Legez kanporatzeak

Espainiako Gobernuak ostiralean hasiko du EAE-ANV eta EHAK legez kanporatzeko prozedura

Estatuko Abokatuari ekimena abiatzeko baimena emango dio Ministroen Kontseiluak. Fiskaltzak lehen aldiz eskatu du EAE-ANVren ekitaldi bat debekatzeko.

2008ko urtarrilaren 23a
14:26
Entzun
Espainiako Gobernuak ostiralean abiatuko du EAE-ANV eta EHAK alderdiak legez kanpo uzteko prozedura. Mariano Fernandez Bermejo Justizia ministroak aurreratu duenez, ostiraleko Ministroen Kontseiluko bileran proposatuko du Estatuaren Abokatuari legez kanporatzeak abiatzeko baimena ematea. "Bi alderdi horiek Batasunaren ingurukoak direla eta ETAren zerbitzura" ari direla iritzita abiatuko dutela ekimena adierazi du ministroak.

EAE-ANVk larunbat honetan Gasteizen ekitaldia izango du, baina Espainiako Fiskaltzak Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari eskatu dio debekatzeko. Lehen aldia da ANVrekiko halako neurri bat eskatu dutena. Fiskalaren ustez, ekitaldi horretan "terrorismo gorestu" dezakete antolatzaileek, "duela aste batzuk Iruñean egin bezala". Marian Beitialarrangoitiak euskal presoei "maite zaituztegu" esan zien Iruñeko ekitaldian, eta hori "terrorismoa gorestea" dela iritzi dio fiskalak; are gehiago, Beitialarrangoitia bera horregatik bihar Madrilera joango da, epaileak deituta.

Jardueren etetea abiatu du Garzonek

Garzon epaileak EHAKren eta EAE-ANVren jarduerak eteteko lehen urratsa egin du: otsailaren 4rako deitu du EHAKren jardueren etetea aztertzeko auzi saioa, eta hurrengo egunerako, hilaren 5erako, EAE-ANVri buruzkoa aztertzeko. Goizeko hamarretarako deitu ditu auzi saioak, eta horietan, alderdietako defentsak eta akusazioek parte hartuko dute.

Auzitegi Nazionaleko epaileak atzo goizean jaso zituen Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak EHAK eta EAE-ANVri buruz egindako txostenak. EAE-ANVk eta EHAK-k ustez «ETA eta Batasunarekin loturak» dituztela frogatzen duten txostenak jaso ostean erabaki du Garzonek jardueren etetea aztertzeko auzi saioak deitzea.

Erabaki hori hartzearekin batera, Garzonek sekretupetik atera ditu Batasunari buruzko bi sumario, baita EHAK eta EAE-ANVri buruzkoak ere. Batasunaren eta ETAren arteko ustezko harremana ikertzen duen 35/02 sumarioa, 2007ko urriaren 4an Seguran (Gipuzkoa) Batasunaren Mahai nazionalaren aurka egindako polizia operazioari dagokiona, EHAKri buruzko 408 sumarioa, eta EAE-ANVren 508 sumarioa atera ditu sekretupetik Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Zigor Kodeko 129. artikuluan oinarrituko da Garzon EHAKren eta EAE-ANVren jarduerak eteteko. Artikulu horretan zehazten da epaileek edo auzitegiek enpresa baten, eta bere egoitzen edo denden aldi baterako edo behin betiko itxiera agin dezaketela. Aldi baterako ixtea aginduz gero, itxialdiak ezin izango duela bost urte baino gehiago iraun dio artikuluak. Zigor Kodearen 129. artikuluaren beste atal batek dio sozietate, enpresa, fundazio edo elkarte baten jardueren etetea erabaki dezaketela auzitegiek eta epaileek, asko jota bost urterako. Bi erabaki horiek instrukzio epaileak ere har ditzakeela zehaztuta dago hirugarren atal batean.

«SALBUESPEN EGOERA». EAE-ANV eta EHAKren balizko legez kanporatzeekin sortutako «salbuespen egoera» apurtzeko «planto erraldoi» bat egiteko deia luzatu dio Askatasunak euskal gizarteari. Askatasunarentzat, gero eta premia handiagoa dauka «salbuespen legeak eta auzitegiak desegiteak». Hala, euskal erakundeei bide horretan benetako urratsak emateko galdegin die Askatasunak, bai eta hori lortu bitartean, «salbuespen lege eta auzitegiei» muzin egiteko ere.

Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiak (EAE-ANV) adierazi du legez kanporatzeak ez duela gatazka politikoa konponduko. «Sigla batzuk legez kanporatu ditzakete, baina ez dira ohartzen herritarrak, eta haien ideiak ezin direla legez kanporatu». EAE-ANV ez litzatekeela legez knaporatuta egon behar nabarmendu du, politika egiten duen alderdia den heinean sistema politikoan edozer gauza defendatzeko eskubidea duelako. Legez kanporatzearen mehatxua gorabehera, Beitialarrangoitiak nabarmendu du «independentziaren aldeko boza» martxoaren 9ko hauteskundeetan egongo dela.

Aralarrek, berriz, Garzonek EAE-ANV eta EHAK auzi saioetara deitu izana salatu du, eta elkartasun osoa adierazi die bi alderdioi. Legez kanporatzeen mehatxuak erabat «onartezinak» direla salatu du Aralarrek prentsa ohar batean: «Herritarrek hautatuak izateko, zein ordezkaritza hautatzeko eskubidea dute, eta eskubide hori urratzea giza eskubideen kontrako erabaki sendoa da eta demokrazia heldu batean ezin dakioke inori politikaren lehian parte hartzeko eskubidea ukatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.