Espainiako Gobernuak migratzaileentzako ezohiko erregularizazio prozesu bat onartuko du gaur

PSOEk Podemosekin hitzartu du. 500.000 migratzaile ingururi eragin diezaieke. Bost hilabetez bertan bizi izana frogatu beharko dute.

Migratzaileen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, iazko abenduan, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Migratzaileen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, iazko abenduan, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko urtarrilaren 26a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025eko abenduaren 31n Hego Euskal Herrian edo Espainian egotea, gutxienez bost hilabetez bertan bizi izana eta aurrekari penalik ez izatea. Migratzaileek baldintza horiek bete beharko dituzte beren egoera arautu ahal izateko, Espainiako Gobernuak onartuko duen ezohiko erregularizazio prozesuan. Neurriak milioi erdi pertsonari eragin diezaieke.

Bost hilabetez bertan bizi izan direla erakusteko, besteak beste erroldak, medikuen txostenak, sorterrira bidalitako diruaren ziurtagiriak, alokairuen kontratuak, etxeko hornigaien kontratuak (argindarra, gasa, ura) eta garraio txartelak aurkeztu ahal izango dituzte. Ekainaren 30a baino lehen eskatu beharko dute.

Biharko Ministroen Kontseiluan

Espainiako Gobernuak Podemosekin hitzartu du migratzaileen ezohiko erregularizazioa. Bihar onartuko du, Ministroen Kontseiluan. Irene Montero Podemoseko eurodiputatuak eman du albistea, migratzaileen erregularizazioari buruzko ekitaldi batean, Madrilen. Hala baieztatu dute Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioko iturriek: «Gaur egungo errealitate sozial bati eskubideak bermatzeko eta segurtasun juridikoa emateko asmoz onartuko dugu», esan diote Europa Press agentziari.

Errege dekretu bidez onartuko dute, eta, beraz, ez du urratsik egin beharko Espainiako Kongresuan. Bihar jakingo dira xehetasunak. El PaĂ­s egunkariaren arabera, eskaera aurkezten dutenek arrazoi administratiboengatik edo baimenik gabe lan egiteagatik sorterrira itzularazteko edo kanporatzeko agindurik baldin badute, bertan behera geratuko dira haien kontrako agindu horiek.

Monterok aurreratu duenez, erregularizazio eskaera tramiterako onartuz gero, migratzaileei behin-behineko baimen bat emango diete bertan bizitzeko eta lan egiteko, eta oinarrizko eskubideak eta zerbitzuak baliatu ahal izango dituzte. Erregularizazio eskaera onartzen badiete, urtebeteko bizileku baimena jasoko dute. Urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute.

Monterok agindu du Podemosek prozesua kontrolatuko duela «azkarra eta eraginkorra» izan dadin. «Bortizkeria arrazistaren» aurka, migratzaileen eskubideak bermatu nahi dituzte. 

Herri ekimen legegilea

Herri ekimen legegile bat da abiapuntua. 700.000 sinadurak babestu zuten, eta 2024an Espainiako Kongresuko talde guztiek —Voxek salbu— onartu zuten ekimen hori aintzat hartzea, baina orduz geroztik geldirik egon da.

PSOEk ahalegina egin zuen iazko udan proposamena onartzeko, baina ez zuen aurrera egin. Talde parlamentarioek hainbat zuzenketa aurkeztu zituzten. EAJk, esaterako, zera nahi zuen, eskatzaileek lan kontraturen bat edo jarduera ekonomikoren bat izatea toki batean bizitzeko baimena jaso ahal izateko. Herri ekimen legegilearen bultzatzaileek salatu zuten horrek erregularizaziotik kanpo utziko zuela jende asko, eta ekimenaren helburua humanitarioa zela batez ere, ez ekonomikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.