Estebanek galdegin du Sekretu Ofizialen Legea gaurkotzea, «gure historiaren berri jakin ahal izateko»

Franco diktadorea hil zenetik 50 urte bete diren egunean, EAJko presidenteak esan du «hainbat gauza» ez direla azaldu, «isilpean» gorde direla, eta garaia dela «argi hitz egin behar dela ohartzeko».

EAJren EBBko presidente Aitor Esteban, gaur, Sabin Etxean. LUIS TEJIDO / EFE
EAJren EBBko presidente Aitor Esteban, gaur, Sabin Etxean. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2025eko azaroaren 20a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJko presidente Aitor Estebanek Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrenari lotutako adierazpenak egin ditu gaur Sabin Etxean, Bilbon, urteurren horren harira alderdiak egindako ekitaldian. «Belaunaldi oso bat» gogoratuz hasi da Esteban, «oso txarto pasatu zuen jendea, atzerrira joan behar izandakoak, hildakoak...». Jeltzaleen gidariaren hitzetan, aitortza egin behar zaio belaunaldi horri, besteak beste EAJko alderdikideei ere bai, «horma bat osatu zutelako gerran aurrena eta faxismoaren aurka gero, herri honen itxaropena eta demokraziaren argia piztu nahian».

Franco hil zen, baina ez zen hausturarik izan hark gidatzen zuen sistemarekin, Estebanek azaldu duenez; are, azpimarratu du horrek ondorioak izan dituela: «Urte askoan, zenbait gai ezin izan ziren jorratu. Gauza asko ahaztu egin behar izan ziren, eta ontzat eman, trantsizio hori bideratzeko».

Baina azaldu du egiturako zenbait osagaik bere hartan iraun zutela. «Asko harritu egiten dira orain, ikusita belaunaldi berrien arteko batzuek ontzat jotzen dutelako diktadura hura. Hainbat gauza ez dira azaldu, isilpean gorde dira, eta garaia da argi hitz egin behar dela ohartzeko». Baina, horretarako, historiaren berri jakin behar da, Estebanek nabarmendu duenez, eta, horren harira, gogora ekarri du frankismo garaiko Sekretu Ofizialen Legea indarrean dagoela oraindik ere. «Lege horrek, trantsizioan zer gertatu zen argitu beharrean, ilundu egiten du».

Juan Carlos Borboikoaren liburua

«Ez daiteke Juan Carlos Borboikoak kaleratu duen liburuaren bidez jakitea gure historiaren berri», erantsi du EAJko buruak. «Francoren ondorengoa izan zen hura, azken finean. Monarkia bera Francok ezarri zuen. Herriak jakin behar du benetan zer gertatu zen: sekretu ofizialen lege moderno bat osatzea merezi du, eta zer jazo zen agerian uztea».

«Herriak jakin behar du benetan zer gertatu zen: sekretu ofizialen lege moderno bat osatzea merezi du, eta zer jazo zen agerian uztea»

AITOR ESTEBAN EAJko presidentea

Horrez gain, eta aktualitate politikoari helduta, Estebanek eskaera bat egin dio Espainiako presidente Pedro Sanchezi. EAJko buruak nahi du Sanchezek ekitaldi bat antolatu dezala «konpromiso politikoa agertzeko» Gernikako Estatutua osatzeko gelditzen diren transferentziei begira: «Larria litzateke halakorik ez egitea, ez bailuke beteko bere inbestidurako akordioa». Estebanek eskatu duen «eszenaratze» hori aldebiko batzordean egin daiteke, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Sanchez bera han direla, baina oraindik ez dute egunik jarri batzar hori egiteko.

«Frankismoa ez da hil»

EH Bilduk ere mezuak helarazi ditu diktadorearen 50. urteurrenaren harira. Herri Batasunako hautetsi biren hilketaren urteurrena ere bada azaroaren 20a, Santi Brouard eta Josu Muguruzarena, eta haien omenezko ekitaldian aritu da Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea, Bilbon.

«Duela 50 urte hil zen Franco, baina frankismoa ez», esan du, hasteko. Urteetan «inpunitatea, errepresioa eta zapalkuntza» indarrean egon ostean iritsi zen Francoren heriotza, Urruzunok azaldu duenez: «Gaur esan dezakegu dena 'lotua eta ondo lotua' utzi zutela, eta Francoren oinordekoak benetako mehatxua direla oraindik gure herriarentzat».

«Gaur esan dezakegu dena 'lotua eta ondo lotua' utzi zutela, eta Francoren oinordekoak benetako mehatxua direla oraindik ere gure herriarentzat»

UNAI URRUZUNO EH Bilduko legebiltzarkidea

«Garai ilunetara» itzultzeko arriskua badago, EH Bilduko eledunaren arabera, eta horren adibide gisa aipatu ditu «gure kaleetan, erakundeetan eta sare sozialetan oldartzen diren faxistak». Hori dela eta, azken asteetan argi geratu da, Urrunoren ustez, «antifaxismoak erabateko gaurkotasuna duela eta beharrezkoa dela oraindik ere». Izan ere, Urruzunok ziurtatu du antifaxismoak «askapen nazional eta sozialaren forma» hartzen duela Euskal Herrian.

Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek ere Francoren heriotzaren 50. urteurrenari erreparatu dio gaur, Eusko Legebiltzarrean, eta aitortza egin «berrogei urtez diktaduraren aurka borrokatu ziren milaka gizon eta emakumeei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.