Espainiako Gobernua ez dago ados Sorturi bidea egiten utzi izanarekin: «Nahiago nuke Sortuk legez kanpokoa izaten jarraituko balu», adierazi du Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak. Auzitegi Konstituzionalaren epaiarekin ez duela bat egiten azaldu du, gobernuak «terrorismoaren kontra etengabe borrokatzeko borondate hautsiezina» izaten jarraitzen duela nabarmenduta. Auzitegi Konstituzionalari dion «erabateko errespetuagatik» epai guztiak bezala Sorturi dagokiona onartuko duela adierazi du gobernuaren izenean, baina bere lana egingo duela abisu emanda: Sorturen jardun guztiak gertutik eta «etengabe» zainduko dituela ohartarazi du.
Gauzak horrela, ezer baino lehen epaia ondo aztertuko duela azaldu du Gallardonek: «Sakon aztertuko dugu, jakiteko nazioaren gobernuari zein baliabide ematen dizkigun zaintza egonkor bat mantentzeko».
Jarraipen hori zertarako egin nahi duen ere argi du Justizia ministroak: «Inola ez dadin egin instituzio demokratikoen gehiegikeriarik, ez dadin legearen aurkako iruzurrik egin eta jarrerak etengabe egokitu daitezen legeetara». Espainiako Gobernua zaintza hori egitera «erabat konprometitzen»dela ere esan du.
Auzitegi Konstituzionalaren epaia bera eta erabakiaren aurka hiru epailek aurkeztuko dituzten boto partikularrak irakurtzeko irrikan dago Gallardon, haren esanetan horiek ezarriko baitizkie mugak Sorturen parte hartze politikoari. Edukiak ezagututa, Espainiako Gobernuak Sorturen aurka ekiteko zein ahalmen eta muga dituen ere jakingo duela esan du Justizia ministroak, eta orduan egin ahalko duela behar bezala alderdi berriaren jarraipen etengabea.
Epaiaren azterketa egiten dutenean Espainiako Barne Ministerioak eta Justizia Ministerioak gaiari buruzko erantzun bateratua emango dutela iragarri du.
«Gorenaren epai zuzena»
Eduardo Torres-Dulce Espainiako estatuko fiskalburuari ere ez zaio gustatu Konstituzionalaren erabakia. «Fiskaltzaren jarrera oso argia da bai Sorturen auzian bai Bildurenean: Gorenaren erabakiak zuzenak dira, eta ez dagokie legeztatzea», esan du.
Sorturen legeztatzea
Espainiako Gobernuak Sorturen jarduna gertutik zainduko duela ohartarazi du
«Nahiago nuke Sortuk legez kanpokoa izaten jarraituko balu», esan du Espainiako Justizia ministro Gallardonek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu