Franco hil zen eguna: poz ikaragarri handi bat, poz ikaragarri zuhur bat

Lau hamarkada iraun zuen diktadurak; horregatik, Franco hil zenean «poz eztanda bat» gertatu zen, garai ilun bat atzean uzteko esperantzak harrotuta. Baina kezka ere bazen, indar armatuek zer egingo ote zuten. Horrela oroitu dute BERRIAlagunek egun hura.

Franco hil zen egunean, xanpaina edanez ospatu zuen hilberria jende askok. BERRIA
Franco hil zen egunean, xanpaina edanez ospatu zuen hilberria jende askok. BERRIA
mikel p ansa
2025eko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete baino gehiago iraun zuen Francoren hil hurrenak, eta agoniazkoa izan zen azken hilabetea, 1975eko urriaren 15ean ospitaleratu, eta azaroaren 20ko goizaldean haren heriotzaren berri eman zuten bitarteko azken hilabete hura: irratiari, prentsari eta telebistari lotuta egon ziren herritarrak, eta iritsi zen hilberria azkenean, eta hustu ziren xanpain botilak, eta erre ziren puruak. Poz ikaragarri handi bat zabaldu zen herritar askoren bihotzetan, eta lau hamarkadaz eutsitako hasperenak askatu. Baina diktadorearen heriotzak zabaltzen zituen esperantza leiho guztien parean zeuden erregimenaren errezelak: indar armatuek egin zezaketenari buruzko kezka eta beldurra. Eta, horregatik, poz eztanda hura zuhurra ere izan zen. Beldurra ere bai baitzegoen oraindik; Franco bai, baina erregimena ez zelako akabatu oraindik. Eta batzu-batzuek negar ere egin ziotelako diktadoreari.

Franco hil zen egun hura nola bizi izan zuten galdetu die kazeta honek BERRIAlagunei, eta haietako 28k emandako lekukotzek josi dute testu hau. Franco hil zenean umeak ziren haietako asko, eta gehienek gogoan dute eskola egunak kendu zizkietela, eta horrek poza handitu, bistan denez. Osteguna zen azaroaren 20 hura, eta eskolak astebetez gelditu zituzten, dolu ofiziala ezarri baitzuen Espainiako Gobernuak. Ingurukoen poza ere gogoratzen dute orduko umeek. Libe Zubieta Beitiak 14 urte zituen, eta gogoan ditu gurasoak umeen gelan sartuta, jauzika eta oihuka: «'Hil da! Hil da! Hil da!'. Loteria tokatu izan balitzaigu moduan zelebratu genuen». Olatz Albisu Urmenetak 7 urte zituen garai hartan, eta hark ere gogoan du «etxekoen algara, leherketa bat bezalakoa», eta pasadizo jakin bat: «Nire aitak koleopteroak bildumatzen zituen, eta, egun hartan, mimo handiz, Francoren irudia orratzez zeharkatu, eta bertan disekatuta utzi zuen, kakalardoen artean». Mikel Fernandez Ganboak, berriz, etxekoak gogoratzen ditu xanpaina edanez eta «Gora Euskadi askatuta!» oihuka.

«Nire aitak koleopteroak bildumatzen zituen, eta, egun hartan, Francoren irudia orratzez zeharkatu, eta bertan 'disekatuta' utzi zuen, kakalardoen artean»

OLATZ ALBISU URMENETA

«Espainiarrak... Franco hil da». Carlos Arias Navarro Espainiako Gobernuko orduko presidenteak telebistan eman zuen berria, goizeko hamarrak aldera. Eta zuri-beltzeko irudi haiek eta Arias Navarro «zimel hura» ere ongi gogoan dauzkate denek. «Haren triste aurpegiak eta etxekoen algarak eta pozak sortzen zuten kontrastea» dauka gogoan, esaterako, Mirari Garmendia Otamendik; 6 urte zituen orduan. Itziar Silloniz Ozamizek ere gogoan du Arias Navarroren adierazpena, eta nola, hura aditu orduko, «jendea bibaka eta algaraka» hasi zen Deustuko Unibertsitatean (Bizkaia), han historia ikasten hasi berria baitzen Silloniz. Aurki, hilkutxa gisako bat atondu, eta prozesioan atera ziren ikasle batzuk, Adiós con el corazón kantatzen zutela. «Deustuko zubian behera bota zuten kutxa». Aise laburbildu du egun hura: «Bizkaian eta Gipuzkoan xanpaina amaitu zen lehenengo dolu egunetan. Zoriontsuak izan ginen».

«Bizkaian eta Gipuzkoan xanpaina amaitu zen lehenengo dolu egunetan. Zoriontsuak izan ginen»

ITZIAR SILLONIZ OZAMIZ

Garai hartan ikasle zirenek kontzientzia politiko handiagoz oroitzen dute Franco hil zen eguna. Aitor Etxeberriak ez du ahaztu Franco hil aurreko giro nahasia, bi hilabete eskas lehenago fusilatu baitzituzten Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak, eta eskolan, Derioko (Bizkaia) Resurreccion Maria de Azkue ikastetxean, greba ere egin baitzuten horregatik. Egun haiek «transistoreari itsatsita» pasatu zituzten, Franco noiz hilko. Horregatik gogoratzen ditu ongi Arias Navarroren «negarrak eta belarri luzeak» telebistako adierazpenean, eta zuri-beltzeko irudi haiek herritar askoren pozarekin sortzen zuten kontrastea: «Bihotza geneukan kolorez beteta!».

Errose Aurrekoetxea Gurtubaik, berriz, gogoratu du Igorreko institutuan (Bizkaia) batzar bat egin zutela ikasleek, manifestazioan joan zirela, eta gero Diman bazkaldu zutela; kontatu duenez, bazkalostean ikasle batzuek erre egin zuten udaletxeko balkoian haga erdian, doluz, jarria zegoen Espainiako bandera. Guardia Zibila agertu zen, eta, ikasleekin han zebiltzan bi irakasleri esker, ez omen zen handiagorik izan, haiek baretu baitzituzten poliziak. «Eta etxera alde egin genuen denok, barrutik pozik eta beldur apur batekin».

«Bat-batean, iruditu zitzaidan zama bat kendu zidatela gainetik. Eta negar egin nuen, emozioz, pozez, ilusioz...»

ARANTZA SAN SEBASTIAN MATEOS

Arantza San Sebastian Mateosek, berriz, azaldu du haien aita «diktaduraren kontrako aktibista zela» klandestinitatean, ama ere konprometitua, eta bera, 17 urterekin, hasia zela «borroka klandestino hartan laguntzen», ikurrinak eta propaganda zabalduz. Azaroaren 20an, jaiki orduko, gurasoek eman zieten berria: «Haiek ziren txaloak, bibak eta hurrak. Bat-batean, iruditu zitzaidan zama bat kendu zidatela gainetik. Eta negar egin nuen, emozioz, pozez, ilusioz... Nire inozentzian, uste nuen handik aurrera libre izango ginela». Iluntzean, familia salan bilduta, aitak erre egin zuen denbora askoan egun hartarako propio gordetako Montecristo puru bat, eta han egon ziren, telebista eta irratiak piztuta, «ideal eta amets politiko ederrenak hegan».

Mitxel Aizpuruak, berriz, gogoan dauka egun hartan herriko apaizari, Zumaikoari (Gipuzkoa), lagundu ziola Espainiako bandera zintzilikatzen haga erdian; izan ere, akolito ibiltzen zen Aizpurua. Haren gurasoak ez ziren «politikan sartzen», ez bazen seme-alabei gogorarazteko euskaraz egin behar zutela, gaztelaniarako joera hartzen ari ziren eta. Baina, «omertá politiko» haren erdian, azaroaren 20 hartan «zerbait handia» gertatu zela jabetu zen, «zerbait handia eta pozgarria. Orduan piztu zitzaidan kontzientzia politikoa niri». 12 urte zituen.

«Senarrak eta biok seme-alabengatik esaten genuen: hauek bizitza errazagoa izango dute, ziur»

KONTXITA BEITIA OIARBIDE

Ospakizun gehienak diskretuak izan ziren, zer gerta ere, baina kalean eta lantegi batzuetan ere ospatu zuten Francoren heriotza. Baita ikastola batzuetan ere. Kontxita Beitia Oiarbide Donostian andereño zebilen garai hartan, eta, eskolarik ez zen arren, umeak eta gurasoak ikastolako atarian elkartu ziren egun hartan, eta erabaki taberna batera gosaltzera joatea, irakasleak, gurasoak eta umeak elkarrekin. Eta gero ospakizunak etxeetan jarraitu zuen, bazkaritan, eta baita afaritan ere. «Hura zen alaitasuna. Zoragarria izan zen. Ilusioa geroan, hori zen dena!». Eta, batez ere, haurrak «poz-pozik» ikusita, senarrak eta biek zera esaten zuten: «Hauek bizitza errazagoa izango dute, ziur».

