duela sinbolo frankistatzat hartzen udal eraikin bateko leihoburuan dagoen inskripzioak dioena, eta nabarmendu zuen esaldi harekin batera ageri diren lau lagunen memoria defendatu behar dela: «Bertako jendea da. Ez da haien memoria ezabatu behar». Hain zuzen, 1936ko gerran errepublikaren aurka altxatu ziren matxinoen bandoan aritu eta frontean hil ziren lau bizilagun dira.

Alkatearen jarrera ikusita, Espainiako Gobernuak esku hartu zuen auzian, EAEn duen ordezkaritzaren bitartez. Lehenik, Arabako ordezkariordetzak bidali zuen idatzia ezabatzeko eskaera. Ondoren, zuzenean, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak hartu zuen auzia, eta Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikorako Ministeriora eraman zuen. Orain, hark bidaliko dio errekerimendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.