Faxistei batere tokirik utziko ez dietela nabarmentzeko protesta egin dute mila lagun inguruk Estellerrian (Nafarroa), Aritzala eta Abartzuza lotu dituen manifestazioan. Irmo ohartarazi dute hau: ideologia eta jokabide faxistak ez direla «ongi etorriak» eskualdean, eta ez dituztela bertan nahi, ez Lizarrerriko herrietan «eta ez beste inon». Suminez ozendu dute mezu hori, diotenez, ederki baitakite halakoek zer dakarten: hamar urte baino gehiago dira sekta ultrakatoliko bat zonara ailegatu zela, eta nabarmen hedatu da urteotan, Deierri, Gesalatz eta Abartzuza udalerrietan batez ere. Gainera, aurten, Anderatz eskola zaharra eta inguruko lurrak erosi ditu sekta horrek, eta bizilagunentzat hori izan da, hain zuzen, gainezka egiteko falta zen su tanta.Â
Herri Antifaxistak plataformak deituta hartu dute kalea herritarrek, eta, azken asteotan, Estellerriko hainbat eragile eta kulturgileren atxikimendua ere jaso du deialdiak. 11:00etarako hastekoa zen manifestazioa, Aritzalatik, eta, abiatzeko ordu laurden falta zenean, ehunka lagun ziren bertan, elurrak estalitako paisaiaz inguratuta, hasteko zain. Hain justu, ordurako esperoan ziren hamarretik gora guardia zibil ere. Zazpi polizia auto ekarri dituzte ingurua ikuskatzeko, eta manifestaziorako diseinatua zegoen ibilbidean barna ere beste hainbat agente izan dira; dozenaka bertaratu dira guztira, eta, ikuskatzen ez ezik, kontrolak egiten ere jardun dira martxa hasi aitzinean. Horma baten kontra paratzeko eta poltsikoak husteko eskatu diete zenbait herritarri.Â
Hamar bat minutuko atzerapenarekin, baina irmo abiatu da manifestazioa Aritzalako sarreran, joaldunen urratsei eta hotsei segika abiatu ere; hamar neska joaldun izan dira buru ibilbide osoan, harik eta Abartzuzako Foruen plazara ailegatu diren arte, protestaren leloa idatzirik zeukan pankartaren aitzinean:Â Ez Anderatzen, ez beste inon. Maestro Avila - faxistak kanpora!
Izan ere, herritarrek gogora ekarri dutenez, Maestro Avila izeneko fundazioarekin du ikustekoa Estellerrian zabaltzen ari den «sekta ultrakatoliko faxistak». 2009tik, fundazio horrek Gesalatz ibarreko Argiñano herrian du egoitza, eta haren burua —apaiz izandakoa— Eliza katolikoaren eskuin muturreko adar batekin lotua dago aspaldi. Egoitza hori ireki zutenetik, fundazioarekin loturiko jende gero eta gehiago azaldu da eskualdean; familia ugari dira, haur eta guzti. Izatez, protestaren antolatzaileek zabaldutako informazioaren arabera, dagoeneko 150 pertsona inguru daude sektan bilduta. Eskualdearen egoera demografikoa aintzat hartuta, asko da hori. Gesalatz ibarrekoa da adibiderik garbiena: Maestro Avila fundazioaren bueltako jendea bertako biztanleriaren %15 da.Â
Estellerriko bizilagunen arabera, sektako kideak aski sotil aritu dira urte luzez, diskretu antzean, baina, ohartarazi dutenez, aurten pauso nabarmenak eman dituzte zabalkundeari dagokionez —Ahoztar Zelaieta kazetariak eginiko ikerketak azaleratu ditu haietako hainbat—, eta asko beldur dira aurrerantzean zer-nolako bilakaera izanen duten. Besteak beste, otsailean, fundazioak Abartzuzako Anderatz eskola eta inguruko lurrak erosi zizkion Abartzuzako Udalari. Hain zuzen ere, manifestazioa lursail horien ondotik igaro denean jo dute goia protestarien oihuek: «Faxisten aurrean, defenda dezagun Anderatz!» aurrena, «Anderatz, herriarena!» gero. Beste pankarta bat ere zabaldu dute orduantxe. Faxistak kanpora zeukan idatzirik, eta, erdian, marrazki bat: deabru bat, ostikada batez Anderatz eraikinetik botea.Â

