Indarkeria matxista

Espetxeratu egin dute Barakaldoko erasoagatik atxilotutako gizona

Aurrekariak zituen sexu abusu delitu batengatik. Larunbat gauean izan zen erasoa.

Asteburuko erasoa gaitzesteko atzo arratsaldean Barakaldon eginiko elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2019ko abuztuaren 28a
15:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Larunbat gauean jazo zen erasoa. Bi saltoki handiren inguruetan, gizonezko bat andrazko bati oldartu zitzaion; emakumea bortxatzeko ahalegina egin zuen, baina hark kontra egin zion. Nahi zuena lortu ezin zuela ikusita, emakumea han inguruko pendoitz batean bota zuen gizonak. Emakumeak ertzainengana jo zuen erasoa salatzera. Haiek igandean atxilotu zuten gizonezkoa, Trapagaranen (Bizkaia). Astelehenean eraman zuten epailearengana, deklaratzera, baina luzatu egin zioten atxiloaldia; azkenean, atzoko azken orduan, 28 urteko gizona espetxeratzea erabaki zuen Barakaldoko epaile batek.

Aurretik ere, Poliziak atxiki izan du sexu abusuak egitea leporatuta; apirilean, Barakaldon, zehazki. Barakaldoko Udalak adierazpen bat onartu zuen atzo erasoa gaitzesteko: "Tinko arbuiatzen dugu andreen osotasunaren eta bizitzaren kontrako edozein motatako ekintza edo jarrera".

Udalak, halaber, bat egin zuen herenegun arratsaldean mugimendu feministak erasoa salatzeko egina zuen elkarretaratzerako deiarekin. Argitan emakumeentzako aholkularitza zentroak egin zuen protestarako deia. Horrekin batera, instituzioei mintzatu zitzaien; gogorarazi zien gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko estrategia beteak behar direla erasoak eragozteko, eta "autodefentsa feminista" dela erasoon aurkako biderik osoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.