Espainiako Kongresuak behin betiko onartu du haurrak eta nerabeak indarkeriatik babesteko legea

Alderdi politiko guztien babesa jaso du legeak, Voxena izan ezik. Aurrerantzean, adingabeen sexu abusuen preskripzio epea biktimak 35 urte dituenetik hasiko da kontatzen, eta ez 18 dituenetik. 70 milioi euroko finantzaketa izango du.

Haur batzuk jolasean, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 20a
17:30
Entzun

Tramite guztiak igarota, Espainiako Kongresuak behin betiko onartu du gaur haurrak eta nerabeak indarkeriatik babesteko legea. Haurrei babes handiagoa eskainiko zaie sexu abusuen kasuan, baita indarkeria matxista pairatu dutenean ere. Hori guztia egin ahal izateko, Ione Belarra Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroak iragarri du 70 milioi euroko finantzaketa izango duela. Espainiako Kongresuko alderdi politiko guztien babesa lortu du, Voxena izan ezik.

Aldaketa nagusietako bat sexu abusuen preskripzio epea luzatzean datza; hain zuzen, adingabeek jasandako sexu abusuen preskripzio epea biktimak 35 urte dituenetik hasiko da kontatzen, eta ez 18 dituenetik. Beraz, gutxienez biktimak 40 urte betetzen dituen arte ez dira preskribatuko delituak. Talde feministen beste eskaera bat ere jasoko du legeak: gurasoen alienazioaren sindromea (GAS) debekatu egingo dute.

Biktimei deklarazioa hartzean, berriz, delituak jasan dituzten 14 urtetik beherako adingabeek behin bakarrik deklaratu beharko dute auzibidearen instrukzio fasean. Legearen arabera, adingabeei hitza emango diete prozesu judizial eta administratiboetan, eta «delitu larriak» jasan dituztenek doan jasoko dute laguntza juridikoa. Bide horretan lagun izateko, asmoa dute adingabeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiak sortzeko. Gainera, herritarrek derrigorrez salaketa jarri beharko dute, indarkeria zantzuak ikusiz gero.

Indarkeria matxistaren ondorioak jasaten dituzte haurren eta gazteen egoerari ere erreparatzen dio legeak. Bisita erregimenak bertan behera geldituko dira indarkeria matxistaren biktima bat babesteko agindu judizial bat indarrean baldin badago, eta adingabeak indarkeria ikusi edo nozitu duela adierazten duten «egiaztatutako zantzuak» baldin badaude.

Bestelako hainbat neurri ere hartu dituzte: besteak beste, migratzaile adingabeak ezingo dituzte osorik biluzi haien adina zehazteko, eta debekatuta egongo da adingabeen zentroetan adingabeak lotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.