Estebanek EAJren bidea goratu du alderdiaren 130. urtemugako ekitaldian

Ertzainekin izan diren istiluen harira «isildu» izana leporatu dio EH Bilduri. PSOE eta PP ere kritikatu ditu, azaleratu diren azken ustelkeria kasuak direla eta.

EAJren 130. urtemugako ekitaldian, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria eta Aitor Esteban EBBkoa, gaur, Bilbon, alderdikideekin. MIGUEL TOÑA / EFE
EAJren 130. urtemugako ekitaldian, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria eta Aitor Esteban EBBkoa, gaur, Bilbon, alderdikideekin. MIGUEL TOÑA / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko uztailaren 28a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJren sorreraren 130. urtemuga dela-eta, ekitaldia ondu du alderdi jelkideak Bilboko Albia lorategietan. EAJren EBB osoa eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan dira buru ekitaldian, eta alderdi jelkidearen bidea goratu dute erakundeetako dozenaka ordezkarirekin eta alderdikideekin batera. Aitor Esteban EBBko lehendakariak egungo egoerari buruzko bere interpretazioa plazaratu du, eta EAJren jarduna goretsi. Sabino Aranaren estatuaren oinpean lore eskaintza egin ostean hasi dute ekitaldia.

PSOE kritikatzeko, hizpide izan du Koldo auzia: «Oso larria da», eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak emandako azalpenak erantzun gabe dauden galdera asko sortu dituela erantsi du. PP kritikatzeko, berriz, Montoro auzia aipatu du, eta «izugarritzat» jo. 

Tarte zabalagoa hartu du azkenaldian Ertzaintzarekin izandako istiluez hitz egiteko; zuzenean EH Bildurekin lotu ditu, eta haiek kritikatu. «Isildu» izana egotzi die. 

Esan du Ertzaintza dela «erakunde preziatuenetako bat; harro baino harroago gaude gure Ertzaintzarekin». Elkarrekin lotu ditu maiatzetik hona Ertzaintzarekin izan diren hiru istiluak —Beasainen, Hernanin eta Azpeitian, denak Gipuzkoan— eta Hernaniko larunbateko pintaketa. «Zoritxarrez, probokazioak hortxe jarraituko du kalean. GKS txakurrez hitz egiten ari da; ezker abertzale erradikalaren argot zaharra da hori. Deshumanizazio hori ikusita, EH Bildu isilik. Beti izan diren integristen moduan jarduten ari da Bildu: bere ingurua, eta beste inor ere ez. Hor dago bion arteko aldea. EAJk eraiki egiten du; EH Bilduk, seinalatu. Gero herri akordioak eskatzen dituzte. Zer herri akordio, eraso egiten diozuen herri horrena?».

Hizpide izan du euskara ere. «Gure arima da», esan du, eta zera gehitu: «Euskararen erabilera politikoari ez».

Gogora ekarri du Sabino Aranak 1895ean EAJ sortu zuenean zein zen testuingurua. Euskal Herria herri migratzailea izan dela gogoratu du, eta euskal diasporaren lana goratu. Egungo egoerarekin lotu du. «Migrazio krisi» bat dagoela esan du, eta EAJk giza eskubideak defendatzen dituela: «Euskadi herri hartzailea» da, gaineratu du. Eta datozenekin batera «eraikitzen» segitu nahi dutela erantsi. «Herrigintzaren bidean jarraitu behar dugu, eta gure instituzio guztiak indartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.