Euskal presoak

Espetxe politikaz hitz egiteko, bilera egin dute Sarek eta Jaurlaritzak

Espainiako Gobernuak bi euskal presoren lekualdatzea iragarri ostean, urruntze politikaren eta salbuespen neurrien amaiera eskatu du Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak.

Oiartzabal, Azkarraga eta Fernandez, gaur goizeko bileran. SARE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko irailaren 14a
09:49
Entzun

Sare Herritarra Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiarekin batzartu da goizean. Sareren arabera, bileraren helburua izan da Jaurlaritzak "espetxe politikaren aldaketen inguruan Espainiako Gobernuarekin dituen harremanen berri jakitea, Eusko Jaurlaritzaren bide orriaren berri izatea eta Sarek auzi honen inguruan duen kezka eta aldarrikapenaren berri ematea".

Bileraren ostean, Inaxio Oiartzabal eta Joseba Azkarraga bozeramaileek hitz egindakoaren inguruko balorazioa egin dute, Marta Igarriz eta Kepa Arronategi presoak gerturatzeko erabakiei buruzko iritzia ematearekin batera. Oiartzabalek azaldu du bilera "ongi" joan dela, "hainbat iritzi zein lan lerro elkarbanatu" dituztela. Kezka ere adierazi du halere, uste baitu, azken mugimenduek ez diotela erantzuten "ez legeak dioenari, ez giza eskubideen errespetuari, ez eta jendartearen gehiengo batek, maila sozialean zein instituzionalean, eskatzen duenari".

Bi euskal preso Zuerako espetxera (Zaragoza, Espainia) eta Logroñokora (Errioxa, Espainia) lekualdatuko dituela iragarri zuen, atzo, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak, eta erabakia baloratu du gaur Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak ere, Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan. Haren esanetan, "asko dago egiteko" Espainiako Gobernuak agindutakoa bete dezan. Ohartarazi du Madrilek ez duela oraindik euskal presoen urruntze politika amaitu. Nabarmendu duenez, Pedro Sanchezen gobernua ez da betetzen ari emandako hitza, eta presoen eta haien senideen itxaropenarekin "jokatzen" aritzea leporatu dio.

Sanchezen gobernuak iragarri zuen gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urtetik gorakoak Euskal Herrira hurbiltzen hasiko zela, presoen egoera "banan-banan" aztertuta. Espetxe zuzendaritzak atzo jakinarazi zuen Marta Igarriz Castelloko espetxetik (Herrialde Katalanak) Logroñokora lekualdatuko duela eta Kepa Arronategi, berriz, Almeriako espetxetik (Andaluzia, Espainia) Zuerako espetxera.

Iriarteren esanetan, urratsa ez da nahikoa. "Urruntzea amaitzeko eskatzen dugu, preso guztiak Euskal Herrian egon daitezela, eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak eta 70 urtetik gorakoak aske gelditu daitezela". "Hitzetatik ekintzetara" igarotzeko galdegin dio Espainiako presidenteari. Iriartek gaineratu du, "ziurrenik", Sanchezek "bertigoa" izan duela agindutako pausoak emateko.

Zenbait biktima elkartek ezinbestekotzat jo dute presoak presoek damua agertzea Euskal Herriratu ahal izateko. Biktima horien baldintzei buruz galdetuta, Iriartek adierazi du presoek onartu dutela eragindako mina, eta gaineratu du leporatzen zaizkien delituak berriz ez egiteko bermea ziurtatuta dagoela, ETA existitzen ez denez gero. "Ezin dira baldintza zerrendak egin. Legea bete beharra dago".

Etxerat, Euskal Herriratzearen zain

Etxerat elkarteak ere euskal presoen Euskal Herriratzea galdegin du, Igarriz eta Arronategiren lekualdatzearen berri jakin ostean. "Euskal preso guztien hurbilketa itxaroten gaude, eta, horrekin batera, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna".

Ohar bidez azaldu duenez, beti izan dira euskal presoak Logroñoko eta Zuerako espetxeetan —egun preso bat dago Logroñon eta bederatzi daude Zueran—, "azken 30 urtetan haiei aplikatu zaien sakabanaketa politikaren baitan". Horrenbestez, Etxerat-ek ez du neurria garrantzizkotzat jo, eta nabarmendu du ez dagoela "arrazoi bakar bat ere" euskal presoak Zaballako espetxera ez hurbiltzeko. "Gure senide presoen eta gure eskubideak errespeta ditzaten exijitzen dugu berriro ere. Espainiako Gobernuak euskal presoak gerturatzeko konpromisoak hartu eta aurrera eramaten ez baldin baditu, presoen senide eta gertukook, hau da, lau milatik gora euskal herritar gure bizitza, segurtasuna, osasuna eta ekonomia kolokan jartzera behartuak izango gara aurrerantzean ere".

Espetxe Zuzendaritzak lekualdatzeen agindua jakinarazi aurretik, Etxerat-ek agerraldia egin zuen, atzo. Espainiako Gobernuari leporatu zion kea saltzea eta presoen senideen sufrimenduarekin jolasten aritzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.