Gizartea

Espetxeko heriotzak ikertzeko ekimen falta salatu dute

Zaballako espetxean zendutako azpen presoaren gorpua erraustu dute autopsia egin ondoren, baina horren txostena ezagutarazi aurretik; horrek bigarren autopsia egitea galarazten du.

Gaur goizean egindako elkarretaratzea. HALA BEDI
Jon Rejado.
2019ko maiatzaren 8a
07:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herria, Espainia eta Kataluniako hainbat elkartek manifestu bat sinatu dute, espetxean heriotza gehiago gerta ez daitezen. Salhaketak sustatu du ekinbidea. Presoen eskubideen alde lan egiten duen elkarteak gogora ekarri du urte hasieratik lau gizon hil direla Arabako espetxean: horietatik hiru gutxienez 30 urte baino gutxiago zituzten. “Kezkatuta” daudela azaldu dute manifestua sinatu duten elkarteek. Espetxeko heriotzen zergatiak argitzeko ekimen falta antzeman dute agintari politiko eta judizialen artean. “Egoera onartezina da, batez ere ezbehar horiek saihestea zegoelako indarrean dagoen araudia baliatuta”, hausnartu dute.

Zaballan gertatutako azken heriotza salatzeko, eta manifestuaren berri emateko, Salhaketak elkarretaratzea egin du gaur goizean, Gasteizen. Bertan egon dira hil diren azken bi presoen senideak: Jonathan Costillasenak, apirilaren hasieran zendutakoa, eta Xabier Gonzalez Garciarenak, apirilaren amaieran hildako azken presoarenak.

Salhaketako kideek Gonzalez Garciaren gurasoen hausnarketak ezagutarazi dituzte. Espetxeko iturriek telefonoz ezagutarazi zieten haien senidea hil zela, Jonathan Costillaren presoaren kasuan egin zuten bezala. Halaber, administrazioak ez ditu senideak babestu prozesu osoan, ez laguntza psikologikoa emanez, ezta prozesuan lagunduz.

Aurreko heriotzan ez bezala, espetxeko zuzendariarekin bildu ziren familiako kideak. Bilera horrek bost minutu baino ez zituen iraun. Heriotzen zergatiek gainean galdetu ziotenean, zuzendariak bilera amaitutzat eman zuen. Xabier Gonzalezen familiak azaldu du auzitegietara joko dutela argibideak eskatzeko. Horren harira gaineratu dute haren gorpua erraustu dutela jadanik, lehen autopsiaren txosten osoa ezagutarazi aurretik. “Horren ondorioz, behar izatekotan, ezinezkoa litzateke bigarren autopsia bat egitea”, azaldu du Salhaketako kide Adrian Donnayk.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.