Espetxean suizidioak prebenitzeko protokoloa ondu du Jaurlaritzak

Profesionalen arteko koordinazioa da oinarrietako bat, eta preso laguntzaileen rola indartuko du

Zaballako espetxeko osasun zentroa, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko maiatzaren 06a
00:00
Entzun
Zaballako (Araba) espetxeko preso batek eta Martuteneko (Gipuzkoa) beste batek beren buruaz beste egiteak jopuntuan jarri zituen Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko suizidioen prebentziorako programaren mugak. Hura berrikusi du orain Berdintasun, Justizia eta Gizarteko Politikako Sailak, eta beste protokolo bat ezarri; besteak beste, «preso laguntzaileen» figura indartzea aurreikusi du.

«Osasun publikoko arazo bat» da suizidioarena, eta hala jaso dute Jaurlaritzak espetxeetarako ondutako protokoloak ere, espetxeetako lanaren oinarrizko helburuen artean kokatuta «osasunaren promozioa eta suizidioaren prebentzioa». 2014ko protokoloa berritzea dute helburu, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako suizidioaren prebentziorako programaren nondik norakoak definituko dituzte.

Espetxeetarako Eusko Jaurlaritzaren aholkulari Jaime Tapiak azaldu duenez, protokoloak lotura zuzena du osasun mentalarekin, eta gizartean aferak hartu duen garrantziarekin: «Guztiz beharrezkoa zen gai honi heltzea». Hala, adierazi du EAEko estrategiaren pean kokatu behar dela espetxeetako protokoloa.

Justizia zuzendaritzak jada bidali die instrukzioa espetxeei, eta gauza bera egin du Osakidetzak ere dagokien profesionalekin. Halere, Tapiak adierazi du protokoloan zehaztutako elementu ugari indarrean daudela jada. Berritasunak, berriz, datozen hilabeteetan «barneratzea» da asmoa, nahiz eta protokoloa «une oro» berrituz joango den.

Oinarrietako bat arlo guztietako profesionalen arteko koordinazioa areagotzea da; hau da, arlo guztietako profesionalek zein hirugarren sektoreko kideek, boluntarioek eta senideek parte hartuko dute. «Denon eginkizuna da pertsonak zaintzea; hori da gure helburua», adierazi du Tapiak. Izan ere, esan du sarri ez direla medikuak eta psikologoak izaten suizidio arriskua atzematen dutenak, inguruko pertsonak baizik.

Halere, presoak prebentziorako programan sartzeko eta jarraipena egiteko funtzionamendu zehatz bat ezarri dute. Zentroko zuzendaria izango da arduradun nagusia, eta haren azpitik leudeke tratamendu eta segurtasun zuzendariordeak, buru osasuneko eta lehen arretako zerbitzuburuak. Era berean, medikuen eta psikologoen txostenak izango dituzte horiek oinarri preso bati programan alta edo baja emateko.

Arrisku egoera batean «lehenbailehen» ekin beharra ezartzen du protokoloak. Behin programan sartuta, berriz, astero osatuko da txosten bat, eta horren araberako erabaki bat hartuko. Ez da egongo programan mantentzeko gutxieneko edo gehieneko epe mugarik; eboluzioaren araberakoa izango da, eta baja progresiboak sustatuko dira. Gainera, jarraipena ez da hor etengo. Presoak espetxean jarraitzen badu, tratamendu batzordea arduratuko da lanaz aurrerantzean, eta kartzelatik ateratzen bada, osasun zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen bidez egingo da, «kanpoko arriskuak ahal den heinean ekiditeko». Hala, komunitatearen eta espetxeen arteko harremana indartzea ezinbestekotzat jo du Tapiak: «Komunitate eta politika publikoen printzipioa gure espetxe ereduan dago».

«Sostengu osoa»

Protokoloak presoei zuzendutako formakuntza eta dibulgazio jarduerak ere aurreikusten ditu, eta preso laguntzaileen figura ere indartuko du. Horiek ziega konpartitutako dute arriskuan dauden presoekin, eta lan hori egiteko prestakuntza jasoko dute Aukerak erakundearen partetik. Asmoa da «arrisku faktoreak» atzemateko gai izatea, «entzute aktiboa» egiten ikastea, eta depresioaren eta lehen sorospenen inguruko ezagutzak eurenganatzea. Horrez gain, baina, Tapiak azaldu du preso laguntzaileen rola ez dela «zaintzara» mugatzen: «Sostengu osoa ematen dute, entzun, animoak eta laguntza eman». Justizia zuzendaritzaren helburua da espetxe bakoitzeko presoen %2-3 prestatzea lan horretarako.

Kasu jakinei zuzendutako programan soilik ez, espetxeen antolaketan ere aldaketak egingo dituzte, hala nola harrera protokoloaren funtzionamendua zaindu, espetxeratzeez arduratzen den talde teknikoa «informatu eta sentsibilizatu» eta sarrera departamentuan preso laguntzaileak egotea bermatu. Horrez gain, arriskua atzematen den kasuetan soilik ez, preso bat espetxeratzean edo lekualdatzean haren egoera aztertuko dute medikuek eta psikologoek.

Protokoloaren arabera, arrisku bereziko kolektiboak dira gazteak, emakumeak eta transgeneroak, eta horien ezaugarriei erantzuteko ekintzak prestatuko dituzte. Era berean, indar egingo dute arrisku bereziko uneetan; besteak beste, bakartzea edo erregimen itxia ezartzean, familia egoera larrietan, espetxetik irtetear daudenean, eta gaixotasun mentalak edo alkohol eta droga kontsumoarekin arazoak dituztenean. Halere, Eusko Jaurlaritzaren aholkulariak uste du faktore horiek kontuan hartzen diren lehendik, eta orain dokumentu batean jarri dela esperientziak eta ikerketek erakutsitakoa.

Azterketa

Protokoloak suizidio bat gertatzen denean nola jokatu ere zehazten du. Batetik, haren inguruko presoei, langileei eta senideei informazioa eta babesa eman beharra ezartzen du protokoloak. Bestalde, jazotakoaren inguruko azterketa egiteko urratsak zehazten ditu: gertatutakoaren sekuentzia kronologikoa aztertu, protokoloekin alderatu akatsak identifikatzeko, horiek eragin dituzten faktoreak eta horien kausak identifikatu eta horiek zuzentzeko ekintzak martxan jarri.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 2019tik bederatzi lagunek egin dute euren buruaz beste Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletan. Dokumentuan azaldu dutenez, suizidio tasa gizartean baino sei aldiz handiagoa da espetxe zigorra betetzen ari direnen artean, eta 7,5 aldiz handiagoa espetxean behin-behinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.