Jarkik agerraldia egin du gaur, Durangon (Bizkaia), Espainiako Konstituzioaren urtemugaren harira manifestazio baterako deia egiteko. Espainiako eta Frantziako konstituzioen «menpekotasunari» aurre egiteko bide bakarra apurketa eta konfrontazioa direla sinetsita, horixe aldarrikatuko dute abenduaren 6an egingo duten manifestazioan, Durangon, 19:00etan.
Salatu dute Frantziak eta Espainiak tantaz tanta disolbatu nahi dutela Euskal Herria euren estatuen proiektu politikoetan. «Eusko Herriko langileak morrontzara eta azpiratuta egotera kondenatzen gaituzte», adierazi dutenez.
Euskal Herri independente eta sozialista defendatu dute, eta horretarako bidea badela uste dute: «Langileon esku dago inposatzen diguten errealitate horrekin apurtu eta Euskal Herri independente eta sozialista baterako ateak parez pare irekiko dituen errealitatea eraikitzea». Erantsi dute alternatiba iraultzailea sortu beharra dagoela horretarako, «apurketaren bitartez igarotzen baita estatuen botere eta neurrigabekeriaren amaiera eta Euskal Herriko langile klasearen proiektu politikoaren gauzapena».