'Euskadiren eguna'

Estatutuak «elkarbizitza» eraikitzen duela dio Lopezek

Euskadiren Eguna ospatu du Jaurlaritzak, eta, tartean, Gernikako Arbolaren Gurutzea eman dio Ardanzari

Patxi Lopez jarduneko lehendakaria, atzo, Eusko Jaurlaritzak saritutakoekin batera. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Askatasuna, herritarrak, demokrazia eta autogobernua». Lau zutabe horien balioa aldarrikatzeko baliatu zuen atzo Patxi Lopez Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak Euskadiren Eguneko ospakizun instituzionala. Haren esanetan, balio horiek biltzen dituzte Gernikako Estatutuak eta autogobernuak, eta, horregatik, agindu zuen datorren legealdian horien alde lan egingo duela. Lopezen ustez, herritar guztiek «partekatzen» dituzten sinboloak dira, ezinbestekoak «elkarbizitza eraikitzeko». «Elkarrekin bizitzeko borondatea islatzen dute Estatutuak eta autogobernuak, eta aro berri honetan horien alde lan egingo dut».

2009an Eusko Legebiltzarrak Euskadiren Eguna jai ofizial izendatu zuenetik, egun hori ospatu du Jaurlaritzak azken bi urteotan, ekitaldi solemne batekin. Atzokoa Lopezen azken ekitaldia izan zen lehendakari gisa, eta jendetza bildu zen lehendakaritzako egoitzan. Eragile politiko eta sozial ugari batu ziren; tartean, Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia. Ekitaldian, aurreko urteetan bezala, Lan Onaren eta Lagun Onaren goraipamenak banatu zituen Lopezek: aurten, Eibarko Armeria Eskolako zuzendari Jose Luis Novorak, Ramiro Pinilla eta Ramon Saizarbitoria idazleek eta Londresko Joko Olinpikoetan dominak irabazi dituzten euskal kirolariek jaso dute Lan Onaren Saria, eta Frantziako Errepublikak, berriz, Lagun Onaren Goraipamena. Halaber, Gernikako Arbolaren Gurutzea jaso du Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak. Jaurlaritzak banatzen dituen goraipamenen artean handiena da sari hori, eta «Euskadiren nortasunaren alde» lan egin dutenak omentzen ditu.

Lehendakariak «herritar bakoitzaren identitatea» defendatu zuen bere hitzaldian. «Guztiok onartu behar dugu ezin zaiola beste identitate bat inori inposatu». Haren ustetan, hasi den aro berrian alderdi politikoei dagokie «formulak bilatzea» sentsibilitate guztiak «eroso» senti daitezen. «Tolerantzia» ezinbestekotzat jo zuen, eta autogobernuaren formula aldarrikatu zuen, horretarako bidea ematen duelako.

Garai berriaz mintzatu zen Ardanza, halaber, Lopezen eskutik goraipamena jaso zuenean. Ohartarazi zuen ETAk indarkeria utzi ostean hasitako aroa ezin dela eraiki «ahanzturaren» gainean, eta, etorkizunari begira, elkarrizketa aldarrikatu zuen, akordio zabalak lortzeko. Ekonomikoki «garai zailak» izan arren, «itxaropenari» eusteko deia ere egin zuen Ardanzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.