Eskola zaharra eskuratu zutenetik, sektako kide diren familietako haurrek han hartzen dituzte eskolak —ikasketok ez dute homologaziorik—, eta, Herri Antifaxistak plataformak zabaldutako informazioaren arabera, «balio matxista, klasista, arrazista, euskarafobo eta faxistak» irakasten dizkiete adingabeei. Izatez, lehendik ere hainbatetan salatu dute hau: sektaren bueltako haurrek ez dute harremanik beste haurrekin, eta jokamolde «bitxiak» dituzte beste herritarrekin.Â
Gero eta oldartuago
Gainera, hainbat tentsio egoera eta tirabira izan dira azkenaldian. Iragan uztailaren 28an izan izan horietako bat, hain zuzen ere Fernando Ros Amnistiaren Aldeko Mugimenduko militantearen heriotzaren urteurrenean. 1986an hil zen Ros, Hernanin (Gipuzkoa), erbesteratuen aldeko pankarta bat jartzen ari zelarik elektrokutatuta, eta, hura akorduan, urtero egiten diote omenaldia Abartzuzan, haren omenez paratua den monolitoaren inguruan. Oroitarri hori, ordea, Maestro Avila fundazioak erosi berri duen eraikinaren aldamenean dago, eta, aurtengo aldian, sekta ultrakatolikoko zenbait kide omenaldia oztopatzen ahalegindu ziren. Monolitora ailegatzeko gurutzatu beharreko zona fundazioaren lursailean dagoela argudiatuta, bidea hesitu zuten, bi barrikada paratuta, eta muzin egin zieten herritarren eskeei.
Guardia Zibila ere azaldu zen azkenerako: sektako kideei eman zien arrazoia, eta Rosen omenaldian parte hartzekoak zirenek ez zuten izan aurreikusia zutenaz bestelako bide bat hartu beste erremediorik. Are, herritarrek salatu dutenez, guardia zibilek mehatxu egin zieten hainbat laguni.
Autokritika eta alternatiba eske
Inguruko herritarren esanetan, egoera itogarria da jada, eta ez dira prest irtenbidea iristeko zain egoteko. Horretarako, baina, ezin bakarrik jardun: erantzukizunez jokatu dezatela eskatu diete erakunde publikoei. Besteak beste, Abartzuzako Udalari eskatu diote hitzetatik ekintzetara pasatzeko», eta onartzeko dagokion erantzukizuna. «Galdutako denbora berreskuratu behar da, eta, behin autokritika eginda, bada garaia alternatiben bilaketan aurrera egiteko», nabarmendu dute protestaren hondarrean irakurritako komunikatuan. Maestro Avila fundazioari Anderatz eskola saltzea ez ezik, urteetan utzikeriaz jardutea ere aurpegiratu diote udalari, izatez.Â
Dena dela, protestariek bereziki nabarmendu dute borrokan jarraitzeko borondatea, baita asmoa ere. Esan dutenez, manifestazioan bildutako jende andana Estellerriko «konpromiso antifaxistaren» erakusgarri izan da, bere horretan, eta adierazi dute aurrerantzean ere tinko arituko direla. Gainera, zabalago ere begiratu diote auziari. «Sektaren hedapena ez da gertakari bakana», zehaztu dute, eta azkenaldian indartzen ari den olde erreakzionario eta faxista jarri dute jomugan. Are gehiago, Francisco Francoren heriotzaren 50. urteurrena ere ekarri dute gogora, hain justu azpimarratzeko diktadura faxistako «ideologia eta egitura politikoek» bizirik irauten dutela. Maestro Avila sekta adibide. Â