«Estatuen subiranotasun baztertzailetik» haragoko Europako Batasun bat aldarrikatu du Urkulluk

Eatlantic fundazioko buru gisa egindako lehen hitzaldian, Europako Batasunerako konstituzio berri bat egitea proposatu du, «Euskadi nazio gisa garatu» eta bere lekua izan dezan.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Iñigo Urkullu, buru den fundazioaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Iñigo Urkullu, buru den fundazioaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
aitor biain
2025eko uztailaren 8a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Iñigo Urkulluk joan den maiatzean aurkeztu zuen Europako Batasunari begira ariko den Eatlantic fundazioa. Haren gobernabidean eragin asmo duen talde bat da, helburu duena «ardatz atlantikoa indartzea» eta euskal erakundeek Batasuneko erabakiguneetan duten parte hartzea areagotzea. Bada, asmo horiek berretsi ditu lehendakariak gaur EHUren Udako Ikastaroetan egindako hitzaldian. EB berri bat galdegin du, «estatuen subiranotasun baztertzailetik» harago joango dena eta Europako herrien aterpe izango dena.

Gobernantza partekatua (des)ordena globalean beharrezkoa den Europarako hitzaldian, multilateralismoa suspertzearen alde egin du Urkulluk. Azaldu du mundua «paradigma aldaketa» betean dagoela, eta estatuak jada ez direla gai erronkei alde bakarrez heltzeko. Izan ere, adierazi du gero eta agerikoagoa dela nazioarteko harremanak antolatu eta gatazkak eragotziko dituzten arauak ez ezik horiek betearaziko dituen nazioz gaindiko lidergo partekatu bat ere falta dela munduan.

Kooperazioa da horri erantzuteko giltza, haren hitzetan. Eta uste du EBk baduela zeresana alor horretan: «Gaur egungo testuingurua argituko duen itsasargia izan behar du». Talde komunitarioak nazioartean duen protagonismoa indartu behar duela iritzi dio, eta integrazioan urrats gehiago egin behar dituela, «testuinguru globalaren hutsaltasunean» gelditu nahi ez badu. Hala ere, azpimarratu du ezinbestekoa dela EBk bere oinarriak eguneratzea eta gaur egungo beharretara egokitzea.

«Europako Batasuna inoiz baino beharrezkoagoa da gizarte gisa ditugun erronkei eta ziurgabetasunei aurre egiteko. Gaur egungo testuingurua argituko duen itsasargia izan behar du» 

IÑIGO URKULLUEatlantic fundazioko presidentea

Horretarako, Europako konstituzio berri bat eratzea proposatu du, batasunak «ilusioa» piztu dezan herritarrengan, eta integrazioa «pragmatismoarekin» uztartu dadin: «Europak bere historiako erronka ilusionagarrietako bati egin behar dio aurre: bizikidetza publikorako eredu berri bat eraikitzea, egungo sistema politikoak elkarren ondoan jartzeaz gain, askatasunean, berdintasunean, ekitatean, elkartasunean, justizia sozialean, aniztasunean eta garapen iraunkorrean oinarritutako gizarte berri bat hartzeko eta garatzeko gai izango den demokrazia berri bat».

Makroeskualdearen beharra

EB berri horrek, ordea, ezinbestean aintzat hartu behar ditu tokiko administrazioak, eta haien parte hartzea bultzatu behar du, Urkulluren hitzetan. Horregatik, iritzi dio integrazio prozesu hori «behetik gora» egin behar dela, «maila anitzeko gobernantza» eskema batean oinarri hartuta, eta estatuz azpiko erakundeen gaitasunak baliatuz, bereziki eskumen legegileak dituztenenak. Horrek ahalbidetuko luke, hain zuzen ere, «Euskadi nazio gisa garatzea» eta EBn bere lekua izatea.

Bide horretan, Makroeskualde Atlantikoa sortu behar dela aldarrikatu du, iritzi baitio Batasunaren barruan egun dauden «desorekak» konpontzeko «tresna» izango litzatekeela, ardatz horren «etorkizuneko oparotasuna» finkatzeko ez ezik, bere behar eta berezitasunak EBren agendan txertatzeko aukera ere emango lukeelako. «Eatlantic fundazioak helburu horren alde lan egin nahi du», azpimarratu du Urkulluk.

Lehendakari ohiak ziurtatu du Europako Batasuna «inoiz baino beharrezkoagoa» dela gizarteak dituen etorkizuneko erronkei eta ziurgabetasunei aurre egiteko. Horregatik, haren gizarte eredua eta partekatzen diren balioak babesteko eskatu du, «populismoa desaktibatzen» laguntzeko: «Gure Europak, gaur egun, inoiz baino gehiago, bizitzaren ikuspegi propioa duen eraikuntza politikoa irudikatu behar du, eta, akatsak gorabehera, defendatzea merezi du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.