Hamazazpi urteren ondoren, Espainiako Estatuak Patxi Lizaso Azkonobieta usurbildarraren errugabetasun printzipioa urratu zuela ebatzi du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. 1994ko ekainaren 5eko goizaldean atxilotu zuen Guardia Zibilak Lizaso. Inkomunikazio aldian zegoela, Gipuzkoako orduko gobernadore zibilak, Jose Maria Gurrutxagak, ETAren talde bateko kide izatea egotzi zion. Handik bi egunera, epaileak kargurik gabe libre utzi zuen, eta kalumniak egitea egotzita, Lizasok salaketa jarri zuen. Estrasburgon egoitza duen epaitegian amaitu du auziak, eta hark, «kalte moralagatik», Espainiako Estatua Lizasori 12.000 euroko isuna ordaintzera behartu du. Auziaren kostuak ere ordaindu beharko dizkio (7.446 euro).
1994ko ekainaren hasieran, hamazazpi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Baltasar Garzonen aginduz. Patxi Lizaso ekainaren 5ean atxilotu zuten. Ekainaren 8an, prentsaurrekoan, Jose Maria Gurrutxaga gobernadore zibilak adierazi zuen operazio hartan ETAren Kiruli talde «hiltzailea, kriminala, eta armatua» desegin zutela, eta «uste osoz» hiru atentatu egitea egotzi zion talde hari. Kazetarien galderei erantzunez, gobernadore zibilak komandoko bi kideetako bat Lizaso zela adierazi zuen. Adierazpenok telebista albistegietan eta komunikabideetan zabaldu ziren.
Hurrengo egunean, Garzonen aurrean deklaratu zuen Lizasok eta ekainaren 10ean kargurik gabe libre utzi zuen epaileak. Ez zen bakarra izan: atxilotuetatik hamar kargurik gabe libre utzi zituen epaileak —seik ez zuten deklaratu ere egin—, bi bermea ordainduta aske geratu ziren eta bost espetxeratu zituen. Bik salbu, atxilotu guztiek torturak salatu zituzten, baita Lizasok ere.
Urte hartako abenduan «kalumnia eta irainak egitea» egotzita, Lizasok salaketa jarri zuen Donostiako epaitegian gobernadore zibilaren aurka. Salaketak bide luzea egin behar izan du Espainiako justizia sistemaren barruan. 2007an, babes helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean, baina atzera bota zuen. Handik urtebetera Estrasburgora iritsi zen auzia.
Estrasburgoren argudioak
Auzitegiak arrazoi eman die Lizasoren abokatu Iñigo Iruinen eta Didier Rougeten tesiei. Aitortzen du inoren erruduntasuna frogatutzat eman aurretik estatuko ordezkariek eskubidea dutela prozedura judizialen berri emateko. Hala ere, errugabetasun printzipioa ez urratzeko atxilotu baten gaineko susmoen inguruko egoera ondo azaldu behar dela esaten du.
Kasu horretan, Estrasburgoko Auzitegiak adierazten du gobernadore zibilak ez zuela esan ustezko ETAko kide zela, ezta ikerketa poliziala amaitzeke zegoela ere. Aitzitik, auzitegiak gogorarazi du Gurrutxagak «uste osoa» adierazi zuela Lizaso Kiruli komandoko kide zela. Ildo beretik, Giza Eskubideen Auzitegiak gogorarazten du Lizasok epailearen aurrean deklaratu aurretik egin zituela Gurrutxagak adierazpenok, «haren aurkako zigor eskaerak irekitzeko» zeudela. Hala, auzitegiak ondorioztatu du prentsaurrekoko edukiak ez datozela bat errugabetasun printzipioaren errespetuarekin: «[Lizasoren] erruduntasuna sinetsaraztera bultzatzen du publikoa, eta gertaeren gain epaileek egin beharreko azterketa aldez aurretik egiten du».
Estrasburgok Espainia zigortu du, errugabetasun printzipioa urratzeagatik
Europako Giza Eskubideen auzitegiak ebatzi du Patxi Lizasori estatuak 12.000 euroko kalte-ordaina ematea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu