Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Abuztuaren 12an, herritar gehienek begiratuko dute zerura eguzki eklipsea ikusteko asmoz. Ez da izango, beraz, zerura egindako ohiko begirada. Herritar gehienek ikusiko eta behatuko dute fenomeno astronomiko bat. Salbuespenezko fenomeno bat zeruan, salbuespenezko jokabide bat Lurrean.
Herritar gehienentzat salbuespenezkoa izango dena ohikoa, pasioa eta lana da Euskal Herrian espazioa ikertzen dutenentzat, bai unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan, bai enpresetan. Ikertzaile horietako hiru dira Ricardo Hueso, Naiara Barrado eta Silvia Bonoli. Planetetako atmosferak ikertzen dituzte Huesok eta Barradok; zulo beltz supermasiboak Bonolik.
EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan ikertzen dute Huesok eta Barradok, Zientzia Planetarioen Ikerketa Taldean, Fisika Aplikatuko Departamenduan. Hueso da ikerketa taldeko zuzendaria. Planetetako atmosferak ikertzen dituzte: Jupiterrekoa, Venusekoa, Martekoa... «Beste planeta batzuetako meteorologia egiten dugu», laburbildu du Huesok. «Atmosfera horiek ikertuta, Lurraren iragana aztertzen dugu, baita etorkizuna nolakoa izan daitekeen ere».
Hauts ekaitzak eta bortize polarra
Lurreko atmosferarekin alderatuta, oso ezberdinak dira, baina Lurrean gertatzen diren fenomenoak gertatzen dira haietan ere: hauts ekaitzak Marten, esaterako. «Marteko lurrazalean ikusten ditugun gauza asko Lurrean ere ikusten ditugu, baina beste eskala batzuetan gertatzen dira, beste faktore fisiko batzuk dituzte», zehaztu du Huesok. Hauts ekaitzak Lurrean baino sarriago gertatzen dira, eta indar handiagoa izaten dute. Oso handia, Barradok azaldu duenez: «Marten planeta osoa estaltzen dute. Hori hemen oraingoz ez da gertatzen».
«Beste planeta batzuetako meteorologia egiten dugu. Atmosfera horiek ikertuta, Lurraren iragana aztertzen dugu, baita etorkizuna nolakoa izan daitekeen ere»
RICARDO HUESOÂ EHUko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Ikerketa Taldeko zuzendaria
Lurrean gertatzen den beste fenomeno bat bortize polarra da: poloen inguruan (Artikoan eta Antartikan) biraka dabilen aire hotz eta ziklonikoaren zurrunbilo erraldoia. Lurraren estratosferan dago, eta poloetako aire masa trinkoa ingurune epeletatik bereizten laguntzen du. Batzuetan, zurrunbilo horrek egonkortasuna galtzen du, eta latitude baxuagoetara hedatzen da, muturreko hotz boladak eraginez. «Lurreko ozono geruzaren zuloa bortize polar baten ondorioz sortzen da», Huesoren esanetan, «baina aurreikusteko zaila da». Marten eta Venusen ere sortzen dira, baina ez dakite zergatik. Lurretik kanpoko fenomenoak ikertuta, Lurrekoak hobeto uler ditzakete.
Marten daude, Mars 2020 misioan —ESA Europako Espazio Agentziaren Mars Express-en ere parte hartu zuten—. Marten lur hartu zuen Perseverance ibilgailuak, eta ibilgailuak estazio meteorologiko bat du: MEDA. Haren datuak jasotzen eta ikertzen dituzte Bilbon.
Marteko eguraldia
Gizakia Martera bidaltzea jada ez da utopia. Bidaliz gero, planeta oso ondo ezagutu behar da. «Horretarako, funtsezkoa da hango atmosfera ezagutzea», nabarmendu du Barradok. Martera Eguzkiaren erradiazio handia iristen da. Hango atmosfera ez dago, Lurrekoa bezala, ozono geruza batek babestuta.
Marte oso ondo ezagutzen dute. Huesoren esanetan, eredu aurreratu batzuek aurreikus dezakete hango atmosferaren urtebeteko jokabidea. Hala ere, ez dakite, esaterako, hauts ekaitz batek noiz estaliko duen planeta osoa: «Badakigu hauts ekaitzen sasoi bat dagoela, baina ereduak ez dira gai esateko non sortuko diren eta zer-nolako indarra izango duten». Oraindik ezin dute eguraldi iragarpenik egin: «Ez daukagu teknologiarik Martera bidali dugun astronauta bati esateko hamar egun barru ekaitz handi bat egongo dela eta ezin dela atera modulutik. Horrek ez du esan nahi teknologia hori edukiko ez dugunik. Oso ondo ulertzen dugu Marteko atmosfera bere eskala nagusietan».