Juanjo Arrospidek gogoan du Donostian nolako poza zabaldu zen, eta jendeak Se va el caimán, se va el caimán kantatzen zuela. Akordatzen da aitonaz ere, telebistari begira Franco hilobian sartzen ikusi zuenean zera esan baitzuen: «Hortik ez haiz aterako». Baina oroitzapen askotan nahasten dira poza eta kezka, eta halaxe zehaztu du Arrospidek ere: «Aurrera begira, itxaropena eta kezka batera bizi ziren».

«Franco hilobian sartzen ikusi zuenean, aitonak zera esan zuen: 'Hortik ez haiz aterako'»

JUANJO ARROSPIDE

Iñigo Muñoa Arizmendiarrieta Eibarko (Gipuzkoa) STAR Bonifacio Echeverria arma lantegian aritzen zen garai hartan. Lanerako bidean, pentsatu zuen «ospatzeko eguna» zela hura: denda batera sartu, gazta, urdaiazpikoa, ogia, hiru xanpain botila eta pastel batzuk hartu, eta hamarretakoa egiten hasi ziren bulegoan. Gerentea azaldu zitzaien, «haserre»: guardia zibilak urduri zebiltzala, armekin «zaratak egiten». Beldur hori ere bazen, izan ere. «Azkenean ez zen ezer gertatu», eta arratsaldean parrandan jarraitu zuten herriko kaleetan. «Eta biharamunean, formal-formal lanera».

Kezka eta beldurra ere bai

Dena ez zen poza, halere. Etxe askotan beldur galanta zegoen oraindik ere. Francok eta frankismoak bai baitzituzten aldekoak. Jabier Altzorritz Lardiesek 14 urte zituen Franco hil zenean, eta Algortako Jose Maria Martinez de las Rivas kolegioan ikasten zuen, Getxon (Bizkaia). Gogoan du ikastetxeko zuzendariari Señor Avila deitzen ziotela, Mugimenduaren —falangisten organoaren— herrialdeko burua zela garai hartan, eta Avila jauna ikasgelaz ikasgela pasatu zela dolu ofizialaren berri emateko. Hura joan zenean, ikaskide batek, Francoren argazkia hormatik kendu, eta irakaslearen mahaiaren kontra txikitu zuen. Handik hamabost urtera, Altzorritzek Bizkaiko Foru Aldundiko gazteria eta kirol arloko bulegoan lanean ikusi zuen Avila jauna, «Garaikoetxea lehendakariaren irudiaren azpian».

Donostiako pasadizo batek ere erakusten du giroa zein tirabiratsua zen. Hil eta biharamunean, herri guztietan egin zizkioten hiletak diktadoreari; Donostian, Artzain Onaren katedralean egin zuten hileta elizkizuna, eta, Jacinto Argaia gotzaina Madrildik ezin iritsirik, gotzainaren laguntzaileak gidatu zuen meza, Jose Maria Setienek, gerora gotzain izango zenak. Homiliaren garaia heldu zenean, Setienek ez zuen ez Francoren izenik aipatu, ez haren egintzarik goratu, eta katedral betean «Kanpora!» oihu egin zuten zenbaitek, gaztelaniaz; orduan, istilua sortzen hasi zen. Autoritate militarrek eta gobernadore zibilak baretu zuten egoera, baina, meza bukatu eta gero ere, gotzaindegiko eraikin batean gorde behar izan zuen Setienek. Beste zenbait jendek Espainiako bandera bat zintzilikatu zuten gotzaindegiaren atarian, ez baitzuten Espainiako banderarik haga erdian jarrita.

«Etxean, hainbat egunez entzun genuen: 'Laster hilko da 'ogro beltza'; zuek ez komentatu etxetik kanpo ezer'»

KARMELE ARRIETA

Galdakaokoa (Bizkaia) da Karmele Arrieta, eta 15 urte zituen Franco hil zenean: «Etxean, hainbat egunez entzun genuen: 'Laster hilko da ogro beltza; zuek ez komentatu etxetik kanpo ezer'». Eta bai, hil zen, baina ezin erabat astindu beldurra: «Zuek ez komentatu ezer etxetik kanpo», esaten zieten Franco hil eta gero ere.

