Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten 2014ko ekainean Kontxi Bilbaok, Gorka Knorrek eta Juan Mari Atutxak, 2003an Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide zirela Sozialista Abertzaleak taldeak ez desegiteagatik jasotako zigorra dela eta. Hiru urtera heldu da epaia. Espainiako Estatuak euro bana ordaindu beharko die hirurei, kalte moralengatik —hala eskatu zuten—. Gainera, 600 euro pagatu beharko dizkie hirurei, auziko gastuengatik.
Epaileek aho batez hartu dute erabakia. Horien arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak hirurak zigortu zituen beren burua defendatzeko aukerarik eman gabe. 2008an Espainiako Auzitegi Gorenaren zigorra jaso zuten Atutxak, Bilbaok eta Knorrek: Mahaiko presidente ohi Atutxak urte eta erdiko kargugabetzea eta hemezortzi mila euroko isuna, eta lehen idazkari ohi Knorrek eta bigarren idazkari ohi Bilbaok urtebeteko kargugabetzea eta hamabina mila euroko isuna.
Batasunaren legez kanporatzearen ondorioz hasi zen Atutxa auzia: Gorenak Sozialista Abertzaleak desegiteko agindu zion Eusko Legebiltzarrari, baina horko Mahaiak ez zuen men egin, Gorenaren agindua legebiltzarraren araudiaren aurkakoa zela argudiatuta. Aginte judizialari desobeditzea egotzita zigortu zituzten.
Bidezko prozedura judizial bat izateko eskubideari helduta, Atutxa, Bilbao eta Knorrek helegitea aurkeztu zuten, eta Auzitegi Gorenari egotzi auzi juridikotik harago joan izana.
Auziak arrastoa utzi du jurisprudentzian. Izan ere, 2006ko abenduan, Espainiako Auzitegi Nazionalak Emilio Botin Santander bankuko presidentea zenaren kontra ahozko epaiketarik ez egitea erabaki zuen, herri akusazioaren eskaerarekin bakarrik ezin zela egin argudiatuta. Botin doktrina esan zioten irizpide horri. Atutxa, Knorr eta Bilbaoren kasuan, ordea, epaileek nahikotzat jo zuten herri akusazioak egitea eskaria hirurak epaitzeko, fiskalak hala eskatu ez bazuen ere. Atutxa doktrina esan izan diote beste jarrera horri.