euskal herria

Espainiari "bazterkeriarik gabeko parte hartze politikoa" ahalbidetzeko eskatu dio Kataluniako talde plural batek

'Euskal Herriko bakearen eta demokraziaren alde' idatzia aurkeztu dute gaur Bartzelonan. 200 bat lagunek izenpetu dute.

2011ko martxoaren 30a
15:26
Entzun

ETAren "indarkeria desagertuta" dagoela-eta oinarrizko aldarrikapen batzuk "mahai gainean jartzeko tenorea" heldu delakoan, Kataluniako hainbat lagun ezagunek Euskal Herrian "bazterkeriarik gabeko parte hartze politikoa" ahalbidetzeko eskatu diote Espainiako Estatuari.

Euskal Herriko bakearen eta demokraziaren alde idatzia aurkeztu dute gaur eguerdian Bartzelonan, Kazetarien Kolegioan, uste baitute Kataluniak gaur egungo egoera politikotik aparte ezin duela gelditu.

Josep Lluis Carod Rovira Kataluniako Generalitateko eta ERCko presidenteorde ohiak, Gemma Calvet abokatuak, August Gil Matamala juristak, Antoni Batista kazetariak, Arcadi Oliveres ekonomilariak, Gabriela Serra bakearen aldeko mugimenduko kideak eta Jordi Porta Omniun kultur elkarteko kideak sustatu dute taldea. 200 bat lagunek izenpetu dute idatzia.

"Justiziaren erabilpen politiko onartezina" salatu, eta beste hainbat eskakizun egin dizkiote Espainiari, "Euskal Herrian normaltasun demokratikoa" egon dadin: "Manifestazio eta adierazpen eskubidearen berrezarpena", espetxe politikan aldaketak, "arlo polizialean normaltasun juridikoa"... Espainiak Euskal Herriaren erabaki eskubidea ukatzen duela azpimarratu dute, halaber.

Haien arabera, "Kataluniako arlo sozial, kultural eta intelektualeko ordezkaritza esanguratsu eta zabal" batek sinatu du idatzia, eta, lehengo astean ziotenez, Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoaren auziaren garaian eratu dute mugimendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.