Izaskun Etxeberriak 10 urte zituen garai hartan, Altsasuko (Nafarroa) mojen kolegioan ikasten zuen, eta moja batek eman zien berria ikasleei, «hunkiturik». Ikasgelan bazituzten guardia zibilen bi alaba, eta herriko medikuaren alaba ere bai, eta negarrez hasi ziren haiek. Etxean, berriz, «ezer espliziturik» aipatu ez zuten arren, Etxeberriak antzeman zuen «lasaitu ederra» hartu zutela.

«Horrela ziren gauzak garai hartan: garaituen eta garaileen arteko bizikidetza faltsua eta isila zegoen»

AITOR ITURRIAGA BAKARTE

Aitor Iturriaga Bakarte unibertsitatean ikasten ari zen, Arrasatera (Gipuzkoa) itzuli zen egun haietan, eta, etxean, kezkati harrapatu zuen ama: «Gerra pasatutakoa zen, eta bazekien edozer gauza espero zitekeela ordu hartan». Etxeko atarte berean, gainera, bi familia frankista bizi ziren: «Gizon biak gerra Francorekin egindakoak. Horietako baten etxean, gerra garaian gorriei errekisatutako altzariak zituzten». Kontuak atera nolakoa zen giroa: «Horrela ziren gauzak garai hartan: garaituen eta garaileen arteko bizikidetza faltsua eta isila zegoen». Iturriagaren aita gudari izandakoa zen, Amaiur batailoiarekin borrokatutakoa: «Bost urte lehenago hila zen. Pena...».

Beste batzuk soldadu zeuden albistearen berri jakin zutenean. Tartean Klemente Arrue Lezeta: Loiolako (Donostia) kuartelean zen. «Garai hartan derrigorrezkoa zen soldadu joatea; kontraesan batean bizi ginen: Francoren kontra, eta haren armadan zerbitzatzen». Gogoan du azaroaren 20 hartan sarjentu batek agindu ziela Zetme metrailetei segurua kentzeko, erabili behar balituzte ere.

Gorka Jauregizuria Uribe-Etxeberria ere soldadu zegoen, baina Madrilen. Eta Francoren hiletan egotea egokitu zitzaion, Erorien Haranean. Akordatzen da kapitain batek oso estu hartzen zituela euskaldunak, eta «vasco-terrorista-de-la-ETA» deitzen zietela. Kuarteleko giro estu, itxi eta monotono hartan, ez dauka ahazteko Francoren azken asteetan militarrak zeinen larri ibili ziren, eta euskaldunek nola barre egiten zuten parte medikoetan «Francok kaka biguna egin du» eta antzekoak aditzen zituztenean. Diktadorea Erorien Haranean lurperatu zutenean, berriz, artilleriako denak eraman zituzten hara, kanoiekin salbak jotzera, eta han egon zen Jauregizuria, telebista monitore bati begira, «kanoikadak noiz bota gaztigatzeko».

«Gure antsietatea handitu egin zen egunak aurrera joan ahala. Eta gu giltzapetuta ginduzkan munstroa ez zen zulora joaten...»

IÑAKI GARTZIA ARANBARRI

Beste batzuek kartzelan jakin zuten Franco hila zela. Iñaki Gartzia Aranbarri 1969an epaitu zuen auzitegi militar batek, Burgosen (Espainia), eta 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Espainian kartzelatu zuten: Ocañan aurrena, eta Segovian gero. 1975eko urri erdian, Francoren egoera larriaren berri zabaltzen hasi zirenean, «ordu amaigabeak» pasatzen zituzten presoek 15:00etako albistegiaren zain. «Gure antsietatea handitu egin zen egunak aurrera joan ahala. Eta gu giltzapetuta ginduzkan munstroa ez zen zulora joaten...». Halako batean, kide bat ohartu zen kartzela ondoko militarren kuartelean bandera haga erdira jaitsi zutela, eta iritsi zela «hainbeste urtez» itxarondako eguna. Baina, segidan, kezka ere bai, ondoko militar horiek berak kartzelara sartu eta sarraski bat egingo ote zuten, eta euren buruak nola defenditu aztertzen ere ibili ziren. «Zorionez, garai hartako normaltasunaren barruan garatu zen egoera politikoa». 1977ko amnistiaren bitartez berreskuratu zuen askatasuna.

Hala igaro zen duela 50 urteko azaroaren 20 hura. Normalean, hilberriak ez dira ospatzen. Baina ez da egunero hiltzen diktadorerik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.