Espainiako Gorenak berretsi egin du euskara eskakizunengatik Bizkaiko Aldundiaren deialdi bat bertan behera uzteko erabakia

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzia zuen deialdia, euskara eskakizuna «gehiegizkoa» zelakoan.

ELAk eta LABek euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako oldarraldia salatzeko egindako mobilizazio bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
ELAk eta LABek euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako oldarraldia salatzeko egindako mobilizazio bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 24a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epaileek beste urrats bat egin dute lan deialdi publikoetako euskara eskakizunen aurkako oldarraldian. Azaroan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren deialdi bat, 11 zeladore posturena, euskara eskakizuna «gehiegizkoa» zelakoan; orain, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du ebazpen hori, eta, hortaz, epaia finko bilakatu da. Hala jakinarazi du CCOO sindikatuak, erdara hutsez igorritako ohar baten bidez.

11 zeladore postu atera ziren lehiaketa publikora, eta haietatik hamarretan, C1 profila eskatzen zen. Lanpostuen %91 ziren horiek, baina, CCOOren iritziz, legeak ezartzen duen indizea da aplikatu daitekeen gehienekoa: %46,47 kasu honetan. Orain, berriro atera beharko da deialdi publikoa, baina eskakizun hori baztertuta.

CCOOren iritziz, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenak berretsi egin du administrazioek euskara eskakizunak «puzten» dituztela: «Haiek onartutako arauak ari dira urratzen». Sindikatuak uste du deialdia bertan behera utzita «berdintasun printzipioa» bermatuko dela.

CCOOk neurriak eskatu ditu «euskalduntze prozesuaren kostua langileen bizkar» egon ez dadin. Besteak beste, C1 maila lortu arte euskara ikastea doakoa izatea eta administrazio publikoan euskara ikasteko liberazioak ezartzea galdegin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA