Estatuaren biktimek «gizatasuna» galdegin dute

Biktimek eta Paco Etxeberria adituak agerraldia izan dute legebiltzarrean. Lege egitasmoari buruzko iruzkinak egin dituzte

gotzon hermosilla
2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hasi da Eusko Legebiltzarrean 1978 eta 1999 bitartean izandako «legez kontrako errepresio egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta ordaina emateko» lege proiektua taxutzeko lanak, eta Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordeak zenbait biktima eta adituren testigantzak entzuteko aukera izan du, EH Bilduren eskariz. Haien ekarpenekin lege egitasmoa hobetu guran. Egiari Zor elkartearen eskutik, hiru biktimak lekukotasuna eman dute, «tratu gizatiarragoa» eskatu dute, eta argi utzi dute diru ordainetatik harago «alde humanoari» erreparatu behar zaiola.

Begoña Martinez de Murgia—haren neba Mikel Martinez de Murgia Guardia Zibilak hil zuen 1972an—, Eneko Etxeberria —Joxe Migel Etxeberria Naparra BVEk desagerrarazitako errefuxiatuaren anaia— eta Ibon Larrinaga —pilotakada baten ondorioz begia galdu zuen 1988an— agertu dira batzordekideen aurrean, eta euren testigantzaren berri eman dute. Martinez de Murgiak deitoratu du nebaren kasua ez dela agertzen Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko Memoriaren Mapetan, gertatutakoaren inguruko «bertsio kontrajarriak» daudelakoan. «Frankismoaren krimenak aipatzen dira, baina, gero, badirudi frankisten bertsioa ontzat ematen dela», esan du.

Eneko Etxeberriak «babesgabetasuna» salatu du. 1999an familiak kereila aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina Ismael Moreno epaileak auzia itxi zuen, eta geroztik, hori baliatu du Espainiako Gobernuak Naparra «terrorismoaren biktima» gisa ez onartzeko.

Larrinagak, berriz, begia galdu zuen 14 urte zituenean, Espainiako Polizia Nazionalak jaurtikitako gomazko pilota batek aurpegian jota. Bere kasuan gertaeren errenkada nola suertatu zen azaldu du: «Lehenbizi, Polizia zigorgabetasun osoz aritzen dela ikusten duzu. Gero, iristen dira gobernadore zibilaren adierazpenak, non Poliziaren jarrera ontzat ematen den eta biktima gaizkile gisa hartzen den. Hedabideek bertsio hori bere egiten dute, eta, azkenik, alderdi politikoen isiltasuna dago».

Paco Etxeberria auzitegi medikuak ere hitz egin du Eusko Legebiltzarreko batzordean. Lege egitasmoa goretsi du, eta «oso ondo egituratuta» dagoela nabarmendu du, baina ohartarazi du zenbait gabezia ere badituela. Adibidez, esan du lege egitasmoa «ongi pentsatuta» dagoela lesio fisikoetarako, baina ez giza eskubideen urraketek utzitako ondorio psikologikoetarako. Horregatik, proposatu du lege egitasmoak aurreikusten duen balorazio batzordean psikologoek ere parte hartzea.

Beste arazo bat ere jarri du Etxeberriak mahai gainean: zenbait kasutan, dagoeneko badago auzitegi mediku batek egindako txostena, normalean bertsio ofizialarekin bat etortzen dena, «agintariak tartean zeudenean auzitegi mediku askoren jarrera izaten zelako begien bistakoa baino ez jasotzea, harago joatekotan arazoak egongo zirena jakitun zeudelako». Kezka agertu du Etxeberriak, horrek auzitegi medikuen oraingo lana baldintzatu ote dezakeen.

Agerraldiaren helburua kanpoko eragileen iritzi eta ekarpenak jasotzea bazen ere, zenbait batzordekidek ere zalantza batzuk agertu dituzte, eta, esaterako, EH Bilduko Julen Arzuaga eta PSE-EEko Patxi Elola bat etorri dira, lege egitasmoaren euskarazko izenburuan ordaina berba agertzen delako eta horrek diru arloari larregizko garrantzia ematen zaiola irudika dezakeelako. Edozein modutan, batzordekideek nabarmendu dute lege egitasmoaren inguruko prozedura lehenengo urratsak egiten ari dela oraindik eta aurrerago egongo dela aukera horrelakoak konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.