Esparza prest azaldu da PSN eta PPrekin gobernu ituna egiteko

Lohizune Amatria.
Iruñea
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Javier Esparza Nafarroako Gobernuko presidente izateko UPNren hautagaiak esan du bere «marra gorria» Nafarroaren izaera instituzionala dela, eta, hori oinarri hartuta, PSNrekin eta PPrekin ituna egiteko prest dagoela. Esparzak adierazi du UPN dela«Nafarroaren gobernagarritasunaren giltza» eta «aldaketarako erreferentea». «Jendeak aldaketa eskatzen digu, eta hori da guk mahai gainean jarriko duguna».

Iruñean eginiko prentsaurreko batean, Esparzak azpimarratu du Nafarroa gobernatzeko akordioak beharrezkoak izango direla, eta UPNk soilik egingo dituela bere eredu politikoarekin bat egiten dutenekin: «PSN bat dator gure ereduarekin, eta baita PP ere», zehaztu du.

PSNko hautagai Maria Txibitek, berriz, UPN eta Bildurik gabeko gobernu bat posible dela nabarmendu du berriki, eta hori erdiesteko Geroa Bairi eta Ezkerrari egin die dei. Kazetarien galderei erantzunez, Esparzak esan du PSNk jakingo duela zer egin behar duen. «Nafarroa beste zerbait izatea nahi duten alderdiak daude, beste bandera bat dutenak; hori guretzako marra gorri bat da», adierazi du. UPNkoak, halaber, argi utzi du Geroa Bairekin ere ez duela itunik egingo, haren arabera, Nafarroa eta EAE bat egiteko aukera jasotzen duen Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapen iraunkorra babesten duelako Uxue Barkos hautagaiak; «eta guretzat soberan dago hori».

«Jarrera aldaketa»

Esparza irmo mintzatu da komunikabideen aurrean. Adierazi du alderdiaren «erabateko» babesa duela, baita Yolanda Barcina alderdiko presidentearena ere: «Dudarik gabe, eta publiko egin du, gainera». UPN «erabat aldatu» nahi duela esan du, baina, UPNren hautagaiak. «Alderdiaren berritzea ez da soilik aurpegi kontua, jarrera kontua ere bada. Argi hitz egiteko garaia da, zintzotasunez; itunak beharrezkoak direla argi izateko garaia da, akatsak aitortzeko garaia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.