Espainiako Poliziak zazpi gazte deitu ditu deklaratzera, inauterietan Iruñeko Alde Zaharrean gertatutakoen harira. Bihar egin beharko dute, ustez «desordena publikoak» eragiteagatik ikerketapean daudelako. 17 eta 23 urte arteko gazteak dira, gehienak adingabeak. Otsailaren 21eko kalejiran, testiguen arabera, Espainiako Poliziaren furgoneta batek 14 urteko gazte bat harrapatu zuen, eta neskatoa ospitaleratu egin behar izan zuten. Ikerketapean dauden gazteak mamoxarro jantzita zebiltzan kalejira hartan. Makila eta maskara konfiskatu, eta identifikatu egin zituzten orduan.
Gaizka Aranguren kazetariak sare sozialen bidez adierazi zuen bere semea dela horietako bat: «Gaur, espainiar polizia gure etxera etorri da. Semea dute orain jomugan. Mende bete. Lau belaunaldi jarraian. Aitatxi, aita, anaia, semea eta bostok». Arangurenek adierazi du semeak polizia etxera joan beharko duela «moxaurrez jantzita ibiltzeagatik», eta horren nahia Poliziak eginikoa estaltzea dela.
Testiguen arabera, poliziak Iruñeko Kale Nagusian agertu ziren, eta kalejiran parte hartzen ari ziren gazteak identifikatu zituzten. Horietako asko adingabeak. Momentu berean, Espainiako Poliziaren furgoneta bat sartu zen kalean, eta 14 urteko neskatoa harrapatu zuen. Neskatoa atxilotu eta polizia etxera eraman zuten. Ondoren, nola zegoen ikusitakoan eraman zuten ospitalera. «Gogor sartu ziren, eta 14 urteko gazte bat harrapatu zuten», adierazi zuen orduan Iruñeko Alde Zaharreko Jai Batzordeak: «Furgonetak gure auzoan abiada handiz sartzeak arrisku handia sortu zuen han jolasten ari ziren gazte guztientzat eta haien familientzat».
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak ez du azalpen ofizialik eman gertakariaz, baina, polizia sindikatu batek adierazi duenez, kalejiran parte hartzen ari ziren gazte batzuk apustu etxe batean sartu ziren, eta bertako jabeak poliziari deitu ostean bertaratu ziren. Halere, neskatoa harrapatu izana ukatu du Espainiako Poliziak, eta adierazi hura «furgonetaren ondoan erori» zela.
Sortutako egoera ikusirik, AZ Ekimena Iruñeko Alde Zaharreko herritar proiektuak biltzar herritar batera deitu du, martxoaren 6rako.