Jupiterrera bidean doaz, Juice misioan (Jupiter Icy Moons Explorer). 2023an jaurti zuten zunda, eta espero dute 2031ko ekainean iritsiko dela hara. Planeta eta haren hiru ilargi izoztu aztertuko dituzte (115 ilargi ditu): Kalisto, Europa eta Ganimedes. Ganimedesen orbitan jarriko dira. Zientzia Planetarioen Ikerketa Taldeak Jupiter eta haren atmosfera ikertuko ditu. Dena dela, Jupiterrera bidean, lanean ari da, eta hark bidalitako informazioa baliatzen ari dira ikertzaileak. «Esaten da txerriaren zati guztiak aprobetxatzen direla; bada, espazioko misioetan ere bai», egin du konparazioa Barradok. Juice zunda Lurraren argazkiak ateratzen ari da orain.Â
Venusen egon ziren —ESAren Venus Express misioa, 2006tik 2014ra—, eta berriro joango dira, Envision misioan. ESAk espaziontzi bat jaurtiko du 2030ean, eta Venusen orbitan ibiliko da, planetaren atmosfera eta lurrazala ikertzeko. Marte eta Venus Lurraren antzeko baldintzetan sortu ziren, baina haien eboluzioa guztiz ezberdina izan da: «Marten ur likidoa zegoen Lurrean bizia sortu zen garai berean, baina Martek atmosferaren parterik handiena galdu du, mundu hotz bat bihurtu da». Venuseko atmosfera ulertzea oso zaila da: «Planeta oso poliki biratzen da, gainerako planeten kontrako zentzuan, eta atmosfera, aldiz, oso azkar biratzen da».
Espaziotik herritarrengana
Halako ikerketetan garatutako teknikak gero herritarrengana irits daitezke, sakelakoetako kameretara, esaterako. Huesok irudien analisian lan egiten du, espaziotik iristen diren irudiak hobetzen, irudiei zarata kentzen —espazioko kutsadura elektromagnetikoak eragindakoa— eta mugituta ateratzen diren irudietatik —espaziontziak oso azkar mugitzen dira— informazioa berreskuratzen.
Ordenagailuekin lan egiten dute batez ere, espaziotik iristen zaizkien datuekin. «Argazkiei buruz hitz egiten ari gara, baina kamera horietara iristen den argia osagai ezberdinetan zatitzen dute», zehaztu du Huesok. Osagai horien bitartez jakin dezakete zein diren konposizio kimikoak, tenperaturak... «Baina, azkenean, datu multzoak ditugu», Huesoren arabera. «Ez da irudiak jasotzea eta kito», osatu du azalpena Barradok. «Tresna bat garatu behar da irudi horiek irakurtzeko». Datu asko dituzte. Jendea behar dute datu horiek guztiak prozesatzeko. Batzuetan teleskopioetara jotzen dute, behaketak egitera.
Izarren hilotzak
Silvia Bonoli italiarrak zulo beltz supermasiboak ikertzen ditu. Astrofisikaria da DIPC Donostia International Physics Centerren. Baina zer dira zulo beltzak? Oinarrizko azalpena: izarren hilotzak dira; izarrak erregairik gabe geratzen direnean, barrurantz kolapsatzen dira, eta zapalduta geratzen dira.
«Ez da espaziotik irudiak jasotzea eta kito. Tresna bat garatu behar da irudi horiek irakurtzeko»
NAIARA BARRADOÂ EHUko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Ikerketa Taldeko ikertzailea
Zientzialariaren azalpena osatuagoa da. «Izar bat, funtsean, erreaktore nuklear bat da: hidrogenoa erretzen du, eta helio bihurtzen», azaldu du Bonolik. Halako batean, prozesu hori bukatu egiten da, izarra erregairik gabe geratzen delako, eta, «hainbeste materia dagoenez», grabitatea kolapsatzen hasten da: «Lehen, grabitateak barrura bultza egiten zuen; erreakzio nuklear horiek, berriz, kanpora. Bi indarren arteko oreka zegoen, oreka oso zehatza, eta izarra oso egonkor mantentzen zuten milaka milioi urtetan». Oreka hautsi egiten da. Grabitate indarra sekulakoa da, atomoak puskatzerainokoa, guztia erakartzen du, guztia zapaltzen, eta «erabateko kolapsoa gertatzen da». Zulo beltzak sortzen dira.
Herritar askoren iruditerian sustraituta dago argiak ere ezin duela ihes egin zulo beltzetatik, eta zulo beltzek dena xurgatu egiten dutela. «Ezerk ezin du ihes egin zulo beltzetatik», baieztatu du Bonolik. «Zulo beltz baten masa hain da handia, ezen handik ihes egiteko argiaren abiadura baino handiagoa behar baituzu, eta ez dago ezer hori baino azkarragorik». Espazioko Gargantua baten modukoak ere badira: «Haien grabitate eremuaren barruan dagoen guztia irensten dute».
Lau milioi Eguzkiren parekoa
Bonolik, baina, ez ditu zulo beltz arruntak ikertzen, supermasiboak baizik: Eguzkiaren masaren halako milioi bat edo gehiago dituzten zulo beltzak. Zulo beltz supermasiboak daude ia galaxia guztien erdian, baita Esne Bidearen erdian ere: Sagitario A* izena du. Lau milioi Eguzkiren pareko masa du.
2022an erakutsi zuten haren lehen argazkia. Berez, argazkietan ez da zulo beltza ikusten, haren inguruko materia baizik, hark definitzen du zulo beltza. «Galaxiaren erdian, oso azkar mugitzen diren izar batzuk ditugu, ikusten ez den zerbaiten inguruan: zerbait iluna da», azaldu du. Izar horiek horrela mugitu ahal izateko materia ilun horrek zenbateko masa izan behar duen kalkulatu zuten: lau milioi Eguzki. Ondorioa: «Hain gauza handia hain espazio txikian egoteko, ez dago beste azalpenik: zulo beltz bat da». Sagitario A*.
Zulo beltzak, kokaguneari dagokionez, «egonkorrak eta lasaiak» direla dio: «Ez bada ezer gertatzen, galaxiaren erdian geratzen dira. Zulo beltzaren grabitate eremuak erakarrita materia iristen bazaie, jan egiten dute eta handitu egiten dira». Zulo beltz horien neurria haien galaxiaren neurriaren proportzionala izaten da.
«Ezerk ezin du ihes egin zulo beltzetatik. Zulo beltz baten masa hain da handia, ezen handik ihes egiteko argiaren abiadura baino handiagoa behar baituzu, eta ez dago ezer hori baino azkarragorik»
SILVIA BONOLIÂ DIPCko astrofisikaria
Bonolik, zulo beltz masiboei buruzko ikerketetan, galdera asko ditu erantzuteko: nola handitzen dira zulo beltzak halako masa izateko, galaxien proportzionala? Nola funtzionatzen du prozesu horrek? Nola hazi dira hain handiak izateko? Nondik etorri dira? Zerbaitengatik asko eta azkar hazi diren izarrak izan dira?
Ez dira ikertzeko errazak. «Oso urrun daude eta teknika oso aurreratuak behar dira hain gauza txikiak zehaztasunez ikusteko», azaldu du Bonolik. Zulo beltzen inguruko elementuek eta materiak isurtzen duten energia aztertzen dute, argia. Jasotako datuak interpretatu egiten dituzte. Argi horren espektroaren propietateetan oinarrituta, zulo beltzaren tamaina kalkulatzen dute.
Unibertsoa simulatzen
Sateliteetatik eta lurretik jasotako datuez gain, asko erabiltzen dituzte eredu teorikoak. Simulazioak egiten dituzte ordenagailuen bidez, gaur egungo zulo beltzak nola sortu eta garatu ziren jakin ahal izateko. Sekulako ariketa da: «Nolabait esateko, unibertso osoaren funtzionamendua simulatzen dugu ordenagailuan, galaxiak haien zulo beltzekin».
Badakite gaur egun unibertsoaren parte batean behintzat zenbat galaxia dauden. Galaxia horien hasieran, «unibertsoa oso gaztea zenean», zenbat zulo beltz zeuden simulatzen dute, eta kalkulatzen dute zulo beltz horiek nola haziko liratekeen gaur egun arte. «Ordenagailuan milioi bat galaxia definitzen ditugu, datuekin, eta mugitzen uzten diegu ordenagailuan, grabitatearen arauei jarraituz», zehaztu du Bonolik.
Alderatu egiten dituzte ordenagailuak izandako emaitza eta gaur egun dakitena, ea bat datozen ikusten dute: zulo beltzek zer neurri duten, galaxiako zer lekutan dauden, nola banatuta... «Bat baldin badatoz, ondo, zerbait egin daiteke; bestela, bestelako simulazio batzuk egin behar ditugu». Momentuan bat etorrita ere, gerta daiteke urte batzuk barru ikerketa batek hankaz gora jartzea aurretik pentsatzen zutena. «Orduan, berriro egin behar duzu lehen zuzena zela uste zenuena». Horixe da zientzia.
Eta ikerketa. Oinarrizko ikerketa egiten du Bonolik, eta oinarrizko ikerketaren garrantzia nabarmendu du. «Kuriositaterik gabe, ez ginateke gizaki izango», esan du jakin-minaren eta oinarrizko ikerketaren alde. Luzera begirako apustua da. Gogora ekarri du ezen, fisikaren garapenari eta ikerketari esker, gero aplikazioak sortu direla askotan, herritar guztien eskura: GPSak, izpietan oinarritutako teknologiak (infragorriak, ultramoreak eta X izpiak), teleskopioetako tekniketan oinarritutako aplikazioak...
HISTORIAN BIDAIATZEN
Zulo beltz supermasiboak ikertzen ditu Silvia Bonolik. Datuak orain jasotzen ditu, baina jasotzen duen informazioa aspaldikoa da. Izan ere, gaur egungo tresneriaren bitartez espaziotik jasotzen duen argiak denbora behar du bidaiatzeko. «Astronomook, urrunera begiratzen dugunean, iraganera begiratzen dugu», azaldu du Bonolik, oso modu garbian. Milioika urte egiten du atzera, eta paradoxa bat gerta daiteke: «Urrunen dauden zulo beltzak unibertsoak 500 milioi urte zituenekoak dira. Unibertsoak 13.500 milioi urte inguru dituenez, fotoi horiek 13.000 milioi urtean bidaiatu dute. Beraz, agian, orain ikusten duguna jada ez da existitzen».