Espainiako Konstituzioaren mugez ohartarazi dute EH Bilduk, BNGk eta ERCk

Nazioak aitortu eta autodeterminazio eskubidea bermatuko duen prozesu konstituziogilea eskatu dute ezkerreko subiranistek. Espainiako Kongresuak omenaldia egin dio 1978ko Konstituzioari.

Espainiako agintariak, 1978ko Konstituzioaren aldeko omenaldian, gaur. CHEMA MOYA / EFE
Espainiako agintariak, 1978ko Konstituzioaren aldeko omenaldian, gaur. CHEMA MOYA / EFE
gotzon hermosilla
2026ko otsailaren 17a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

47 urte eta bi hilabete bete ditu Espainiako 1978ko Konstituzioak, eta, hortaz, gainditu egin du 1876an onartu eta Primo de Riveraren diktadurak bertan behera utzi zuena; orain, 1978koa da Espainiaren historian luzaroen iraun duen konstituzioa, eta, hori ospatzeko, ekitaldia egin dute Espainiako Kongresuan. Baina denak ez dira omenaldiak eta laudorioak izan: EH Bilduk, BNGk eta ERCk ez dute ekitaldian parte hartu, eta agiri bat plazaratu dute, 1978ko Konstituzioaren mugak agerian utzi eta nazioen errealitatea aintzat hartuko duen esparru politiko berria eskatzeko.

Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako hiru alderdi subiranistek adierazi dutenez, 1978ko Konstituzioa ez zen izan «benetako prozesu demokratiko baten emaitza», eta diktaduraren botere egiturek erabat baldintzatu zuten. Horregatik, testuak berretsi egin zuen nazioen «ukazioa», eta «eredu sozial bidegabe bat» ezarri zien gehiengo sozialari eta langileei.

Ia bost hamarkada igaro diren arren, konstituzio horren «jatorrizko defizit demokratikoa» ez da gainditu, alderdi subiranisten iritziz: «Gaur egungo esparrua ez da nahikoa gure herriek dituzten asmo nazional eta sozialei bide emateko. Batzuek gaur ospatzen duten konstituzio horrek berak jarraitzen du ukatzen eskubideen hedapena, herrien askatasuna eta ortzimuga politiko eta sozial berri baten eraikuntza».

EH Bilduk, BNGk eta ERCk berretsi dute herri guztiek dutela euren oraina eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea: «Nazio aniztasunaren aitortza ezin da erretorikoa edo subordinatua izan; politikoa eta eraginkorra izan behar du». Horregatik, nazioak aitortu eta autodeterminazio eskubidea bermatuko duen prozesu konstituziogilea eskatu dute, «gure herrien oraina eta etorkizuna bidezkoak eta askeak izan daitezen».

Espainiako Kongresuan egindako ekitaldian, Espainiako estatuburu Felipe Borboikoa, Pedro Sanchez gobernuburua eta Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznar gobernuburu ohiak egon dira, besteak beste.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.