Pozik dago Ekaitz Etxean! ekimena azken asteotan eskubide zibil eta politikoen alde egindako lanaren emaitzarekin. Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarrari elkartasuna adierazteko abiatutako lan dinamika oso baikorra izan dela iritzi diote ekimeneko kideek. Haatik, argidaukate azken asteotan egindako lanak «abiapuntua» besterik ez duela izan behar, eta horregatik, «espetxeratutako lagun bakoitzeko, epaiketa politiko bakoitzeko eta urratutako eskubide zibil eta politiko bakoitzeko» mobilizatzera deitu dute.
Bi helburu lortu dituztela nabarmendu dute Ekaitz Etxean! ekimeneko kideek. Bata, «eskubide zibil eta politikoen erasoa agerian uztea eta jendarteari zabaltzea», eta bigarrena, «lan politiko eta sozialaren kriminalizioa eta errepresioa» pairatzen duten beste herritar eta kolektiboei babesa agertzea.
Bi helburu horiek lortzea posible izan bada, norbanakoen eta taldeen «laguntza, konplizitate eta konpromisoagatik» izan dela nabarmendu dute. Gizarte eta kultur eragile askoren atxikimendua jaso du Ekaitz Etxean! ekimenak, eta horientzat denentzat esker oneko hitzak izan dituzte.
Samaniegoren kasuaren inguruko salaketa eta jendarteratze lanari dagokionez, ekimeneko kideek azpimarratu dute «milaka pertsonak» ikusi dituztela gaztearen egoeraren bideoak, eta «jendetsuak» izan direla oso haren alde antolatutako itxialdi eta manifestazioak.
Bestalde, adierazi dute Samaniegoren kasuaren inguruko salaketak gisa bereko ehunka kasuri aurre egiteko balio izango duela. Gogoratu dutenez, aste honetan bertan Espainiako Auzitegi Nazionalak sei gazteri espetxe zigorraezarri die lan politikoa egiteagatik, eta larunbatean Ertzaintzak bost pertsona identifikatu zituen eta zigor ekonomikoa ezarri zien Gasteizen, eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioaren ostean. Horiek horrela, herriz herri eta auzoz auzo lan egiten jarraitzeko deia egin dute Ekaitz Etxean! ekimenekoek, «konpromisoa, mobilizazioa,elkartasuna, eta desobedientziaren ildoan sakonduz».
Bestalde, konponbidearen alde eta azken atxiloketen aurkako elkarretaratzea egin zutenatzo arratsaldean Gasteizen, hainbat alderdik eta gizarte eragilek deituta. Besteak beste, ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba, LAB, EILAS, Etxerat, Bilgune Feminista eta AAMk deitu zuten elkarretaratzea.
«Espetxeratutako lagun bakoitzeko» mobilizatzera deitu du Ekaitz Etxean-ek
Ekaitz Samaniegoren aldeko mugimenduak «desobedientzian» sakontzera animatu ditu herritarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu