EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Esteban eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria jeltzaleen talde parlamentarioarekin batzartu dira gaur, Eusko Legebiltzarrean, joan den osteguneko politika orokorreko eztabaidaren balorazioa egiteko. EBBko idazkari Maitane Ipiñazar alboan izan du Estebanek, eta hasi berri den urte politikoaren azterketa egin dute bileran.
EAJk jakinarazi du datozen hilabeteetarako agendaren erronka eta lehentasun nagusiak jorratu dituztela, «herritarren egunerokoan dauden gaiei arreta berezia jarrita, hala nola etxebizitzari, segurtasunari, osasunari, industriari eta euskarari». Legebiltzarrari dagokionez, mahai gainean dauden «garrantzi bereziko bi lege proiektuak aztertzeko» ere balio izan du batzarrak: etxebizitzaren arloko premiazko neurriei buruzko legea eta EAEko hautaketa prozesu publikoetan euskara blindatzeko eta segurtasun juridiko handiagoa emateko lege proposamena. EAJk bultzatutako bi ekinaldi dira horiek.
Hitzordu horren bidez, EAJk berretsi du Eusko Jaurlaritzaren, Euzkadi Buru Batzarraren eta talde parlamentarioaren artean «modu kohesionatuan» lan egin nahi duela. Estebanek EBBko lema hartu zuenean, Andoni Ortuzarren lekukoa hartuta, iragarri zuen EBBk bere eleduna izango zuela eta gaurkotasun politikoari buruzko iritziak ere plazaratuko zituela, ordu arteko dinamika apur bat berrituta.